Uztailaren 1ean hamabost urte bete dira Guardia Zibilak Jose Antonio Ortega Lara askatu zuenetik. ETAk Burgosen bahitutako espetxe funtzionarioak 532 egun egin zituen preso Arrasaten egindako zulo batean. Sasoi hartan, ni Arrasate Press herri aldizkarian nenbilen lanean eta, txiripaz, aukera izan nuen zulo hura ikusteko.
Izan ere, Ortega Lara uztailaren lehenean askatu zuten, baina hedabideen aldetik zegoen ikusmin handia zela-eta, bahitua askatu eta egun gutxira, Guardia Zibilak bira moduko bat antolatu zuen hedabideontzat, erakusteko bahitua urte eta erdi egondako tokia (Arrasate Press-ek eman zuen ekitaldi horren berri 371. zenbakian). Hartara, sekulako komunikabide mordoa bildu zen Arrasateko Jalgi lantegiaren ate aurrean azalpenak entzun, eta zuloa ikusteko. Esan bezala, herriko aldizkarikook ere bai.
Bisitaldi motz hartatik gogora datozkidan zenbait oroitzapen:
- Guardia Zibilak antolatutakoak antza zuen museoetan egin ohi diren bisitaldi gidatuena: akreditazioa, harrera, azalpen zehatzak... Lehenengo, lantegiaren nondik norakoak azaldu zizkiguten, geroago erakutsi zizkiguten hango zenbait txoko: sukaldea, komuna, biltegi moduko bat, makinak... Azkenik, eta zulora txandaka jaitsi aurretik, azaldu ziguten zuloaren sarbidea ezkutatzen zuen mekanismoaren funtzionamendua.
- Lantegiko bazter asko zeuden hankaz gora jarrita. Esaterako, han-hemenka ikusten ziren, ezkutalekuaren sarbidearen bila, Guardia Zibilek eurek hormetan eta lurrean egindako zuloen hondakinak. Sukalde inguruan, esaterako, dena zegoen mugituta, tokitik kanpo eta gauza asko lurrera botata (“sukaldea” egitan zen toki txiki bat lau janari potekin eta camping-gas edo antzeko sutoki txiki batekin). Gogoan daukat atentzioa eman zidala txoko haren horman zegoen kartelak: bertan, ageri zen Iñaki Etxabe arrasatearraren aurpegia ikurriña baten gainean (Gerra zikinaren biktima izan zen Etxabe. 1975eko urriaren 6an, hiru ezezagun Kanpazar gainan, Elorrion, zuen jatetxean sartu eta tiroz hil zuten).
- Guardia Zibil batek harriduraz erakutsi zigun etakideek erabilitako makina trukatua bahitua eramateko Burgostik Arrasatera. Tramankulu handi bat zen, berde argi kolorekoa. Kanpotik ez zuen halakorik ematen, baina barrutik ia hutsik zegoen, eta pertsona bat jarrita egoteko moduko tokia zuen. Makinak zuen pisuagatik, hura altxatu eta kamioira sartzeko beharrezkoa zen garabi bat.
- Zuloa lur azpian zegoen eginda, eta bertara iristeko sarbide biribil eta estu bat zegoen. Sarbidea oso ondo ezkutatuta zegoen tornu-makina luze baten azpian. Guardia Zibilak esandakoagatik, mekanismo hidrauliko baten bidez mugitzen zen makina hura eta askatzen zen sarreraren estalki biribila.
- Zuloak berak sekulako egonezina ematen zuen. Itogarria zen: txikia, iluna eta oso umela. Zirudien sauna txiki eta zahar bat: txokoaren alde guztiak egurrez estalita zeuden, baina, hezetasun handiaren ondorioz, egurra lizunduta zegoen (argazki honetan antzeman daiteke txokoaren tamaina)
- Tokiak ematen zuen larritasunetik aparte, bereziki bi kontuk eman zidaten orduan atentzioa: batetik, bahituak lo egiteko erabili behar izan zuen hamakaren kalitate eskasa (hondartzan erabili ohi diren horietako bat zen, baina, bigungarri mehe-mehe batekin). Bestetik, bitxia iruditu zitzaidan zuloa apaintzeko aukeratutako irudiak: elurrak zuritutako Kontxa hondartzako panoramika bat eta, oker ez banabil, windsurf edo antzeko kirol bat erakusten zuen beste argazki handi bat (geroago, prentsan irakurri nuen zuloa apaintzeko ETAren anagramak zeudela, baina nik ez nuen halakorik ikusi).
Komunikabideetan sekulako haria ekarri zuen Ortega Lararen askatasunak (horra, esate baterako, Arrasate Press-en aste hartako erreportajea eta azala). Sasoiaren gogortasunaz jabetzeko, adierazgarriak dira Ortega Lara askatu, eta biharamunean argitaratutako egunkarien azalak:
Bahiketarekin harrema zutelakoan, epaitutako debagoindarrek kartzelan jarraitzen dute 15 urte geroago: Jose Migel Gaztelu bergararra, Luis Erostegi antzuolarra, Javier Ugarte oñatiarra eta Josu Uribetxeberria arrasatearra. Azken hori, oso gaixorik dagoenez, aske uzteko eskaera ugari egin da, baina, preso jarraitzen du oraindik ere Leongo kartzelan.
Gogorra gero iraganeko zenbait pasadizo gogoratzea. Ta azal hori... Aiiii. Kronika ederra, goio!