Gure Zirkua eta bertako langile eta artistak protagonista dituen jolas eta denbora-pasa koadernoa argitaratu du Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak: Gure Zirkua. 8 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago eta Ane Aierbe eta Uxue Urdangarin irakasleek sortu dute, Gure Zirkuko kideen babes eta laguntzarekin.
Argitalpenak denbora-pasak, zenbaki- eta letra-jolasak, asmakizunak, marrazkiak, eskulanak eta beste hamaika jarduera biltzen ditu, denak ere Gure Zirkuaren bueltan. Euskal Herrian sorturiko zirku ibiltari euskalduna da koadernoaren ardatza. Haurrek Gure Zirkuaren familia osatzen duten kideak ezagutuko dituzte eta topaleku duten zirkuaren ezkutuko txoko guztiak arakatu eta deskubrituko dituzte.
Ane Aierbe eta Uxue Urdangarin irakasleek sortu dute koadernoa. Lehen Hezkuntzako irakasleak dira biak, eta ikasleentzako materiala sortzen ari zirela otu zitzaien koaderno hau osatzea, duela urte eta erdi inguru, ETBn "Gure Zirkua heldu da" saioa ematen ari zirela. "Sare sozialen bidez Gure Zirkuko lagunei eskuartean genuena erakutsi eta asko gustatu zitzaien; haiek hauspotuta egin genuen aurrera", azaldu du Uxue Urdangarinek.
Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko editoreen laguntzarekin lana biribildu eta Gorka Aranbururen marrazkiekin eta Juanan Dorronsororen argazkiekin argitaratu berri da Gure Zirkua koadernoa.
Euskal Herriko liburudenda eta ohiko salmenta-puntuetan eskuratu daiteke Gure Zirkua jolas eta denbora-pasa koadernoa.
Erantzun
Sartu