Teknologia albisteak
1

Euskarazko Wikipedia eta Hego EHko soziolinguistika

Erabiltzailearen aurpegia
2021-12-08 : 08:07

Euskarazko Wikipedia ikasleak ikastetxeetan egoten diren orduetan bisita gehiago izaten ditu opor egunetan baino. Pentsa daiteke irakasle eta ikasle jendea dela euskarazko Wikipediako bezeroen artean nagusi, baina, nork bisitatzen du Wikipedia gehiago? Ze hizkuntza hobesten dute Hego Euskal Herriko bisitariek Wikipedian begiratzerakoan?

Egin dezagun ariketa, "Egunean Behin" mentala. Jokatu!

1. Zein da Hego Euskal Herrian gehien bisitatzen den Wikipedia? 

  • a) Gaztelaniazko Wikipedia
  • b) Ingelesezko Wikipedia
  • c) Euskarazko Wikipedia

Errazegia. Ea honekin, JOKATU!:

2. Zein da Hego Euskal Herrian, gehien bisitatzen direnen Wikipediaren bertsioen artean, bigarren bisitatuena?

  • a) Gaztelaniazko Wikipedia
  • b) Ingelesezko Wikipedia
  • c) Euskarazko Wikipedia

Erlojua martxan da... 

(Erantzuna artikuluaren amaieran, bitartean digresioa, ETB1ek diruz lagunduta ;-).

Herri txiki, infernu handi efektua

Euskarazko Wikipedian aritzen diren kideei ikasi nien honako kontu hau. 'Herri txiki, infernu handi efektua' esaten diogu gure artean wikilariokETB1eko telesaio horrek arrakasta izaten duen bakoitzean, Pagadi eta Gurrutxaga esatariek bisitatu duten herriaren artikuluak bisita pilo bat izaten ditu, telesaioa emititzen ari diren unean bertan. Imajinatu ahal ditugu ETB1 ikusten ari diren hainbat ikusle, telefonoa edo tableta eskuan, Wikipedian begiratzen: non demontre dago X herria?, zenbat biztanle izango ditu X herri txiki horrek hainbeste pertsona xelebre bertan bizitzeko?...

Datu zehatzez ez naiz akordatzen, baina, gutxi gorabehera, euskarazko Wikipediak, horrelakoetan, dozenaka bisita izaten ditu. Herri txiki horretako artikuluan, horrelako desorduetan, espero zitezkeenak baino asko gehiago. Gaztelaniazko Wikipediako artikuluak, une berean, ehunka bisita.

(Mila esker ETB1 herri honetako kulturari etengabe, nekaezin, egiten dizkiozuen ekarpenengatik ;-). Eta orain berriro:

Aurrera jokoarekin!

3. ETB1 ikusten duten euskaldun (peto-petoek?) gaztelaniazko Wikipedia hobesten dute...

  • a) Interneten, Euskal Herriko zortzigarren lurralde historikoan, gaztelaniaz ibiltzera ohitu direlako.
  • b) Telefonoa, sistema eragilea, nabigatzailea eta bilatzailea gaztelaniaz konfiguratuta dutelako eta horregatik algoritmo erdaltzale batek gaztelaniara bideratzen dutelako.
  • c) Goiko biak egia berdaderoa.

Nik ez dakit ezer soziolinguistikaz, baina horrelako kontuak entzun nituenean, gogoratu nintzen Librezale taldekoek behin egin zuten kanpainaz, gutxienez nabigatzailea euskaraz erabiltzeko eskatzen zieten Librezalekideek Interneteko erabiltzaile euskaldunei.

Nik ez dakit ezer soziolinguistikaz, baina nire gertuko irakasle batek kontatu dit gauzak, gainera, okerrera doazela kontu hauetan ikastetxeetan. Gero eta ikasle gehiago dabil D ereduan, primeran, baina ikasleei, gehiegitan, gailuak, sistema eragileak, nabigatzaileak eta bilatzaileak erderaz erabiltzera bultzatzen zaie. Bilatzailearen kontua ez da erraz konpontzen den horietakoa, algoritmoak kolonizatuko gaitu, ezinbestean, kolonietan ohi denez bertoko jauntxoen laguntzarekin gainera, Alphabet eta Micro$oft enpresetara zerbitzu publikoak estenalizatzen-eta. Batzuek uste dugu gehiago egin litekeela; gailuak, sistema eragileak eta nabigatzaileak, behintzat, --ikastetxeetan behitzat, D ereduan behintzat--, euskaraz erabiltzeko.

Eta orain,  ETB1ek diruz lagunduta ;-), Egunean behin txikitxo honen...

Erantzunak 

  1. a
  2. b (*)
  3. c

JOKATUTA: Bihar beste bat!

Asteriskoaren azalpena

(*) Iñaki LL wikilariak lortu zituen datu hauek nazioarteko foro batean:

This year [2020?, 2021?], there were 55.1 pageviews to all wiki from Basque Country and Navarre (itzuliko dut: Hego Euskal Herritik). Of these:

  • Spanish Wikipedia: 41 m
  • English Wikipedia:  8,1 m
  • Basque Wikipedia:  2,8 m

Iñaki LL wikilariak erakutsi zidan, baita, bisita askoz gehiago datozela euskarazko Wikipediara, esate baterako, Txekia edo Errusiatik Ipar Euskal Herritik, Frantziako Errepublika osotik, baino. Horra Egunean behin jokoak egiteko moduko beste galdera bat.

 

Erantzunak

2021-12-08 : 16:40

Nik, euskaldun militantea izanik, batez ere ingelesezko wikipedia bisitatzen dut, arrazoi hauengatik:

- Artikulu asko ez daude euskaraz
- Euskarazko artikulu asko oso laburrak dira, ia zirriborro hutsak
- Artikuluetako euskara -erredakzioa orokorrean- nahiko txarra izaten da

Hori esanda, normalean euskarazko artikulutik sartzen naiz, existitzen baldin bada, eta hortik ingelesezkora jotzen dut, espainolezkoari "baypass" eginda.

Beraz, euskarazko wikipediak behar ditu artikulu gehiago, landuagoak eta hobeto idatziak.

Ez da kritika bat, badakit euskaldunon baliabideek ez dutela gehiagorako ematen. Uste dut gure itxaropenetako bat itzulpen automatikoa dela, osteko edizio-lana ahaztu gabe.

Animoa euskal wikilariei!

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago