Teknologia albisteak

Besteak baino gogorragoa

A basque in Boise [@basquebombshell, kaixomaitia.eus-eko erabiltzailea]

Jatorrizko testu honetatik hartua eta euskarara itzulia

Lagunek maitasun-istorio tristeak kontatzen zizkidatenean, ziur nengoen ondo ulertu ahal nituela. Haien bihotz apurtua ez zitzaidan arrotza egiten. Azken finean, neu ere banandua nintzen nirekin batera zahartzea nahi nuen gizonarengandik. Urteek ez zioten mesede egin gure harremanari, eta azkenean bide ezberdinetatik joan ginen. Garai hartan, ordea, erabat bestelakoa zen sentimendua. Benetan uste dut, ordea, gogoz saiatu ginela; gutako bakoitza, bere erara. Tamalez, ez zen nahikoa izan. Baina, behintzat, saiatu egin ginen. Gaur egun bera zoriontsu bizi da, eta pozten naiz hala dela jakiteaz.

Bihotza inoiz apurtu ez dioten pertsona bati zer sentitzen den azaltzen saiatzea seme-alabak izan ondoren nola sentituko den azaltzen saiatzea bezalakoa da. Ezinezkoa. Edonola azalduta ere, gertatu ez bazaizu, ezin duzu ulertu, ezta irudikatu ere, une zehatz hori, zeinetan ohartzen zaren jada ez dagoela atzera itzultzerik.

Berdin dio zenbat maitasun-istorio triste entzun duzun, zenbat artikulu irakurri duzun, minak ezustean harrapatuko zaitu maite duzun pertsonak zure aldetik joatea erabakitzen duenean. Urdailean jasotako ukabilkada batekin erkatzen dute batzuek. Eta hala da. Pizti basatien atzaparrak zure bihotza atera nahian ibiliko balira bezala. Horixe bera. Bat-batean, zeri heldu ez daukazula, amildegi batean behera bultzatu zaituztela sentituko duzu. Bai. Tristuraren, suminaren, ezintasunaren eta harriduraren aurrean bakar-bakarrik egongo zara. Etengabe negar, idatzi eta lagunekin hitz egiten hasiko zara, bera zure burutik kentzeko ahaleginean, baina alferrik.

Denborak bihotza sendatuko dizula esango dizute, baina, ni bezala, pazientzia gutxikoa bazara, horrek ez dizu lasaituko. Ez zait gustatzen itxaroten egotea. Planak egitea atsegin dut; zer eta noiz gertatuko den dakidanean, argiago jokatzen dut. Helmugak, epemugak eta ilusioa ditudanean, nire onena ematen dut. Gaur egun ez daukat horrelakorik: deuseztatu beharko nituen planak, egia sekula bihurtuko ez diren itxaropenak eta inoiz beteko ez diren promesak, besterik ez. Behin zirraragarriak izan ziren amodiozko txat horietan idatzita egongo ez balira, errazagoa izango litzateke ahaztea

Irakurri iruzkin osoa kaixomaitia.eus-en blogean >>

Argazkia: Me Roe_Heartbreak_hemendik hartua [goitik eta behetik moztua]

Erantzun

Sartu