Gauza ezaguna denez, ETBren "Baskoniako historia bat" dokumentalak hautsak harrotu ditu eta hainbat erreakzio eragin. Horietako bat, hemen iragartzen dugun hitzaldia, alde biak ordezkatuta izango dituena. "Euskalduntze berantiarraz eztabaidan" izenburupean, mahai-ingurua izango da Bilboko Kafe Antzokian: datorren astelehenean, azaroak 7, arratsaldeko 19.00etan.
Duela urtebete estreinatu zuen EITBk Baskoniako historia bat. Alberto Santana izan da zuzendaria eta Joseba Abaitua atalaren gidoilaria. Dokumentaleko saio batean "Euskalduntze berantiarraren" gaia aipatzen da. Tesia, azken batean, hauxe da: akitaniarrak ziren euskaldun bakarrak erromatarren garaian. Inperioa erori zenean, Bidasoa hegoaldea inbaditu zuten eta 4 lurraldeak euskaldundu zituzten. Euskarak 1500 urte bakarrik ditu lur hauetan. Teoria honek baditu ia ehun urte. Eta moraleja garbia zen: hemendik aurrera ez duzue zilegitasunik izango mendebaldeaz, haren inbaditzaileak baitzarete, eta, nork daki, agian genozidak.
Laburbilduz: Euskal Herrian (hegoaldean, behinik behin) ez zen garai batean euskararik egiten, eta "beranduago" etorri zen gure hizkuntza lur hauetara. Hortik datorkio euskalduntze berantiarra izena.
Tesi horrek hautsak harrotu ditu azken 12 hilabete hauetan. Hasiera-hasieratik jaso zuen hainbat adituren erantzuna. Aitzol Altunak argitaratu zuen idatzi luze, sakon eta ongi dokumentaturikoa teoria honetaz: Una película sobre la falsa teoría de la euskaldunización tardía. Ezinbestekoa gaian kokatzeko. Beñi Agirre euskara irakaslearen artikulu bikaina ere agertu zen Garan, Zientzialari berantiarrak. Orain dela hilabete batzuk Patxi Aranguren nafarrak Inquietos vascones idatzi zuen teoria defendatuz, eta Inquietos vascones, pero no tanto artikuluaz eman nion erantzuna. Sustatun ere idatzi genuen gai honetaz: Baskoniako historia bat ala ipuin txar bat?
Gerora ere, eztabaidak bizi jarraitu du eta duela aste batzuk "Euskalduntze berantiarra dokumentala salatzen" izeneko agiria sinatu eta aurkeztu zuten Euskal Herriko 31 adituk, hainbat arlotakoak. Hipotesia 1925ean Gómez Moreno arkeologoak sortutakoa da, eta Claudio Sánchez Albornoz historialari eta batez ere politikari espainiarrak zabaldua (1956). Bere garaian gure historialari gehienek ez zioten ia jaramonik egin hipotesi honi, asmo politiko nabarmenekoa zelako batez ere, oinarri historiko ahulekoa izateaz gain. Agiri horren sinatzaileek euren protesta azaldu zioten EITBri, erakunde publikoa den neurrian, gure historialari eta hizkuntzalari ia guztiekin bat ez datozen hipotesiak ezin dituelako finantzatu.
Datorren astelehenean, azaroak 7, mahai-inguru eta eztabaida izango da Bilboko Kafe Antzokian, arratsaldeko 7etan, gai honen inguruan. Hizlarien artean egongo gara Joseba Abaitua (dokumentalaren gidoilaria), Aitzol Altuna eta Juan Martin Elexpuru.
Erantzun
Sartu