Nafarroan, dela UPN-PP-PSOEren politika erasokorragarentik, dela alderdi abertzaleen arduragabekeria eta ezgaitasun agerikoengatik, euskarazko kultur, kirol, aisialdi (eta beste alor ia guztietako) eskaintza oso-oso urria da.
Ez dago erraza gurean euskaraz gozatzeko aukerak harrapatzea. Ezta "eremu euskaldun" edo erreserba ustez baskofonoetan ere. Horregatik, (Oh!) Euzkadira begira jartzen gara sarri, paradisu foraleko muga zeharkatu, eta are paradisuagoa den Euzkadiko lur amestuotan murgiltzeko prest, bertako hizkuntz politika aurreratuez gozatu ahal izateko, tarteka-marteka.
Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, Torre Madariaga izeneko eraikinean du aterpe, ikurriña mardula atarian.JaurlaritzakoIngurumen Sailaren menpeko erakunde batek kudeatzen du. EAEko eragile guztiak mugiaraztea eta ingurumena hobetzeko lan egitea omen du xede, bezeroak eta abar “gogobetetzearren” eta “gizarte erantzukizun konpromiso sendoa” hartuta. Hitzez hitz.
Torre Madariagak, AMBAR enpresaren bitartez, zetazeoak behatzera joateko irteerak antolatzen ditu. Helburua, gure kostaldean (Navarra marítima) dabiltzan zetazeoak behatzea eta baleen kontserbazioak duen garrantziaz kontzientziatzea ei da.
Horren berri izan bezain laster, erreinuko mugak berriz ere zeharkatzeko espedizioa antolatzeari ekin genion, erreserba “baskofono” zeharo erdaldundu honetako guraso eta haur saldo batek, euskal baleak behingoz ikusteko grinak jota. Ia etenik gabe espainieraz bizi diren gure haurrak, euskarazko abentura kutsuko txango eder batera eramateko aukera antzematen genuen. Behingoagatik, ikastolako jardun lehorretik barik, euskara jarduera kitzikagarri bati lotuta jasotzeko abagunea. Horrelako aukera bati ezin ihes egiten utzi!
Lehen lehenik, erreinuarteko telefono deia egin genuen, poziktibityz blai:
- Torre Madariaga? Aizue, baleak ikustera joan nahi genuke. Lekurik bai?
- Bai, noski. Zenbat izango zarete, eta abar, eta abar...?
- Hamar bat lagun, oraingoz. Eta, aizue, txangook euskaraz ere badira, ezta? Euzkadi ez da Nafarroa...
- Euskaraz? Ez, ez, izan ere, AMBAR elkartea da txangoak kudeatzen dituena, eta kide gehienek ez dakite euskaraz.
- Baina... antolatzailea ez da ba Euskadiko Biodibertsitate Zentroa? Ingurumen Saila? Eusko Jaurlaritza?... Nafarroa atzeratuan bale, baina, Euzkadi aurreratuan ere horrela?
- Tut-tut-tut-tut....
Dirudienez, bezeroak eta abar gogobetetzeko helburua, erdaldunei mugatuta dago.
Antza denez, mugiarazi beharreko eragileen artean, ez dituzte euskaldunak aintzat hartzen. Itxuraz, “Gizarte erantzukizun konpromiso sendotik” kanpo geratu gara euskaldunak beste behin ere.
Gero eta zailagoa zaigu haurrei azaltzea zertarako euskaraz eskolatu, zergatik euskaraz egin, gozatzeko aukera gehien-gehienak espainiera hutsez dauzkatelarik.
Behinola esan ziguten euskal balea desagerrarazi genuela gure kostaldetik duela asko. Euskaldunak ere, bale horien bidean ez ote goaz, “hizkuntza politika atzeratudun”Nafarroa ezezik, Euzkadi guztiz “aurreratuan” ere?
Eusko Jaurlaritzak, HPS-k, Ingurumen Sailak, Ihobek, Madariagak edo dena delakoak zeozer egin behar luke, ezta?
Nafarroako euskaldunengatik ez bada, euzkotarrengatik, sikiera.
Arratsalde on itzain,
Ambar elkartearen izenean idazten dizut emen zure kexkari erantzuteko asmotan.
Ambar elkartetik sentitzen dugu zerbitzua 100% euskaraz ezin eman
izana. Ambar ong bat da eta bere kideek batzuk euskaraz dakite eta
beste batzuek ez. Zetazeoak 10-etan egiten dugun lana (torre madariagaren konbenio baten barnean), lan boluntarioa
da, hau da ez dugu dirurik jasotzen lan horregatik, irtetearen truk
dietak (porturaino joateko gastuak) eta datuak biltzeko aukera lortzen dugu.
Hori dela eta euskaraz irteerak egitea edo ez egun horretan libre
dauden boluntarioen menpe dago. Nahiz eta irteera gehienetan
boluntario euskaldunak izan ezin dugu 100% ziurtatu.
Espero dut erantzun hau esperientzia bizitzera eta gustatu
ezkero, gurekin kolaboratzea bultzatzea, izan ere edukiak, web orria (www.ambarelkartea.org oraindik euskaratzen ari gara) edo
komunikazio lanak euskaraz egiteko eta beti bi hizkuntzatan gutxienez idatzita
egotea ziurtatzeko arazoak izan ohi ditugu.
Ambarreko kide guztien partez gure lana ezagutzera gonbidatzen
zaitugu. Gurekin kontaktuan jartzeko idatzi:
info@ambarelkartea.org helbidera.
Ongi izan eta mila esker zure hitzengatik.