Izenak berak iradokitzen duen bezala bi tratamenduz osatzen da TMBa.
Hondakin nahasian dauden material ezberdinak prozesu mekaniko batzuen bidez bereizten dira hoietako bakoitzak gero bere bide propioa egin dezan. Birziklatzea litzateke egokiena. Bizkaiko plantari buruz honela diote Bizkaiko Foru Ogasunaren weban: “Tratamendu mekanikoan materialak hautatzen dira. Infragorrien bidez material plastikoa aukeratzen da eta irakurgailu optiko baten bidez materialak dentsitatearen eta kolorearen arabera bereizten dira. Hondakin motak haize-kolpeen bidez bereizten dira. Era berean, indukzio eta imanen bidez burdinazko materialak eta burdinazkoak ez direnak bereizten dira.“
Honekin materia organiko ustelkorra egonkortu egiten da aireztatuz. Konpostatzeko egiten den prozesu bera da. Ezberdintasuna, materia organikoaren jatorriak dakar. Zabor nahasian dagoena beste hondakin atalekin kutsatuta dago eta ezin da nekazaritzan erabili. Materia organiko egonkortuak ez da usteltzen eta beraz ez ditu zabortegira zuzenean botatako zaborrak ematen dituen arazoak ematen (matenoa, kiratsa, plagak…). Prozesu honetan, materia organikoa egonkortzerakoan ur asko galtzen du (%80) eta beraz asko gutxitzen da hondakin kopurua.
Lehen aipatu dugun bezala TMB plantak izango dira bai Bizkaian eta bai Gipuzkoan. Baina bi estrategia kontrajarriren baitan egingo dute lan.
Bizkaian inaguratu berri duten planta hondakinen tratamenduaren abiapuntutzat pentsatuta dago. Aurretik egiten den lanketa anekdotikoa da, makilaje berdea. Prebentzioan eta gaikako bilketan apenas egiten duten ahaleginik. Nahasian jasotzen diren hondakinak, zabor multzoa, TMB plantara eraman eta ondoan daukan errauste plantari janari goxoa prestatzea da xede nagustia. Alegia, bere kuttunari botere kalorifiko handiko kutixiak prestatu ahal izatea, tartean noski, plastikoa eta materia organiko lehortua, denak birziklagarriak. Planta kutsakorra eta TMBari “Ekoparke” izena jarri diote zinikoki.
Gipuzkoako planean diferentziak kokapenetik bertatik hasten dira. Hiru TMB planta aurikusten dira herrialdeko hiru guneetan. Gertutasun printzipioa nagusitzen da zentraltasun eta makroegituren aldean. Urola Erdi, San Marko eta Sasieta mankomunitateetan bana egingo dira zaborraren garraio distantzia gutxituz eta ekonomian sortuko duen eragina (lanpostuak, inguruko enpresetan zeharkako eragina…) lurraldean banatuz.
Baina garrantzitsuena ez da hori hondakinen kudeaketaren ikuspegitik. Gipuzkoan ahalegina aurretik jarriko da, hau da prebentzioan (etxeko konpostatzea eta auzokonpostaren aldeko apustu sendoa adibidez) eta gaikako bilketa biidez birziklapen tasak igotzea da lehentasuna planean. Horrela 2011 urtean gaika %33 bildu bazen, 2016rako gutxienez %60 gaika biltzea da helburua eta 2020rako %75. Horretarako Foru Aldundiak udal eta mankomunitateek alor horretan martxan jarriko dituztenei (Atez ateko bilketa, herri txikien zero zabor eredua…) gehituko zaizkien tresnak aktibatuko ditu, politika fiskala adibidez. Geroz eta garestiagoa izango da hondakinak nahastea eta geroz eta laguntza gehiago izango dira hondakinak arduraz kudeatzen dituztenentzat.
Gipuzkoak hartutako estrategian, Bizkaikoan bezala TMBa errauste plantarentzat erregaia prestatzea izan beharrean, errauste plantarik gabeko kudeaketa egiteko ezinbesteko tresna izango da. Gaikako bilketan nahasi gabe jasotako hondakinetatik are eta material birziklagarri gehiago bereiztea da zeregin nagusietako bat, gaika bildutako kopuruei erantsi beharko litzaiekeen kopurua hain zuzen.
Baina ez gaitezen nahastu. TMBak material birziklagarria berreskurateko balio du. Baina nahasi diren hondakinetatik berreskura daitekeena ez da guztia eta gainera zikina dagoenez kalitatea asko jeisten da. Beraz, TMBak beti izan beharko luke gaikako bilketan ahalegin guztia egin ondoren errefusa bota aurretik erabili beharreko azken aukera eta sekulan ez gaikako bilketaren ordezkoa.
Erantzun
Sartu