Teknologia albisteak

Euskara eta teknologia berrien elkargunea izango den jardunaldia aurkeztu dute Donostian

2012-09-27 : 17:44

Euskarabildua jardunaldiaren lehenengo edizioaren izenburua “Euskarabildua, aukera berriak sarean” izango dal. Jardunaldia, urriaren 19an izango da 09:00etatik 14:00etara Koldo Mitxelena Kulturunean. Jardunaldian parte hartzeko ez da derrigorrezkoa izena ematea, baina antolatzaileek adierazi dute gomendagarria dela plaza kopurua kontrolatu ahal izateko. Parte-hartzea doakoa da. Izen-ematea www.euskarabildua.com webgunean egin behar da.


Jardunaldien antolatzaile eta babesleak. Ezker-eskuin,

 

Gaur, irailaren 27a, eguerdiko 12:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean, Euskarabildua, aukera berriak sarean jardunaldia aurkeztu dute Argia aldizkariak, Iametza Interaktiboa enpresak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Kutxak. Ekitaldian, Xabier Letona Argia aldizkariko zuzendaria, Elisabeth Pombo Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzailea, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara eta Kultura ordezkaria eta Mikel Mendarte Kutxa Fundazioko Elkarlanak eta Kultura saileko zuzendaria izan dira.

Xabier Letona Argia aldizkariko zuzendariak azaldu duenez, «Iametza Interaktiboak, Argiak eta Ametzagaiña talde osoak uste osoa daukate teknologia berriek euskararen erabilera sozialaren zabalkundean izugarri lagundu dezaketela».

«Argia aldizkaria azken urteetan horretan ari da, euskal gizarteari intereseko informazioa helaraziz eta horretarako proiektu komunikatibo interaktibo integral eta oso bat martxan jarrita, www.argia.com. Iametza Interaktiboak, berriz, batik bat euskarazko komunikazio eta garapen teknologikoei lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu».

 Horregatik Ametzagaiña taldeko partaide diren Argiak eta Iametza Interaktiboak urteetan euskararen eta teknologia berrien esparruan metatutako esperientzia eta merkatuaren eta gizartearen ezagutza kontuan hartuta, egun erdi bateko jardunaldiak antolatzea erabaki dute.

 Jardunaldiak babesle garrantzitsuak ditu: Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Kutxa. Garrantzitsua da aipatzea jardunaldi hauek egi bilakatu ahal izateko beharrezkoa izan dela euren laguntza.

Jardunaldiak hainbat erakunderen laguntza jaso du, hala nola: Antza Komunikazio Grafikoa enpresa, Deustoko Unibertsitatea, EHUko Multimedia Komunikazioa Unibertsitate Masterra, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Gipuzkoako Marketing Eskola, Langune eta Mondragon Unibertsitatea.

Hala ere, Letonak azaldu duen bezala, asmoa ez da urte bakar bateko jardunaldia izatea, baizik eta urtero errepikatu daitekeen zerbait bilakatzea, euskararen ikusgarritasunak eta zabalkundeak etenik ez baitu.

Letonak adierazi duen bezala, jardunaldi honen helburua, teknologia berriekin lotutako gaiei buruz euskaraz aritzeko urteroko zita bilakatzea da.

Elisabeth Pombo Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzaileak honela adierazi du: «Gainera, gure bezeroek azken urteetan gero eta kezka gehiago plazaratu dizkigute euren produktu eta edukiek (normalean euskarari lotutakoak) Interneten izan dezaketen presentziari buruz teknologian ematen ari diren azken nobedadeei buruz (mugikorrak, liburu digitalak…)... Zenbateraino inbertitu behar dut? Etorkizunean zer joera nagusituko dira? Horrelako gaiak lantzeko plaza izatea nahi dugu Euskarabildua. Neurri handi batean bezeroen egoera horrek ere bultzatu gaitu elkargune bat diseinatzera, euskararen mundua eta teknologia berriei buruz hitz egiteko gune erreferentzial bat sortzera, hain zuzen ere».

Pombok adierazi du urte bakoitzean gai bat landuko dela jardunaldietan, aurten Aukera berriak sarean izango da hizpide.

Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzaileak azaldu duenez euskaraz garatutako proiektu interesgarriak erakutsiko dira jardunaldian, baina horretaz gain, kanpora ere begiratuko da: Kataluinia eta Europara, «guretzat erreferentziazkoak izan daitezkeen egitasmo eta proiektuak ezagutzeko asmoz».

Jardunaldien helburua ez da ondorio orokorretara iristea, baizik eta adibide eta esperientzia zehatzak ezagutzea (bertakoak eta kanpokoak), horiek erreferente bihurtuz eta horietatik ikasteko aukera emanez.

Informazio gehiago: www.euskarabildua.com

Erantzun

Sartu