Teknologia albisteak

Finantza-Hezkuntza eta Euskara

Erabiltzailearen aurpegia
2013-10-29 : 23:02
Gordailuak, intsuldaketak, ekarpenak, atsekipenak, inbertsio funtsak, mugaegunak etab. Hitz potoloak, banketxe eta aurrezki kutxetako katalogoetan irakurri daitezkeenak. Izan ere, finantza erakunde hauetan euskara hutsean egindako katalogoak egon badaude. Baina zoritxarrez euskararen erabilera finantza esparruan ez da bizitzako beste eremu askotan ematen denaren parekoa. Gai hauei buruz aritzeko asmoarekin abiatu da blog hau: Itsulapikoa, Finantza-kultura euskaraz.

Bezero eta finantza-aholkulari euskaldunen arteko harremanak arruntak, eguneroko bizitzan ematen direnen antzerakoak dira. Zer moduz familia?, eguraldi eskasa gaurkoa, zelako gola atzokoa!… Baina tamalez euskaraz hasitako elkarrizketa asko eta asko gazteleraz bukatzen dira. Noiz aldatu, eta mamira iristean, hau da, aurrezkiez, maileguez, zerbitzuez hitz egiten hasterakoan, daukagun finantza-kultura apurra erdalduna baita.

Krisiak agerian utzi ditu euskaldunok kultura finantzarioan ditugun gabeziak, nahiz eta arazo hau nahiko orokorra izan, ez baita Euskal Herrira bakarrik mugatzen. Ez da errealista herritar guztiek ezagutza sakonak izan beharko lituzketela planteatzea, ez noski, horretarako baikaude finantza-aholkulariak; baina bai, ordea, oinarrizko kontzeptu eta ideien jabe izatea. Adibidez, etxebizitza aukeratzeko garaian erosketaren eta alokairuaren abantailak eta desabantailak jakitea, eta hauen kalkulu ekonomikoak. Edo zentzuz zorpetzen ikastea, honetarako dauden tresnak eta mugak jakinda. Baita ere aurrezkiei etekina ateratzea, arriskua eta errentagarritasunaren arteko erlazioa eta produktu desberdinak ezagutzea. Azkenik, etorkizunera begira, erretirorako prestatzea eta pentsio publikoak osatzeko dauden aukerak ezagutzea. Beste era batera esanda, herritarrek etxeko ekonomiaren inguruko erabakiak hartzeko askatasun handiagoa izatea.

Zentzu honetan EFPA (European Financial Planning Asociation) erakundeak Europa mailan dagoeneko eman ditu lehenengo pausoak eta batxillergoko ikasleei zuzendutako hezkuntza finantzarioari buruzko tailerren antolakuntzan parte hartzen du, Bartzelonako hainbat ikastetxetan aitzindari. Tailerretako irakasleak, EFPA erakundeko finantza aholkulari bolondresak dira. Hasierako urratsak besterik ez dira, euskal hiztunok ere egin beharrekoak.

Gai hauei buruz aritzeko asmoarekin abiatu da itsulapikoa.wordpress.com bloga, jakinda egon egongo dela gaia astunegia irudituko zaion irakurlerik, edota gordailua, intsuldaketa edo ekarpena bezelako hitzak dagoeneko naturaltasunez erabiltzeko gaitasuna eta zortea duenik. Beste guztiak ezagutzaren itsulapikoa kontzeptu finantzarioez betetzera gonbidatzen zaituztet.

Erantzun

Sartu