Teknologia albisteak

Asier Gogortzaren Mendebalde erakusketa Igartubeiti Baserri Museoan

Erabiltzailearen aurpegia
2018-07-18 : 13:57

Asier Gogortza egilearen aukera estetiko eta pertsonaletik abiatuz, Euskal Herriko toki ezberdinetako baserrien 22 argazkiz osatutako multzoak ezaguna zaigun iruditegia berrirakurtzea proposatzen digu. Erakusketa Igartubeiti Baserri Museoan izango da azaroaren 4ra arte.

Asier Gogortzaren Mendebalde erakusketak, ikuspegi berrien bitartez, baserrira hurbiltzera gonbidatzen gaitu. Horrela, Igartubeitik bere ingurunearekiko harreman modu berrietan arakatzen jarraitzen du gure paisaien eta praktika artistiko garaikideen arteko solasaldi etengabean.

Desagertze bidean dauden hizkuntzak, tradizioak, langintzak edo arkitektura moduak dokumentatzeko urgentziaz bizi da gure belaunaldia. Euskal Herriko baserria da desagertzeko arriskuan den gauza horietako bat eta azken hamarkadetan hainbat arkitektu, margolari, argazkilari edo museok zuzendu izan ditu begiak eta zentzuak herri-arkitektura horren baitan dagoen jakintza guztia biltze aldera. Dokumentazio lan horren eraginez, baserriaren irudi zehatz bat eraiki dugu gure iruditegi kolektiboan; leiho, balkoi eta atari ederrez hornitutako aurreko fatxadarena.

Argazki hauek egiteko orduan iparrorratza erabili da, baserrien mendebaldeko fatxadak bakarrik erretratatu direla egiaztatzeko. Eguraldiak eta denborak apaindutako horma soil eta sendo horiekin osatutako katalogoa da lan honen emaitza. Seguruenik argazkietan ikusten denak ez du bat eginen buruan dugun euskal baserriaren irudiarekin. Izan ere, pertzepzioaren eta errealitatearen arteko haustura-tarte horretan kokatu nahi izan dut erakusketa hau prestatzeko orduan.

Asier Gogortza, 1976. Bera (Nafarroa)
Arkitektura eta paisaia interesatzen zaizkit, gizakiak lurraldearen gainean egiten dituen zuzeneko interbentzio gisa ulertuta. Pertsonak oso bakan agertzen dira nere argazkietan baina haien arrastoa nabaria da lantzen ditudan proiektu gehienetan.

Erantzun

Sartu