Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriagak euskarazko kultur garaikidearen proposamen berrienak aurkeztuko ditu bere hirugarren edizioan, urriaren 18tik 27ra bitartean. Loraldiaren esperientzia Zaratamo eta Arrigorriagara hurbiltzen den ekimen honetan aurtengo edizioan askotariko proposamenak izango dira: musika, dantza, literatura, kabareta, besteak beste. Loraldian ohikoa den bezala, sortzaile erreferenteak eta figura berriak izango ditugu. Besteak beste, Maite Larburu, Jon Maia, Andoni Mutiloa, Maddi Oihenart, Mitxel Etxekopar. Eta bi herrietako sortzaileek parte hartuko dute programazioan baita ere.
Loraldia Plaza Zaratamo Arrigorriaga kultur jaialdiaren 3. edizioa aurkeztu da. Zaratamo eta Arrigorriagako Udalek sustatuta, Loraldiak antolatzen du, Bilboko festibaleko eredua hona ekarriz; eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Laboral Kutxa dira babesleak.
Aurreko esperientzietatik abiatuta, helburuak euskal kultur garaikidearen proposamen berritzaileak bi herrietara hurbiltzea; euskarazko kultur sormenari ikusgarritasuna eskaintzea; eta bi herrietako sortzaileei eta artistei ekimenean parte hartzeko aukera eskaintzea dira. Aurreko bi edizioak arrakastatsuak izan ziren eta hirugarren honetan berriro ere kultur adierazpen ezberdinak izango dira hizpide: tankera eta estilo ezberdineko musika eta dantza proposamenak, kabareta, poesia, literatura eta dastaketa bat.
Gure kulturako sortzaile erreferenteak izango dira programazioan eta baita artista eta sortzaile gazte eta berriak. Guztira, zazpi egunetako programazioa ondu da, bi herri hauentzako bereziki prestatutako proposamenak direla.
Zaratamon emango diogu hasiera aurtengo edizioari, urriaren 18 eta 19an, bi proposamen berritzaileekin. Eta urriaren 23tik 27ra Arrigorriagara egingo du jauzia Loraldia Plazak. Emanaldiak bi herrietako gune eta espazio ezberdinetan burutuko dira.
Ohi bezala, euskaraz sortutako kulturaren erreferenteek eta eszenako artista berriek hartuko dute parte. Aurtengo edizioan 50 sortzaile eta artista baino gehiagok hartuko du parte programazioan eta proposamenak anitzak izango dira.
Hirugarren edizio honetan Loraldia Plaza Zaratamon hasiko da lehen asteburuan.
Urriaren 18an Maite Larburu eta bere musikariek “Krak” lana aurkeztuko dute Zaratamoko Kultur Aretoan. Emanaldi honetan gobidatu nabarmen bat izango dugu: Arrigorriagako Artizarra Abesbatza. Adin guztietako kantariz osaturiko abesbatz honek Maite Larbururen “Loti (herrena)” kanta moldatuko du. Gustuko kanta dute eta orain aukera izango dute egilearekin batera eszenan kantatzeko.
Eta hurrengo egunean, urriaren 19an, Jon Maiak emanaldi berezi bat eskainiko du Arkotxako eleizan, Gorka Hermosa eta Pello Ramirez lagun izango dituela oholtzan. Arkotxa: Lorcatik Lauaxetara hitzaldi performatibo eta musikatua eskainiko digu.
Federico Garcia Lorca eta Esteban Urkiaga “Lauaxeta” bi poeta ikonikoen eta bakoitza bere kulturaren eta hizkuntzaren ordezkari direnen irudi eta hitzetan oinarritutako emanaldia izango da.
Eta hurrengo astean Arrigorriagan izango da Loraldia Plazaren deialdia.
Urriaren 23an bailarako sortzailea den Karlos Aretxabaletak, “Txapel”ek, idatzitako “Izarrak eta Haitzak” liburua abiapuntu, liburuaren diziplina anitzeko ekinaldi bat plazaratuko dugu, Izar eta haitz artean.
