Udalak dira herritarrongan eragin handiena duten erakundeak, egun. Hala iruditzen zait udaletxean bolada batez jardun nuenetik. Beste arlo batzuetan bezala, hizkuntza politikan ere bai: udala eta herritarren arteko harremana bera, ikastetxeekiko harremana, enpresari, merkatari eta tabernariekikoa, udal kontratazioak, hizkuntz paisaia (funtsezkoa, alderdi abertzaleek ez, baina PP-k, UPN-k eta PSOEk ondo dakiten bezala), kultur programazioa eta kirol ekitaldiak, udal zerbitzuak, polikiroldegia, ludoteka, liburutegia, eta abar.
Herritarron eguneroko jardunean eragin zuzena duten gai asko eta asko udaletik kudeatzen dira eta udalaren ardurakoak dira. Beharbada horregatik ere, Altsasun euskarak ez du burua jasotzen.
Altsasuko udaleko alderdi unionistentzat euskara lehentasunezkoa da: euskarari lotutako edozein erabakiri arreta handia jartzen diote… traba egiteko.
Bertoko alderdi abertzaleentzat aldiz, euskara geroko geroan kudeatu beharreko zama astuna dirudi. Zuzentasun politiko abertzalearen izenean gutxieneko batzuk betetzen ahalegintzen dira, baina euskararen berreskurapenerako funtsezkoak diren esparru gehienak bazterrera utziz, herritarrekiko harreman idatzia tartean.
Sarritan espainiera hutsez idatzitako gutunak heltzen zaizkigu Altsasuko udaletik. Hala, behin baino gehiagotan eskatu diegu, idatziz, mesedez eta arren gutunak euskaraz bidaltzeko guri (Vascuencearen Legeak horretarako eskubidea aitortzen digu erreserba vascofonoan bizi garenoi), alabaina erantzunik eman ez, eta hurrengo gutuna ere Cervantesenean helarazten digute, hasi eta buka.
Horixe bera gertatu zaigu asteon ere, ez herritar, ez auzo, “contribuyente” hutsak omen garenok, “Escrito de comunicación de inicio de actuaciones inspectoras de comprobación e investigación, bla, bla, bla…” delakoa jaso dugularik, “inspector jefe” omen den zinegotziaren eskutik.
Hurrengo baterako gutunaren edukia, tonua, eta erabilitako terminologia, horiek ere, hausnarketa merezi dute eta.
Bidegabekeria iruditu zaigu gure eskubidea dena behin eta berriro gogorarazi arren, espainiera hutsez idatzi izana berriz ere; barre egiten digute, eta hara, aski da. Handia da gero Bilduri ere hau exijitu behar izatea, baina tamalez halaxe suertatu da: euskaldunoi errespetua!
Erantzun
Sartu