¡Badator berriro Aitaren Eguna eta, beste edozein egunetan lez, aukera polita dugu aitok geure buruari begiratzeko, baloratzeko, ondo eginak indartu eta hanka motzean gabiltzan horiek zuzentzen saiatzeko.
Eta, zelan ez, baita geure burua ulertu, barkatu eta maitatzeko ere. Ahal dugunik eta hoberen ari gara. Inortxok ere ezingo luke hobeto egin geure ‘zapaten barruan’ balego. Zinez.
Aita izango garela jabetzen garen unetik aita gara eta betiko izango den harreman bati hasiera ematen diogu. Harreman hau denboraren joan-etorrian aldatu egingo da, mundu honetako gauza gehienak lez, eta alferrikakoa da aldatze hori galarazi nahi izatea. Baina lotura horrek, nola edo hala, iraun egingo du bizi garen artean, betierekoa da batek nahi dueno. Beharbada ez da izango norberak nahiko lukeen modukoa, baina izan izango da.
Harremanaren kalitatea egindako "inbertsioaren" araberakoa izango da. Alegia, zenbat maitasun, arreta, dedikazio, babesa, laguntza, denbora, presentzia, errespetu, animo, onarpen, ulerkortasun... handiagoa eskaini umeari, orduan eta atxikitasun estuagoa eta iraunkorragoa izango dugun elkarrekin. Eta, logikoa denez, zenbat eta lehenago hasi elkar kateatzen gaituen soka orduan eta sendoagoa, aberatsagoa, anitzagoa,... izango da. Ez da oso harritzekoa, ezta?
Gure seme-alabekin lotzen gaituen hartu-emana berezia da oso. Nire iritzian, aitatasunak, gurasotasunak oro har, funts bat du, zer den laburbiltzen duena: ematea. Nago, seme-alabekikoa ‘hartu-emana’ ezeze, ‘emana’ soilik ere izan daitekeela, eta badela, hainbatetan. Normalean, gainontzeko harremanak, hartu eta ematekoak dira, edo halakotzat gura ditugu bederen: eman bai, baina jaso ere nahi dugu. Are, balizko desorekak, harremana usteltzea ekartzen du askotan. Seme-alabekikoetan, ordea, errazagoa da honela ez gertatzea. Eman eta eman egin dezake gurasoak, hartzeari garrantzi gutxiago emanda.
Honek isla du guraso langintzan, noski. Izan ere, gurasogintza, funtsean, geure seme-alabei baliabideak ematea da ahalik eta bizitzarik onena eraiki dezaten. Ez da guk nahi genukeen bizimodua, eurek hautatzen dutena baizik. Azken finean, gure seme-alabak ez dira “gure”, ez dira “gu” gazteago bat, ez dute jorratu behar gurasook jorratu nahiko genituzkeen bideak, ezta lortu ere guk lortzeke ditugun gurariak . Beren bidea egin dezaten ahal dugunik eta onenen laguntzea izan beharko luke gure konpromisoak haiekin.
Ildo honetan, eboluzioa ari da gertatzen aitatasunaren inguruan ere: hazten ari da hornitzaile hutsa izan gura ez eta haurren zaintzan eta hazkuntzan engaiatu nahi dugun aiten kopurua, pittinka bada ere. Sistema kapitalista honek, ordea, biziak iraun ahal izateko zaintza eta hazkuntza lanak, eta lanok egiten dituztenen pertsonak, gutxiesten jarraitzen du, eta ondasunak ekoiztea du lehentasunik lehentasunezkotzat. Sistema honek bultzatzen du gizonezkoak hornitzaile izaten jarraitzea eta andrazkoak zaintzaile (eta hornitzaile osagarria). Horretarako matxismoa du tresna eraginkorretako bat. Gizonok, matxismoa gutxi-asko barneratua dugunez, gurpil zoro horri indar egiten diogu biraka eta biraka jarrai dezan, behin eta berriro birsor dadin.
Estatistikei begiratuz gero, zer ikusiko dugu? Bada, sendia zaintzeko ia-ia beti andreek uzten dituztela soldatapeko lanak; eurek dituztela lanaldiak murriztu; eurek hartu ohi dituzte lan baimenak eta eszedentziak hurkoak zaintzeko; etxeko lanetan eurek ematen dutela askoz denbora gehiago gizonok baino. Alegia, andrazkoek dutela zaintza eta hazkuntza ardura ia osoa, eta gizonon kolektiboaren inplikazioa lan hauetan zakurraren putzaren neurrikoa dela. Uste dut aitortu beharra dugula hau, ez gure burua erruduntzeko, baizik-eta erantzukizunari heltzeko, alegia, zaintza eta hazkuntza lanetan gizonoi -eta, noski, aitei- dagozkigun portzentajeetara iristeko eginahalari hel diezaiogun. Izan ere, arlo honetan ere parekidetasuna lortzea onuragarria izango da denontzat, emakumeentzat, gizonentzat, haurrentzat,... jendarte osoarentzat. Eta ez dezagun ahaz justiziazkoa ere badela.
Hortaz, zer egin dezakegu guk, egoera bidezkotasunera eraman nahi dugunok, aiten eta, orohar, gizonen erantzukidetza sustatzea helburu:
Bide hauek baliagarriak izan daitezke aiten inlikazioa dagokion mailara igotzeko. Ziur nago hainbat eta hainbat ere erantsi daitezkeena, zuri burura etor dakizkizukeen horiexek hain zuzen. Bide honetan iritsi egingo gara gure seme-alabek behar eta merezi dituzten moduko aitak izatera eta benetako zaintza eta hazkuntza partekatuaren oinarriak jarriko ditugu. Ez soilik banantzearen ondoan, baizik eta seme-alaba baden unetik. Merezi du, ezta?
Erantzun
Sartu