Egitasmo honek hainbat sormen uztartuko ditu. Liburuaren gaiak eta pasarteak berrinterpretatzeko gogoarekin sortutako sormenak, alegia. Bertsolaritza, teatroa, musika, kirola… arloak jorratu dituzte ekitaldira gonbidatutakoek, horietako asko Arrigorriagakoak izanik.
Urriaren 24an dantza garaikidea izango dugu protagonista Abusuko Kultur Zentroan. Haatik dantza konpainiak Lau eme lana eskainiko digu. Emakume erdigunean jartzen duen dantza ikuskizuna da. Sormenak emakumeei ematen die ikusgarritasuna eta urteetan zehar haien ahalduntzea lortzeko bidean egin behar izan duten borroka agertzen du.
Eta ostiralean Lonbo aretoan musika emanaldi berezia izango dugu, Xiberoa kantuz loraturik. Loraldiaren produkzio propioa da lan hau eta Zuberoako lehen mailako sortzaile erreferenteek parte hartzen dute: Maddi Oihenart, Beñat Achiary, Ihitz Iriart, Julen Achiary eta Mixel Etxekopar, besteak beste.
Zuberoako kantu tradizionala ikuspegi garaikidez blaiturik eszenaratzen duen ikuskaria dugu “Xiberoa Kantuz Loraturik”.
Urriaren 26an, larunbatarekin, hitzordu bikoitza proposatzen dugu.
Lehenengoan, musika izango dugu protagonista baita ere, baina honetan beste tankera batean. Andoni Mutiloak Nire fantasia kabareta aurkeztuko digu. Bere azken lan hau “kontzertu itxura duen kabaret bat” da. Pertsona bakarreko kabareta. Andoni Mutiloa bera da bakarra eszenan eta haren txikitako ametsak ditu abiapuntu.
Eta horren ondoren Arrigorriagako Udaletxeko Plaza eszenatoki bilakatuko dugu: Kresala dantza taldeak Aztarnak. Mihise gaineko dantza koreografia eskainiko du.
Harmar dantzarik mihise zuri baten gainean dantza egingo dute eta sortutako keinuaren eta aztarnaren bidez mihisea lohituko dute. Dantza eta arte plastikoak uztartzen dituen ikuskizun ikusgarria. Ekintza perfomatiboa da eta honen bidez euskal dantzaren praktika artistikoa arte plastikoarekin bateratzen da.
Urriaren 27an, igandean, Loraldia Plaza Zaratamo Arrigorriaga jaialdiko hirugarren edizioa agurtuko dugu, honetan ere bi hitzordu izango ditugula.
Hasteko, Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak Odola kantari. Euskal kantugintzaren Tregepedia lana ezsenaratuko dute. Hitzaldi-musikatuaren fomatuan, idazlea (Unai Elorriaga) eta musikaria (Josu Aurrekoetxea) arituko dira hainbat testuak aztertzen eta kantatzen. Ezusteak ere izango dira. Orain arte anonimotzat hartzen zen kantu baten egilea deskubrituko dute. Ikus-entzunezkoek lagunduko dute kantuen ñabardurak ikusarazten. Ikuskizun dibertigarria, dinamikoa eta oso erakargarria da. Kultur transmisioan ezinbestekoa.
Eta ondoren, Biba ardoak ardo dastaketarekin aguer esango diogu aurtengo Loraldia Plazaren edizioari. Euskal Herriari itzulia egingo diogu bost ardoen bidez. Honetan bidelagun Euskal Herri osoko 17 upategi txiki ekologikoek sorturiko Biba Ardoak kooperatibako kideak izango ditugu.
Sarrerak
Ekintzetarako sarrerak salmentan daude dagoeneko, sarrerak.loraldia.eus webgunean.
Erantzun
Sartu