Joxe Azurmendi filosofoak ireki zuen "Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian" mintegia Iruñean joan den ostegunean. Mugikaria aplikaziorako idatzi nituen bertatik pare bat kronika, aplikazioaren eduki esklusiboen atal berrian eduki pixkat emateko, baina orain, hementxe duzue irekian testu parea, Azurmendiri dagokiona jarraian eta suertatu zen eztabaida interesgarri bati buruzkoa bestea (geroxeago).
Nazioaren kontzeptu nazional eta politikoez jardun zuen Joxe Azurmendik, eta nola, bere iritziz, grekoen garaitik, nazioaren kontzeptu natural bat badagoen, eta hori nola gehiago lotzen den nazio kulturalarekin.
Nazio naturalaren ikuspegian, bestalde, hizkuntzaren oinarria funtsezkoa dela defenditu zuen. "Euskal Herriaren sinonimoa ez al da Euskal Nazioa?". Susmo hori duela esan zigun Azurmendik, baina irribarretxo batekin gehitu zuen, "seguru-seguru ere ez nago". Seguru ez dago, baina hori uste du, alegia. Hala ere, purismo eta garbizaletasun oro ere uxatu nahi izan zuen. "Gure tradizioan zenbat gauza datozen nahasketatik. Pluraltasuna elementu nazional funtsezkoa da beti." Eta nazio plural horren adibideak antzinate grekoan ere aurkitu ditu.
Sarrerako kontzeptu hauen ondoren, erredukzionismo batzuen salaketa egitera igaro zen Joxe Azurmendi. Batetik, nazio politikoaren eta kulturalaren arteko eztabaidan, "nazioaren kontzeptua zentzu politiko soilera murriztea oso arriskutsua iruditzen zait", ohartarazi du Azurmendik. Eta hori ilustratzeko pare bat aipu ekarri ditu hitzaldira, bat Joseba Arregi ex-jeltzalearena, bestea Rosa Diez UPYD alderdiaren sortzailearena.
Horra Rosa Diezena:
"Si no fuera trágica, la cosa sería cómica. Pero es trágico que el Presidente de un Gobierno democrático no sepa, a estas alturas, que no hay más nación política que la nación jurídica. Que es la ley la que hace nación, no el sentimiento identitario, ni la lengua, ni el folklore, ni los atavismos históricos más o menos consistentes o inventados."
Ikuspegi horren aurrean dio Azurmendik: "Euskaldun nintzen hiritar izan baino lehen. Hiritar bihurtu gintuzten gero, eta hiritar izate horrek ukatu egitren du herritarra. Batzuek [sektore abertzale batzuek apika], nahiago due hiritartasun hori ezabatu, bere azpiko herritartasun/euskalduntasuna salbatzeko, gainetik beste hiritartasun bat eraikiz".
Historiak egin du bidea, eta tragikoa suertatu da hori guretzat. Nazioa estatuaren sinonimo izatera iritsi da, eta "estaturik gabeko estatuentzat tragikoa izan da hori. Nortasuna galduz joan dira, identitate nazionala lurmenduz joan zaigu."
Euskaldunon posizioa, ataka historiko honetan, tristeki deskribatu zuen Azurmendik. "Gu gara nazio bat, nazio ere ez garena; nazio bat total desegina, eta ez gure kulparik gabe. Ez da dena Madrildik edo Paristik etorria; modernitatean ez baitugu jakin sartzen. Ez gara izan ginena, eta ez gara iritsi ezer berria izatera". Esteban Garibai 16. mendeko historialariaren arima bezala, ez zeru eta ez infernu geratu gara, linboan (Garibairen anekdota bitxi hori kontatu du Azurmendik, bai, apaiz izana da eta jakingo du ondo).
Hitzaldia amaitu zuen Azurmendik beste erredukzionismo bat salatuz. Eta horretarako bide eman zion artikulu batek, duela gutxi Jule Goikoetxea politologoak Berrian argitaratu zuena: Euskaldun egiten gaituena.
Probokazio bat dela onartuz, "probokazioak zakurra esnatu duela", ohartarazi zuen, Eta salatu zuen artikulu horretan blausta botatzen dena, "euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala. Subalternitateak egiten gaitu euskaldun, batetik, eta emakume, bestetik."
Praktika politikoari dagokionez, egia da subalternoak identifikatzeko esentzialismo pragmatikora jo behar dela: «Ni eta zu subalternoak gara; hortaz, berdinak gara» baina subalternitatea, emakume edo euskaldun izate hori ez da eratortzen esentzia bat dagoelako emakume edo euskaldun egiten gaituena: bagina edukitzea ez da emakume egiten gaituena, eta euskara edukitzea ez da euskaldun egiten gaituena.
Azurmendik ukatu egiten du blausta "subalternitatea esentzia platoniko berri bat" denik, eta nortasuna gauza konplexua dela baiesteko, beste ezespen gogor hori ("euskarak ez gaituela euskaldun egiten"), hori egin beharrik ez dagoela esan zigun. Puntu honetan, hitzaldia amaitzear, erredukzionismo hau beste era bateko erredukzionismoarekin konparatu zuen Azurmendik: erredukzionismo ekonomikoarekin. Euskal nortasuna kontzertu ekonomikoa dela entzun izan dugu, eta 19. mendean ere, nortasuna foruekin lotzeko joera liberala egon zen.
Galderen txanda ireki zen, baina inork ez zuen hitzik hartu. Jule Goikoetxea ere aretoan zegoen, eta kafearen orduan Azurmendirekin adeitsuki aritu zen. Arratsaldez, "subalternitatearen" bere ikuspegia desitxuratu egin dela aipatu zuen mahainguru batean (kontu honetarako minutu bat hartuz), eta termino aukeraketa horren defentsa egin zuen.
Erantzun
Sartu