Teknologia albisteak

Gitarra egileen (eta gitarrazaleen) topaketa, ekainaren 6an Azkoitian

2018-05-31 : 12:42

Gitarra egileen biltzar bat antolatu dugu Azkoitiako Izarraitz Lanbide Heziketako zurgintza arlokoek. Inguruan uste baino gitarra egile gehiago daudela konturatu gara, eta horiek guztiak batzea erabaki dugu, bakoitzak egiten duena elkarri kontatzeko eta informazioa elkarbanatzeko. Topaketa ekainaren 6an egingo dugu, 18:30etan, Azkoitiako Izarraitz Lanbide Heziketako zurgintza tailerrean. Gitarragile edo zale bazara ez hutsik egin.

Orain gutxi jakin dugu munduko onenak izan ginela zurezko itsasontziak egiten. Hala diote Albaolako arotzek eta hala frogatzen du 1565ean, han, Kanadan ondoratu zen San Juan baleontziak. Eta hau ikusita harriduraz galdetzen diot neure buruari, nolatan ahaztu dugun horrelako gauza ahaztezin bat.

Jakina da gure aitona-amonek zurari buruz asko zekitela, nire aitak ere esaten dit gure aitonak bazekiela noiz bota edozein zuhaitz, nola lehortu egurra eta zertarako erabili zur bakoitza. Baina, badirudi memoriatik ezabatu dugula guzti hori.

Gure inguruko leku izenetan jartzen badugu arreta, segituan ikusiko ditugu horrelako izenak: astigarraga, lizardi, pagoeta, gorostiaga, gaztaineta, zumarraga eta abar luze bat. Egun batean ordea, intsinis izeneko pinua landatzea erabaki genuen eta aurreko guztia lausotzen hasi zitzaigun.

Pinudi itsuenetan ere, hazten dira, aurreko basoaren oihartzuna bezala edo, haritzak, lizarrak, gaztainondoak, pagoak eta gorostiak. Gauza bera gertatzen da gure industria eta egunerokoan. Industrializazioak dena jan zuela zirudienean ere, agertzen dira edozein bazterretan, aurreko lanbideen oihartzun bezala edo, tallaginak, itsasoko arotzak, eskultoreak eta hainbat “galdutako” lanbide.

Leku ezkutuenetan begiratzen hasten bagara berriz, gauza harrigarriak topa ditzakegu. Hain ezagunak ez ziren arotz-ogibideak agertzen dira han eta hemen. Gitarragintza da horietako bat. Inoiz gitarragile batekin hitz egiten baduzu laster esango dizu beste gitarragile baten izena, eta beste honek beste batena. Horrela jarraituz konturatzen zara, existitzen ez zela pentsatzen zenuen ogibide bat, existitzen dela.

Honetaz konturaturik, zenbait gitarrazaleri otu zaigu gitarragileen topaketa bat egitea. Bakoitzak egiten duena konpartitzeko eta elkarrengandik ikasteko. Ezabatu dugun memoria berriz betetzen joateko eta lausoa argitzen joateko.

Topaketa honetara gonbidatuak daude, gitarragileez gain, gitarra zaleak ere, baina komeni da mezu bat bidaltzea gitarragintza@gmail.com helbidera asistentzia konfirmatzeko, zeren lekua ez da oso handia eta jakin nahi dugu denok sartzen garen hala ez.

Topaketa ekainaren 6an egingo dugu, 18:30etan, Azkoitiako Izarraitz Lanbide Heziketako zurgintza tailerrean.  Gitarragile edo zale bazara ez hutsik egin.

Erantzun

Sartu