Teknologia albisteak

'Puntua', Goiena Komunikazio Taldearen proiektu berria

Erabiltzailearen aurpegia
2015-01-16 : 11:38
Goiena Komunikazio Taldeak aldizkari berria kaleratu du urte berriarekin batera: Puntua. Ostiraletan banatuko da, astero, Goiena paperekoarekin batera, baina Goiena Klubeko kideen artean bakarrik. Hau da, urtean 55 euroko harpidetza kuota ordaintzen dutenek jasoko dute 48 orriko koloretako errebista. Diru horren truke, aldizkari berria etxean jasotzeaz gain, Goiena proiektua babestuko dute. Eta, gainera, euro bat bideratuko da elkartasun proiektuetarako. Gaur, urtarrilak 16, argitaratu du lehen zenbakia.

Goienaren edukiak osatu

Puntua argitaratzeak ekarriko du aurrerantzean astelehenetan ez argitaratzea Goiena paperik. "Goienaren ekoizpena optimizatzea ekarriko du horrek eta balioan jartzea beste era bateko informazioa, Goienaren hedabideak eta eskaintzen dituzten edukiak osatuz" dio Eneko Azkarate Goienaren edukien zuzendariak. "Esaterako, gaur egun Goiena.eus ez da sorreran (2003) zena eta, oro har, internetek paperekoen kaltetan hartu duen indarraren erakusle, geroago eta gehiago dira Goienaren webgunearen bisitariak, eta sarriago berritzen da, bideo eta guzti".

'Puntua'-ren lantaldea.
 

Asteburuan ere bai

Goienak jarraituko du asteburuetan Debagoienean gertatutakoaren berri ematen Goiena.eus-en. Lan taldea izango du asteburuetan lanean orain arte moduan. "Asteburuetako ekitaldien argazki eta bideoak igoko dira bat batean sarera".

Hortaz, Goiena.eus-ek, Egubakoitzeko Goiena paperak eta Goiena telebistako albistegiek erreparatuko diote batik bat, gaurkotasunari, agendari, informazioari, unean unekoari…  Eta Puntua-k landuko ditu bestelako generoak: erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, analisiak, adituek idatzitako gaikako artikuluak, zaletasunak… Bestetik, gaiak "beste ikuspuntu batetik" landuko ditu. Gai ez ohikoagoak, landuagoak.

Aldizkari berrian, gai guztiak beste ikuspuntu batetik

Puntua-k izango ditu, besteak beste, tarte hauek: munduko berriemaileen informazioa, iritzia, moda, motorra, osasuna, zaletasunei edo ongizateari lotutako kirola; kultura, komunikazioa… Aste honetan, urtarrilaren 16an, argitaratutako lehen zenbakian, honako gau hauek jorratu dira: Aitor Luna eta Jon Gonzalez bergarar anai aktoreei eginiko elkarrizketa; langabezian dauden gazte unibertsitatetik atera berri direnen gaineko erreportajea; kick boxing kirola; umeen loditasuna; Maria Lasa tatuaje egileari eginiko elkarrizketa, edota Markeliñe antzerki taldearen azken lana.

Atzoko aurkezpeneko argazkia, gonbidatuak lehen alearekin.
 

Proiektu sendoa

Goiena Komunikazio Taldeak gaur egun telebista, internet, irratia eta papera ekoizten ditu. Paperean, Egubakoitzeko Goiena, etxerik etxe, doan, astero banatzen den egunari itxurako 40 orrikoa (36.000 irakurle Gipuzkoan eta erabateko nagusitasuna duena Debagoienean, CIESen arabera); Puntua (Asteleheneko Goiena paperekoaren ordezkoa), 4.000 aleko tirada duena; Goiena telebista, Lurreko Telebista Digitalaren bidez Debagoienean; Euskaltelen bidez, kablez, Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta Internetetik streaming bidez ikus daitekeena (10.000 ikus-entzule Gipuzkoan, astean barrena, CIESen arabera), eta Goiena.eus, Debagoieneko informazio atari erreferentziazkoa (5.500 bisita egunero, astean barrena, Google Analitycs-en arabera). Horretaz gain, Arrasateko Udalaren jabetzakoa den Arrasate Irratia ere kudeatzen du Goienak.

Goiena Komunikazio Taldea euskarazko multimedia proiektua da. Kooperatiba elkartea, Debagoieneko euskara elkarteak eta udalak dira bazkide, Goienako lan bazkideekin batera. 45 lagunek dihardute Goienan lanean.

Puntua 001

Erantzun

Sartu