Teknologia albisteak

"Loraldia" jaialdiaren 4. edizioa aurkeztu da: 30 kultur hitzordu 22 egunetan

Erabiltzailearen aurpegia
2018-02-20 : 12:45

Atzo aurkeztu zen Bilboko Azkuna Zentroan Loraldia festibalaren laugarren edizioa, Lau sormen-haizetara lema pean. Festibalak 30 kultur hitzordu proposatzen ditu, euskal kulturaren berritzaileenak. Aurten 22 egunetan zehar luzatuko da, martxoaren 5a eta 26a bitartean. Tartean, diziplina artistiko guztiak, lau produkzio berri eta erabateko estreinaldiak eskainiko ditu, horietako batzuk berriro errepikatuko ez direnak, gainera. Edizio honetako festibala Bilboko 20 gune ezberdinetan gauzatuko da, inoiz baino espazio gehiago bereganatu dituela. 

Loraldiaren aurtengo edizioa martxoaren 5ean hasiko da, euskal kantagintzari buruzko mintegi batekin; bukaera martxoaren 26an izango da, mintegi honen azken saioarekin. Eta bien bitartean, kultur sormenaren plaza bilakatuko da Loraldia festibala 22 egunetan zehar. Aurten diziplina artistiko guztiek lekua izango dute, formatu berritzaileak, inoiz baino egoitza gehiagotan eta ekoizpen propio eta estreinaldi handiak izango ditu festibalak. Guztira, ia 200 artistek parte hartuko dute jaialdi honetan.

Loraldia Elkartearen ildo estrategikoetan kokatu bezala, euskal kultur industria suspertzea eta sortzaileak ikusgarri jartzea ditu xede. Eta horretara zuzenduta dago prestatutako egitaraua.

Jaialdirako guneak, esan bezala, 20 bat izango dira eta aurten espazio berriak bereganatu ditu festibalak: Arriaga Antzokia, Campos Antzokia, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, BIRA! Kultura Bilbao, Elkar Dendak, BBK Sala, La Fundición, Bilborock, Kafe Antzokia, Sarean, Ardoonak Sherry denda, Café Bilbao eta Basquery tabernak.

Aurtengo lema eta arloak

Lau sormen-haizetara da aurtengo festibalerako aukeratu den lema eta Loraldian gertatuko denaren erakusle da. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Aurtengo edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema eta bertsolaritzaz gain, gastronomiak eta arteak lekua izango dute.

Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira eta egun hauetan zehar disko, teatro lan eta beste ekintza batzuen estreinaldiak izango ditugu. Izan ere, horietako batzuk Loraldian baino ez dira egingo eta ez dira berriro errepikatuko. Loraldia festibalak zortzi kultur arlo landuko ditu aurten: antzerkia, dantza, musika, literatura, bertsolaritza, zinema, artea eta gastronomia. Gainera, ikuskizun eta ekintza gehienak ezin ditugu kokatu arlo zehatz eta bakarrean eta sarritan batu eta nahastu egiten dira hainbat ikuspegi ezberdin ekintza berdinean.

Imanol Agirrek azaldu duenez, “Bilbok kanpora begiratzen du maiz azkenaldian, baina laugarren Loraldiak barrura begiratzeko tenorea aldarrikatu nahi du. Geuriari eutsi. Gugandik abiatu. Euskara jalgi hadi Bilbora eta mundura”.

 

Erantzun

Sartu