Teknologia albisteak

Joseba Barandiaran eta Yolanda Jubeto ekonomilariek hitzaldi-eztabaida egingo dute maiatzaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia
2015-05-14 : 11:47

'Kapitalismoaren krisiaren aurrean zer egin?' izango dute gaitzat, Jakin Fundazioak eta Martin Ugalde Foroak, Kafe Antzokiaren lankidetzarekin antolatu duten ekitaldi honetan. Bi ekonomilariek krisi ekonomikoa izango dute eztabaida gai, eta bereziki eredu kapitalistaren kalteei Euskal Herrian eta Euskal Herritik nola egin daitekeen aurre aztertuko dute. Barandiaranek eta Jubetok ekarpen interesgarriak egin izan dituzte. Orain, aurrez aurre eztabaidatuko dituzte, Bilboko Kafe Antzokian, maiatzaren 19an, 19:30etan hasita.

 

'Kapitalismoaren krisiaren aurrean zer egin?' izenburuko hitzaldi-eztabaida Jon Ferndadez ekonomia gaitan aditua den kazetariak gidatuko du.

Joseba Barandiaran ekonomilaria da. EHUn lizentziatu eta gero, ikasketak egin ditu AEBetan, Frantzian eta Espainian. Ekonomiaren gaineko artikulu-egile da, eta euskarazko hedabideen alorrean analista arras ezaguna.

Yolanda Jubeto, berriz, ekonomian doktore da, eta EHUn eta UEUn irakasle. Ekonomia aplikatuan jarduten du, eta bereizki generoaren begirada txertatzea du helburua ekonomiaren aplikazio horretan. Ekonomia feministarekin eta nazioarteko ekonomiarekin loturiko irakasgaiak ematen ditu. Ikerketa andana du argitaratua. 

Esanak

Joseba Barandiaran: “Gure txikian, lidergo eta egitura politiko nazional sendorik ez dugu. Beraz, behetik gorako herri mugimenduen indar eta gaitasunean dago, egotekotan, biharko euskal ekonomiaren gakoetako bat, ‘euskal’ horri gagozkiolarik, ‘ekonomiari’ bainoago. Tokiko monetek, gertuko nekazarien kontsumo taldeek, kooperatibek, hezkuntza praktika eta borondatezko lankidetza eta barne-elkartasunak garrantzi handia izan dezakete.”

Yolanda Jubeto: “Ekonomia ortodoxoak dio norbanakoaren interesak direla funtsezkoak, horiek defendatuz lortzen dela guztion interesak defendatzea, eta oso autonomoak garela, gainera. Feminismoak kontrakoa erakutsi du: jaiotzen garenetik hil arte besteen beharra dugula; zein ahul garen bakarka, baina zein indar ematen digun taldeak, eta guk taldeari, onerako zein txarrerako. Kapitalismoak hainbeste bultzatzen duen planteamendu indibidualista apurtu eta komunitate baten kide izateak ematen duen indarraz ohartarazi du. Balio horiek izugarrizko garrantzia izango dute etorkizunean. Gu batera itzuli behar dugu; nigan pentsatu ordez gugan pentsatzera.”

 

Erantzun

Sartu