Teknologia albisteak

Uxue Barkosen agintaldia hastear dela, kazetari nafarren analisi bat

Erabiltzailearen aurpegia
2015-07-17 : 09:41

Duela egun batzuk mahainguru interesgarri bat izan zen Donostian. Hiru kazetari nafar mahaian, Juan Kruz Lakasta moderatzaile zela, eta Ivan Gimenez eta Joxerra Senar alboetan: Pamiela argitalatxearekin hauek argitatatu dituzten liburuak aurkeztea zen kontua, eta bide batez, Nafarroako egoera komentatzea. Mugikarian argitaratua egon da kronika hau egun batzuez, aurrerapen esklusibo gisa, eta orain hemen duzue.

Ivan Gimenez-en lanean (El Corralito Foral) 100 bat urteko historia luze bat aurkituko dugu, kazetari-kronika luzatu baten tankera, umore printzekin eta datu ugarirekin. Batzuetan anekdota direnak, baina sakontasun historikoa ere badutenak. Esate baterako, Sanferminetan gaudenez...

  • Zuriz janzteko ohitura hau? Iruñetik Baionara eta hainbat tokitara zabaldu den hori bera... La Veleta peña errepublika-zaleko 21 lagunek hasi zuten Espainiako 2. Errepublikaren garaian, 1930eko hamarkadan. Haietako batzuk fusilatu zituzten gerran, beste batzuk erbestera, espetxera... Nork du gogoan hau?
  • Edo txupinazoa. Duela gutxi arte udal webguneak 1940ko hamarkadako zinegotzi falangista batzuen asmakuntza gisa aurkezten zuena. Ba ez: Juanito Etxepare errepublikanoa izan zen lehena suziri bat botatzen uztailaren 6an, eta hura ere fusilatu egin zuten gerran.



Anekdotez gain, Nafarroako aginteko elite erregionalista nabarrista gotorraren erretratua dator Gimenezen liburuan. "Ez dugu subestimatu behar koiunturara egokitzeko duten gaitasuna", dio Gimenezek. "Foralismoa erabiltzen jakin dute, erosotasun legal eta fiskal batean egiteko negozioa, eta trukean, euskal nazionalismoaren kontrako horma bat eskaini diote Madrili." Hori adierazteko beste anekdota bat, Miguel Sanz-i Nafarroako presidente zela, "Cuestión de Estado jauna" deitzen ziotela Madrilen.

Elite hauen botere metaketaren, eta baita usteltze prozesuaren adibide bikaina, CAN kutxarekin gertatua. Horixe da gaia Joxerra Senarren liburuan,  'CAN: eta hemen ez da ezer gertatu' (gaztelaniara itzulita ere argitaratu du Pamielak). Hor ere, anekdota mamitsuak:

  • Direktibo eta agintaritxoentzako 22 helikoptero alokatuta Paris airetik ikusteko.
  • Dieten eskandalua
  • Nazioarteko hedapenean, Washingtonen egoitza Etxe Zuriaren kale berean, super-inaugurazio eta guzti, baina banku gisa jarduteko baimenik lortu gabe.


CANek eta beste instituzio batzuek, bereziki Miguel Sanz presidente zela, lana egin zuten bereziki langile-sektore jakin batzuk elite horretan sartzeko: UGT eta CCOO sindikatuak elite horretan kokatu zituzten 3 kazetariek mahainguruan. UGTri dagokionez, zehaztapena egin ziguten: non eta beste toki batzuetan "sozialisten sindikatu" gisa deskribatu daitekeen; Nafarroan alderantziz da, "UGTren alderdia da PSN". Era berean, CCOO eta Ezkerra plataformaren arteko loturak ere kontuan hartzekoak dira, eta Uxue Barkosek osatu nahi duen lau hankako gobernuaren politiketan horrek eraginen bat izango duela pronostikatu zuten.

Baina izatekotan, gutxienekoa izango da Ezkerraren kontu hori Uxue Barkosek osatuko duen lau taldeko gobernuan (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, Ezkerra). Diario de Navarraren indar mediatiko eta politikoarekin nola jokatu, adibidez, inportanteagoa izan daiteke, adibidez.

Funtsean, lehentasunak Nafarroako "erreskate sozialean" izango ditu gobernu horrek, eta naziotasunaren edo abertzaletasunaren aldetik, alor sinbolikoan urratsen batzuk gertatu badaitezke ere, ezingo da espero gauza handirik. Galdera gaizto bati erantzunez, Lakastak pronostikatu zuen Uxue Barkos izango dela Urkullu bezain epela edo epelagoa, izatekotan. "Agian Barkosek egingo du ahalegina zaldia ezkerregira joan ez dadin", gehitu zuen Joxerra Senarrek.

Hala ere, honen garrantzia bigarren maila batean dagoela argi azaldu zuten kazetariek: barne-gakoen arabera ulertu beharko da Nafarroako hurrengo lau urteetako politika, bereziki azken urteotako gobernu erregionalistekin kontrastean.

Erantzun

Sartu