Teknologia albisteak

Eskozia, Euskal Herria eta Katalunia: bakoitzaren norabidearen alderaketa

Erabiltzailearen aurpegia
2015-10-28 : 08:25

Alternatiben Herria jardunaldiko puntu interesgarrienetako bat izan zen "Herrialdeei begirada bat, burujabetza sozialerantz" izenekoa, non atzerriko gonbidatuek (Eskoziatik Cat Boyd, eta Kataluniatik David Fernandez CUP-ekoak) hitz egin zuten Mario Zubiaga euskaldunarekin batera; kronika Mugikaria aplikazioan atera nuen duela bi egun, baina atzo Junts eta CUP taldeek adierazpen zuzen-zuzena kaleratu ondoren, hona ekartzea ere pentsatu dut.

Jule Goikoetxea irakaslea izan zen moderatzailea, eta introdukzio labur baten ondoren, egindako bi galdera zehatzen inguruan jardun zuten hizlariek. Galderak izan ziren:

  • Nola uztartu ardatz sozio-ekonomikoa eta nazionala independentzia prozesuetan?
  • Zein dira gaur eta hemendik aurrera dituzuen erronkak? zein helburu, eta zein estrategia?


Erantzunak lehenbizi batari eta gero besteari egin zituzten hizlariek, baina nik ez ditut hurrenkera horretan jarriko hemen, eta saiatuko naiz nire apunteetatik hizlari bakoitzarena laburbiltzen.

David Fernandez

CUPeko ordezkariaren iritziz, ezin dira aipaturiko ardatz horiek bereizi. " Ezin da herri libre eta justu bat eraiki, herritarrak ez badira libre. Subirautzak eta autodeterminazioak pluralean ulertzen ditugu guk", gehitu zuen, eta hiru subirautza aipatu zituen zehazki:

  • Subirautza nazionala, estatu etnofobiko baten aurrean.
  • Subirautza sozio-ekonomikoa merkatu oro-jaleen aurrean.
  • Subirautza herritarra, elite horien aurrean (eliteek herria enpresatzat hartu dute eta Gobernua administrazio kontseilutzat).


Une politikoari dagokionez, abagune honetan hiru krisi elkartu direla uste du Fernandezek: 1978koa, frankismoak inposatu zuen erreforma ereduarena; krisi sozio-ekonomiko bat (okerrena azken 40 urteetan), eta kapitalismo globalaren krisia. Horiek bat eginda, une honetan, "herri independente bat nahi izatea, herri desberdin bat nahi izatea da". Kritika internazionalista batzuk egin izan dizkiete, baina eurek argi dute independentzia estatu batengandik lortu nahi dutela, "ez herri batengandik".

Hemendik aurrera zer? Jardun politikoan, Katalunian hau gertatzea espero duela esan zuen Fernandezek:

  • Apurketa demokratikorako eskema bat
  • Prozesu konstituziogile bat
  • Independentzia, lortzen denean, helburua barik, abiapuntu bat izango da.

Bitartean, jakina, lana ere egingo du CUPek, mugimendu sozialen autonomia erabatekoa oinarri hartuta. Eta oinarri horietatik, politika aukertak egunero ere egin behar direla esan zuen: Eguneroko keinu eta hautuen politika, energia ez erostea edozein ekoizleri, banka etikoa, uko egin komunikabide batzuei, ez sartu Mercadona supermerkatuetan...

Cat Boyd

Bilbon bizi izan zen bi urtez Eskoziatik etorritako ordezkaria, eta euskarazko esalditxo bat irakurtzen ere ausartu zen. Gero, ingelesez poliki egin zuen, eta pixkat ulertzen dugunok eskertu genion hori. Eskoziako independentismoan izen nagusia SNP da, baina ez da horren aldeko mugimendu bakarra. Cat Boyd Radical Independence mugimenduan ibili zen erreferendumaren sasoian (2014an), eta orain, RISE alternatiba prestatzen dabil hurrengo hauteskunde eskoziarretarako, ezkerreko mugimendu independentista, SNPren monopolioa hautsi dezakeena. RISE jaiki da ingelesez, eta gainera, berba hauen akronimoa ere bai: Respect, Independence, Socialism, Enviromentalism.

Boyd bihurtu zen independentista, esan zigunez, ikusi zituenean Bagdaden gaineko bonbdardaketak, Blairren gobernu laboristak agindutakoak. Britainia Handian aldaketarako esperantzarik ezin ikusirik, Eskozian estatu independente bat sor daiteekeela uste du orain.

Independentziaren erreferendum kanpaina, 2014, une erabakigarritzat deskribatu zigun Boydek.  Ahalduntze eta erresistentzia konpzeptuak errotik, komunitateetan, nola berpiztu izan diren ikusi zuen, eta oso optimista azaltzen da aurrera begira. YES botoaren alde zeuden Radical Independence-koak, SNPkoak bezala, baina baiezko ofizialaren kanpaina izan bazen "baietz bozkatu, ez da ezer larria gertatuko", Boyd eta bere taldekoen mezua beste bat zen, "baietz bozkatu, eta dena aldatuko da". Hortaz, kanpaina hori, "auto-heziketa ariketa erraldoia" izan da Eskozian: "Orain politikoki esna dagoen populazio bat daukagu".

Mario Zubiaga

Euskal Herriko ordezkari gisa, Mario Zubiaga irakasleak, perspektiba historiko pixka bat eskaini zigun hasteko, geunden antolakundearen kontestuari begira. Izan ere, Alternatiben Herriaren antolatzaileak dira Eskubide Sozialen Karta, eta hori, funtsean, bi euskal sindikatu abertzale nagusiak aipatzea da: LAB eta ELA. Hain zuzen ere, 1995-1997 urteetan, bi sindikatu hauen arteko konbergentzia politikora iritsi zen Zubiaga: LABek eta ELAk konstatatu zuten Gernikako Estatutua hila zegoela, eta indar metaketak egin behar zirela, ez negoziaziorako baizik eta konfrontazio demokratikorako.

Horrek, ondoren, 1998-1999 inguruan politikan ere izan zuen isla (Lizarra-Garaziko akordioa eta garaia), eta saio hark guztiz ondo funtzionatu ez bazuen ere, orduan ereindakoaren emaitzak ikusten direla gaur esan zuen Zubiagak, "tartean borrokarako paradigma aldaketa sakona, mirestekoa", gertatu delarik, gainera.

Baina, kontestu honetatik aurrera zer? Kazetaritza fakultateko galdera-sorta sinpleekin kokatu zuen gaia Zubiagak. Hemendik aurrera...

  • Nola? eguneroko autodeterminatzea, erabaki politikoak hartzea de-facto.
  • Noiz? orain.
  • Zer? Estatua. Duela 20 urteko eskema haien agendan ez zen hain argi esaten, baina orain esan behar da.
  • Nork? orduan batasun sindikalak ekin zion, orain soberanismo alternatibo batek har dezake toki hori.

Tira, nik gehituko nuke, NON azaltzea falta izan zitzaiola, beste herrialdeetan argituta dago lurraldetasun kontzeptua, baina geurean...

(hiru hizlarien argazkia: @elikaherria)

Erantzun

Sartu