Eskolan, gelako ordezkariak hainbat mezu bidali ohi ditu, eskolako berriak eta gure umeen gorabeherak jakinarazteko.
Lehenik eta behin, aitortu behar dut, ikasturte hasierako bileran ez nuela sobera jarrera aktiboa izan. Egia esan, isilik geratu nintzen eta guraso bezala bizitzen ari nintzen lehen esperientzia patxadaz hartu nuen. Gelako ordezkariak aukeratu behar ziren, bi! Irizpide bat jartzea proposatu behar nuen: euskalduna/k izatea, nik informazioa/harremanak euskaraz nahi dudalako. Isilik geratu arren, bolondresak atera ziren. Biak euskaldunak zirela uste banuen ere, bakarra. Hala ere, bera izan da gainontzeko gurasooi mezuak bidali dizkiguna, posta elektronikoz.
Lehen mezua iritsi zen eta… “Kaixo, gela!” idatzi ondoren, mezua erdara hutsez iritsi zen, ohi den bezala (egilea eta guraso asko euskaldunak izanda ere)
Zer egin? Aukera desberdinak aztertu eta bide bat aukeratu nuen, nire erantzunetarako (edo nik zuzenean gainontzeko gurasoei mezu bat idatzi diedanean). Elebitan idatzi nituen, lehenik euskaraz eta gerora, itzulpena (edo erdarazko laburpen bat) Guraso bat baino gehiago erdalduna izanda, hortik jo nuen.
Egoera horretan halaxe erabaki nuen. Euskara lehentasunez eta nagusiki azaltzea, gaztelaniari tokia eginez. Elkarrizketak gaztelaniaz izan dira, agurrak kenduta.
Nik berdin jarraitu dut, gustura, asaldatu gabe. Nire jarreraren gakoak? Testuingurua ikusita (nire nahia, D eredua, guraso euskaldunen presentzia, idatzizko harremanak) jarrera aktiboa hartzea erraza izan da, mezuak bi hizkuntzetan idatzi behar izan ditudan arren.
Zer lortu dut?
Euskaraz ere komunikatzea, nire nahia betetzea, euskara niretzat zein garrantzia duen adieraztea (hala ere, hartzaileek zer pentsatzen duten jakin beharko nuke)
eta anekdota bat kenduta (egun batean ama batek esaldi laburreko mezua euskara hutsez bidali zuen) aste honetan berri pozgarria jaso dut. Beste guraso bat berdin egiten hasi da, bi hizkuntzetan, euskara lehentasunez.
30 laguneko talde batean, hizkuntza irizpideak (eta ardura dutenen jarrera eredugarria) egon ezean, baten hautu aktiboak aldaketak dakartza, bai horixe!
Erantzun
Sartu