Bizitzan izan ditudan esperientziarik zirraragarrienak AEKren bidez etorri dira. Duela 20 bat urte AEK ezagutu nuen; askotan esan dudan moduan, izena bera mantentzen dudan arren, gaur egun bestelako pertsona bat naiz. AEKn metamorfosia pairatu dut, Helios berria.
Lehenik eta behin, euskara bertan ikasi nuen, eta ikasle bezala bizitako hiru urte zoragarri horiek pasa ondoren, AEKn jarraitu izan dut; irakasle, laguntzaile, koordinatzaile, euskaltzale, lagun, aita, iruindar...eta abar: era desberdinen bidez AEKn bizi naiz.
AEK-k denetarik eman dit: bereziki jendea ezagutu dut, inoiz ahaztuko ez ditudan lagunak. Euskal Herria ere ezagutu dut, txoko ederrak eta (h)istorio bereziak. Euskararen aldeko lana, alaitasuna, elkartasuna eta eskubideekiko maitasuna ere jaso ditut. AEKrik gabeko bizitzak zerbait ekarriko zidan, ezin jakin zer; oso ongi dakidana da AEK-k zer eman didan: bizipenez jositako ibilbidea.
Izan ere, AEK bizi esperientziekin lotzen dut. Azken boladakoek gogoeta hau idaztera bultzatu naute. Denok dakizuen bezala, AEKren eskutik KORRIKA dator, euskaldun batentzat herri honetan dagoen ekimenik hunkigarriena. Zaldieroak dioen bezala, “edozein ordutan nonbait zoro zoragarri batzuk euskararen alde...” Gainera, AEKren asmakizun hura beste toki askotara eraman dute.
Duela aste batzuk Patxi Larrainzar eskolako guraso batzuekin Belfastera joan nintzen asteburu pasa; han Rith ekimenaren bukaera ikusi ahal izan genuen. Gaelikoaren aldeko Korrika, alegia. Zoragarria izan zen Belfasteko karriketan lasterka eta oihuka ibiltzea, guk bezala, elebakarren jazarpenaren gainetik bizirik iraun nahi duten irlandarrekin batera.
AEK ezagutu nuenetik bi hamarkada pasa dira, eta Irlandako Korrika horretan bizitakoak dena bikain laburbiltzen du: zoragarria izan da AEK ezagutzea. Han ginen lau lagun, etxetik urrun, jendearen artean ia oharkabean, lasterka, euskara zein gaelikoaren alde korrika eginez...Alai ikusi nuen nire burua, aske, emozionatuta, bizitzak niretzat gordeta zeukan opari bat iruditu zitzaidan.
Duela egun batzuk, azken 40 urteetan AEKn egondako irakasleek bazkari bat antolatu zuten. Egun horretan ere zerbait berezia sentitu nuen. Euskalduntzearen mugimenduaren historia aurrean nuela antzemateaz gain, jende jator askorekin egoteko aukera izan nuen. Gainera, nire burua partaide ikusten nuen. Egun horretan ere nire bizitzarekin harro sentitu nintzen, ase.
Beraz, AEKn izandako metamorfosiak bizipen zoragarriez beteriko bizitza batera ekarri nau. Era berean, AEKn egindako ibilbideak guztiz gogobete nau. Horregatik maite dut AEK, etorkizun hobe baterako giltza delako.
Erantzun
Sartu