The Martian filmak arrakasta dexentekoa lortu du azken hilabeteotan. Meritu zinematografikoez aparte, jatorrizko eleberriaren tono zientifikoa nabarmendu dute askok. Estilo horretako zientzia fikzioa gustatzen bazaizu, Seveneves eleberria ere gustatuko zaizu akaso, Neal Stephenson-en lanik berriena.
The Martian-en Martera joandako espedizio bateko kideek pentsa baino lehenago utzi behar dute planeta, larrialdi batean, Lurrera itzultzeko. Deskuidoan, bizirik geratu da eta bakar bakarrik Marten astronauta bat. Printzipioz komunikaziorik gabe, baliabide murritzekin, baina ezaguera botanikoekin patatak ereitea lortzen du, eta bizirauten du. Gero botanista hori Martetik atera beste kontu bat da, eta hor ere orbitak, eta parametro zientifikoak sartzen dira tartean.
Gaur egungo unetik urte gutxitara bezala aurreikusia dago teknologiaren egoera The Martian-en. Eta antzeko ingurune tekniko bat daukagu Seveneves-en oinarrian. Gurea bezalako Lurra dirudi, zertxobait aurreratuagoa. Gaur egunean esperimentoetan ari diren Silicon Valleyko milioitsuen ekimen espazialak aurreratuagoak daude nobelan, eta asteroideen ustiaketan eta urrutiko orbitetan pentsatzen ari dira Bezos-moduko eta Musk-modukoak eleberri honetan.
Seveneves-en, The Martian-en bezala, larrialdiko egoera bat gertatzen da, eta superbibentziarako operazio teknikoki oso konplikatu bat antolatu behar da. Ustez parametro tekniko eta zientifiko zehatzetan azaltzen da hori. Desberdintasun nagusia da larrialdi egoeraren izaera: astronauta galdu bat planeta batean lehen liburuan, eta oraingo honetan munduaren akabera da koxka.
Hau ez da spoiler bat (horiek beherago, tartekitik aurrera), ze liburuaren lehen parrafoetan dago. "Agente" zehaztugabe batek Ilargia zartatzen du, eta hainbat pusketatan zatitzen da ilargia derrepentean. Zientzialariek kalkulu batzuk egiten dituzte, eta ondorio batera iristen dira: ilargiaren zatiek, orbitan, elkarrekin gero eta txoke gehiago egingo dituzte, harik eta miloika zatitan txikituko diren, eta era berean, zatien orbitak lurrera gerturatuko dira, eta bi urteren buruan, Lur guztia suntsituko duen meteorito zaparrada bat hasiko da. Hasi arte, bi urteko epea dago, baina behin hasita, milaka urte batzuk iraun ditzake zaparrada hilgarriak. Munduaren azalean ez da izango bizitza arrastorik irauteko modurik.
Egoera honen aurrean, Matt Damon salbatzea barik, gizateria salbatzea da koxka, eta Nazioarteko Espazio Estazioaren bertsio aurreratuago baten gainean horixe egiten saiatuko dira gizakiak. Ahal bezala jendea, eta bizitzari eusteko moduloak gehituz Estazio horri. Ilustrazio nagusi gisa goian gehitutakoak horren errepresentazio bat irudikatzen du.
Eta, zer? Lortuko dute. Bai. Eleberriaren parterik handiena bi urte horien kontakizuna da, baina une jakin batean, Lurrean meteorito euria hasten den unean ere, arrisku biziak daude Estazio Espazialaren inguruan eratu den komunitate hauskorrean.
Izatez mila edo bi mila pertsonako "gizateriari" bizi baten ordez, populazioa eta modulo espazialak minimo oso oso larri bateraino gutxitzen dira... baina tira, lortzen dute orbita babestu eta egonkor bat erdiestea, Ilargiaren posizioan geratu den asteroide egonkor batean.
Hortik aurrera, hurrengo kapituluaren izenburua oso adierazgarria da: 5.000 urte beranduago. Liburuaren azken laurdena edo etorkizun urrun horretan gertatzen da. Espazio Estazioaren ondorengoek aurrera egin ahal izan dute, eta espazioko zibilizazio oso bat eratu dute, Lurraren orbitan. Beheko irudiak eraikitzen dute makro-egitura horietako bat adierazten du_
Era berean, meteoritoen zaparrada kontrolatu ahal izan dute, eta ingeniaritza genetikoz, Lurra berriro "bizitzaz erein" ahal izan dute. Hala ere, oraindik ez dira hasi Lurraren kolonizazioan, eta, gainera, ematen du Lurrean bertan, beste modu batzuez bizirautea lortu zuten gizaki taldeak badaudela.
Bueno, puntu honetan, nire iritziz, eleberriaren "zientifikotasuna" dexente lausotzen da. 5.000 urte asko dira, jakina, aurreikuspenak egiteko, eta izatez, superbibentziaren atalasea nola doi-doi lortu zuten ere... une hori berori susmagarria da baita ere. Hala ere, Stephenson autoreak epilogoan eskertza zientifikoen zerrenda bat dauka, non kontu honen edo bestearen zientifikotasuna aholku-emaile desberdinei ematen dien.
Tira, akaso hau ere film bihurtuta ikusiko dugu.
Oraingoz ingelesez bakarrik argitaratu da Seveneves, ez gure erdara gertukoetan. Torrent-etan bilatuta, azkar aurkituko duzue ePub bat deskargatzeko.
Erantzun
Sartu