Joan den asteazkenean, Joseba Barandiaran ekonomilariak hitzaldia eman zuen Bilboko Kafe Antzokian, Zenbat Gara elkarteak antolatuta: “Zer aldatu da, ekonomia ala geu?”. Hitzaldi interesgarria izan zen, zalantzarik gabe: Josebak modu erraz eta arinean azaldu zituen egungo krisi ekonomiaren ezaugarriak. Aretoa, beteta. Giro atsegina eta hurbila. Unibertsitatea.net -eko Ekonomiaz jantzi blogean hitzaldian esandakoak plazaratzen dizkigute.
Hala ere, Euskal Herriak pairatzen duen krisi ekonomikoa erlatiboa da: mundua ez dago krisian (krisi-ekonomikoan behintzat). Hazkunde ekonomiko apala du, bataz bestez. Egungo krisia, herrialde aberatsen krisia da.
Espainia egungo aberatsen ekonomi-krisiaren adibide garbia da. Azken hamarkadan, Espainiak bere balantza komertzialaren defizita (esportazioak – inportazioak) atzerriko inbertsio zuzenaren bitartez finantzatu du. Atzerriko inbertsoreek kapitala sartu zuten Espainian eta honek, I+G alorrean inbertitu beharrean, gehienbat eraikuntzan erabili zuen atzerriko inbertsio zuzen hori. Burbuila finantzarioa eztanda egitean, atzerriko kapital hori (“merkatu ahalguztidunak”) Espainiatik alde egin zuen, herrialde horren testuinguru ekonomikoa arriskutsua zelakoan: 400.000.000.000 euro inguru galdu omen zituen Espainiak. Orduan, bere finantzazio beharrizanak Europar Batasunaren laguntzaz estali behar izan zituen Espainiak, finantzabide horrek ekarri dituen zamekin (defizitaren kontrola eta ongi izate estatuaren murrizketa).Ondorioa: atzerriko banku batentzako, erakargarriagoa da Lapurdin inbertitzea, Gipuzkoan baino. Mailegua baldintza hobeagoan emango dio Lapurdiko eragile bati, Gipuzkoako eragile bati baino (azken hau publikoa nahiz pribatua izan).
Aurreko krisialdiekin alderatuta, desberdintasun nabariena hauxe da: dirua egiteko makina ez dago Espainian, Europar Banku Zentralean baizik. Espainiak ez du subiranotasun ekonomiko nahikorik krisiari aurre egiteko. Ezin du moneta-politika hedakorrak erabili (dirua inprimatu) krisiari aterabidea emateko.
Testuinguru honetan, sindikatuen eskakizunak antzuak omen dira: gastu-publikoen murrizketak gaitsezten dituzte, politika publiko hedakorrak eskatuz. Administrazio publikoen gastu soziala handitzea nahi dute. Horretarako, fiskalitatearen aldaketa proposatzen dute, administrazioek diru gehiago modu justuagoan jasotzeko. Baina, arazoa da gastu publiko horren finantzazioa. Ez dago dirurik. Espainiatik kanpo joan da. Non lortu gastu hori finantzatzeko kredituak? dirua egiteko makinarik gabe, gastu publiko maila hori ezin da bermatu, kanpoko kredituetara jo gabe. Eta hori arriskutsua eta kaltegarria da.
Krisiaren ondorio latzei aurre egiteko, kooperatibek Euskal Herrian aplikatu duten estrategia nabarmendu zuen Barandiaranek: gerra ekonomia. Kredituetara masiboki jo gabe, norberaren gerrikoa estutu. Malgutasunez jokatu, egoera kritikoei aurre egiteko, edo behintzat, egoera kritiko horietan bizirauteko.
Azkenik, berriz ere, Josebak erlatibotasunari erreferentzia egin zion: Europa ez dago horren gaizki. Kontua da Europaren barnean desberdintasun handiak daudela. Egitura ekonomiko asimetrikoa du Europak. Gainera, ez du zerga-politika bateratua eta lanaren mugikortasuna oso mugatua du. AEB-etatik urrun gaude, zentzu horretan.
Ondorio bezala, krisiaren irtenbidea alor makroekonomikoan dago, zehazki, eurogunean, eta ez soilik maila lokalean: Gobernu Federal baten agindupean lan egingo duen Altxor Federala behar du Europak (Europar Banku Zentralak Altxor Publiko horren mesedetan aritu beharko luke), zerga federal eta guzti. Erakunde horrek Estatu-kideen behar finantzarioak bermatuko ditu halabeharrez. Dirua inprimatzeko makina egokia behar dugu. Eta sortutako finantzazioa hezkuntzara eta ikerkuntzara bideratu, beste erabilpen sozialen artean, noski. Hortik haratago, krisi ekologikoa ere badago, hau da, gure munduak jasan dezakeen baino baliabide gehiago kontsumitzen ditugula. Ondorioz, lan izugarria dugu egiteko.
Galdera-erantzunen tartean, balizko Euskal Herri independientearen bideragarritasun ekonomikoaz galdetu zioten Barandiarani. Independentzia-prozesu batean, epe motzean banaketa kostuak handiak izan daitezkeela ohartarazi zuen. Hala ere, epe luzera positiboa izan daiteke subiranotasun ekonomikoa lortzea (dirua inprimatzeko makina barne?), batez ere Espainiak azken urteetan hartutako erabaki ekonomikoak kontutan hartzen baditugu.
Hala ere, Barandiaranek argi esan zuen bera ez dela igarlea, noski. Gainera, zientzia ekonomikoa gizarte-zientzia denez, oso zaila dela aurreikuspenak egitea etorkizunari buruz, aldagai asko baitaude jokoan.
Laburbilduz: saio interesgarria, atsegina eta hurbila Joseba Barandiaran ekonomilariak joan den astean eman zuena. Aipamen filosofiko eta guzti.
Joseba Barandiaranek Heraclito aipatu zuen: "gauza aldagaitz bakarra, aldaketa da".
Erantzun
Sartu