Iaz egin zuen salaketa herritar batek (Ana Morales itzultzaileak) Bilboko kale izendegian absurdo bat gertatzen zela: Gaztelaniaz, Avenida de las Cargueras eta Calle de las Galleteras zirenak euskaraz zirela Galletagin Etorbidea eta Zamaketarikalea, genero markarik gabe. Sustatun ere kontatu genuen. Urtebeteren buruan, Moralesen erreibindikazioak egin du aurrera. Atzo onartu zuen Bilboko udalbatzak proposamena emakumeen ogibideekin lotura duten kaleen izenak zuzentzeko, emakumeen aipua egiteko Emakume Gailetaginen Etorbidean, Emakume Zamaketarien Kalean eta Emakume Zirgarien Kaian.
Ana Moralesek kontatu du Mastodonen, non bera Gailetagilearen alaba den, hain zuzen.
"2024ko martxoan kontatu nuen afera bat neukala Bilboko Udalarekin, kale izen batzuen inguruan. Zehazki, emakumeak omendu nahi omen zituzten bi kaleren izenen euskarazko bertsioekin. Gaztelaniaz kaleok "Avenida de las galleteras" eta "Calle de las cargueras" ziren, eta, euskaraz, berriz, "Galletagin etorbidea" eta "Zamaketari kalea". Euskarazko bertsioetan, bistan denez, ez dago omenduen generoen arrastorik, euskaraz genero morfemarik ez dagoelako. Beraz, udalari eskatu nion izenok zuzentzeko.
Euskara Zerbitzuak erantzun zidan Euskaltzaindiaren eskuliburuari jarraituz bataiatu zituztela kaleok, eta ez zutela ezer aldatuko.Hortik abiatu zen gutunen kate luze bat, nire ustez agerikoa zen akats bat zuzentzeko: berriz idatzi nion Euskara Zerbitzuari (hasierako erantzun bera eman zidan), Udal Batzako alderdi politiko guztiei,Udaleko Berdintasun Sailari, Emakunderi, Arartekoari eta Eusko Legebiltzarreko Berdintasun eta Garapenerako Lankidetza Batzordeari, azken honi agerraldia eskatzeko.
Bada, gaur pozik esan dezaket Bilboko Udalaren osoko bilkuran EHBilduk mozio bat aurkeztu duela bi kale horien izenak eta emakumeak omentzen baina ezkutatzen dituzten gainerako guztiak aldatzeko, baliabide lexikalen bidez (ad. "andre zamaketariak", "andre gailetaginak") ikusgai jartzeko.
Mozioak aurrera egin du alderdi guztien aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin.
Eskerrik bihotzekoenak eman nahi dizkiot lehendabizi EHBilduko Oihana Etxebarrietari, nire eskaria aintzat hartu eta nirekin harremanetan jartzeagatik, eta EHBilduko Garazi Perea zinegotziari, Bilboko Udalaren osoko bilkuran mozioa aurkeztu eta defendatzeagatik. Bakarrik ezin, lagunekin bai. (Eskerrik asko, halaber, ETBko "Egun on" saioko kideei eta Euskadi Irratiko kideei).
Gaur oso zoriontsua naiz, eta gure ama galletagina ere oso zoriontsua litzateke (bere ipuin kutuneko bat David eta Goliatena zen!). Topa zugatik, ama,andre galletaginik ederrena eta irribarretsuena)."
Argazkia: Emakume zirgarien monumentua, Dora Salazarrena (Wikimedia Comnons cc-by-sa: Ziharae). Oharra: Monumentu hau Uribitarteko kaian dago, Guggenheim museotik gertu, eta berez Emakume Zirgarien kaia beste bat da, Olabeagan dago.
Erantzun
Sartu