Euskarazko sormen digitaleko proiektu bat garatzeko aukera eskaintzen du deialdiak hirugarren edizioan. Urriaren 18ra arte jasoko dira proposamenak eta 10.000€ko ordainsaria izango du. Deialdi honen xedeak bi dira: euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea, alde batetik; eta bestetik, ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea. Lehenengo edizioa 2022an izan zen eta 16 proiektu aurkeztu ziren deialdira. Bigarren edizioan, 2023an, 19 proiektu aurkeztu ziren.
Loraldiak euskarazko sormen digital beka baterako deialdia aurkeztu du hirugarren urtez. Ekimen honen helburuak euskarazko sormen digitalak sustatzea eta ingurune digitalean euskarazko egitasmoek presentzia izatea dira. Proposamenak aurkezteko epea hasi da eta urriaren 18ra arte zabalik iraungo du.
Bekak 10.000€ko ordainsaria izango du eta onuradunak urte beteko epea izango du proiektua gauzatzeko.
Loraldiak hirugarren urtez aurkezten du sormen beka honen deialdia. Aurreko urtetan bezala, kultur sorkuntzaren barruan arlo guztiak onargarriak izango dira: musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, dantza, komikigintza, bertsolaritza, gastronomia, rol jokoak, Interneteko baliabideak, audioa … Aurkez daitekeen proposamena diziplina bat edota diziplinen arteko uztarketa izan daiteke.
Hirugarren edizio honen onuraduna zein izango den azaroaren 14an iragarriko du Loraldiak. Eta 2025an zehar proiektua gauzatzeko epea izango du.
Proiektu berri hau ingurune digitalean gauzatu behar bada ere, aukera dago esparru analogiko eta fisikoan ere emanaldi batean gauzatzeko. Horretarako aukerarik sortzekotan, Loraldia festibalean aurkeztuko litzateke.
Bekaren eskaria eta proposamenen aurkezpena banaka edo taldeka egin daiteke eta Loraldiaren webgunean ezarrita dago prozedura.
Urriaren 18ra arte jasoko dira proposamenak eta epaimahai profesional batek aukeratuko du zein izango den bekaren onuraduna.
Behin erabakia hartuta, bekadunak urte bateko epea izango du lana garatzeko. 2026eko Loraldia Festibalean aurkeztuko da emaitza.
Beka honen lehen edizioan EHUko irakasle talde batek sortutako Gorputza atzean utzi egitasmoak irabazi zuen eta 2024ko martxoan, Loraldia Festibalaren hamargarren edizioan, aurkeztu zen.
Gorputza atzean utzi egitasmoaren arduradunak EHU-UPVko irakasle talde bat da: Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oyarzabal eta Patxi Azpillaga.
Formatu artistiko anitzak uztartzen ditu eta bakoitzak dimentsio desberdina ematen dio ohiko fisikotasuna gaindituko duen gorputzari, bai ahotsa eta literaturarekin, bai soinu eta irudi digitalarekin. Hari narratiboa Katixa Agirrek idatzi du gorputza eta posthumanismoaren inguruan.
Proiektua zuzeneko lan performatibo batez, sare sozialetako edukiez eta YouTubeko zazpi kapituludun serie batez osatuta dago.
Bigarren edizioari dagokionez, Hitzaurrea proiektuak irabazi zuen deialdia.
Hitzaurrea egitasmoaren atzean Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak daude, eta Irati Agirreazkuenaga, Xabier Landabidea, Eneko Olazabal eta Mikel Ayllon dira taldekideak.
Bizi dugun garaiaren inguruko hausnarketa egitea du helburu Hitzaurreak: aldaketa digital eta teknologikoen aurrean poszionamendu eraikitzaile bat sortzeko.
Horrela, teknologia erabiliko da gauzak elkarrekin egin ahal izateko, kalera irteteko, inguru hurbila esploratzeko (ez isolatzeko), tele-jardunerako eta arreta gure inguru hurbiletik arreta-gune globaletara bideratzeko. Teknologia gizakiaren protesia da, eta giza-agentziaren luzapen moduan dator planteamendu honetan; ez du gizakia baldintzatzen, areagotu egiten du.
Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldeak aspalditik dabiltza fikzioaren eta hiperfikzioaren aukerak ikertzeko lanean, eta teknologia digitalek gure egunerokoan esku hartzeko eskaintzen dizkiguten zirrikituak arakatzen jarraitzeko asmoa dute, teknologiaren eta mundu digitalaren aurrerabidea geldiezina baita.
Errealitatea beste bat da orain, makina eta gizakien arteko muga gero eta lausoagoekin, errealitate analogiko eta digitalaren arteko nahasketarekin. Eta oraina ulertzea da etorkizun bat izateko modu bakarra.
Izan ere, etorkizuna gaur gertatzen ari da.
Mundu digitalean habiratuko den istorio bat sortuko dute eta istorio horren euskarri nagusia soinua izango da. Baina tresna digital horrek mundu analogikoan barrena eramango gaitu.
Istorioaren atal bakoitzaren amaieran, entzuleak bi aukeraren artean hautatu beharko du. Abiapuntu jakin batetik, bide bat edo beste hartuko du jokalariak bidaia bat sortzeko. Bidaia horretan, etxetik kalera ateratzeko gonbita jasoko du. Kontakizunak jokalaria bere herrian barrena eramango du. Normalean ikusten eta entzuten ditugun lekuetara joango gara, baina soinu-fikzioaren geruza erantsiari esker, gure begi-belarriek beste errealitate bat ikus-entzungo dute.
Proiektuaren sormen prozesuamartxan dago eta esperimentaziorako eta ikerketarako aukera sortu du. 2025eko martxoan, Loraldia festibalaren 11. edizioan, emaitza aurkeztuko dugu.
Erantzun
Sartu