Teknologia albisteak

Euskal Herriko Unibertsitatearteko lehen kongresu kooperatiboa “eredu kooperatiboa egungo erronken aurrean”

Erabiltzailearen aurpegia
2015-10-30 : 13:47

Urriaren 15-16an burutu zen Euskal Herriko unibertsitatearteko lehen kongresu kooperatiboa Donostian, GEZKIk (UPV/EHU), LANKIk (Mondragon Unibertsitatea) eta IEC-ek (Deustuko unibertsitatea) antolatuta. “Eredu kooperatiboa egungo erronken aurrean” izenburupean sortutako kongresuak ekonomia sozialak eta kooperatibismoak dituen aukera, erronka eta potentzialitateak aztertu zituen.

Kongresuaren irekieran Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Iñaki Goirizelaiak; Deustuko unibertsitateko errektoreak, José Mª Guibert-ek; Mondragoiko unibertsitateko errektoreak, Vicente Atxak; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Cristina Uriartek; Enplegu eta gizarte gaietarako sailburuak, Ángel Toñak eta GEZKIko (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua UPV/EHU) zuzendariak, Aitor Bengoetxeak hartu zuten hitza.

Txileko gobernuko Ekonomia Sozialeko arduraduna

Irekiera hitzaldia Mario Radrigán-ek egin zuen, Txileko gobernuko Ekonomia Sozialeko arduradunak, besteak beste. 

Radriganek mundu mailako desberdintasun ekonomikoekin hasi zuen hitzaldia eta bideo bat ere jarri zuen gaiarekin lotuta. Bere hasierako hitzek bideoarekin batera ondorio zehatz bat azaldu zuten: desberdintasun ekonomikoa handitzen ari da mundu mailan. Ekonomia sozialak, aldiz, aberastasuna banatu izan du sortu zenetik, duela 100 urte baino lehenagotik. Argi azpimarratu zuen ekonomia soziala ez dela desio soil edota utopia bat, askok dioten moduan, errealitate bat dela eta aberastasuna sortzen duela.

Gerora, Latinoamerikara egin zuen saltoa eta neoliberalismoaren garai luzea eta gero, ekonomia sozialak bere tokia egin duela azaldu zuen. Uruguay, Brasil, Txile, Mexiko, Kolonbia edo Kuban bertako gobernuek ekonomia sozial solidarioa garatzeko erakundeak sortu dituztela aipatu zuen. Egun Txilen Ekonomia Ministerioan departamentu propioa du, eta Bachelett berak onartu du ekonomia sozialaren garrantzia.

Radriganen hitzaldi osoa duzue ikusgai bideo honetan:

Joseba Azkarraga: "Birfundazio garaia"

Eguneko bigarren hitzaldia Joseba Azkarragak, UPV/EHUko soziologia irakasleak egin zuen “Ekonomia soziala krisi sistemikoaren aurrean: birfundazio garaia”.

Egun ekonomia sozialaren egoeraren diagnosi bat egin beharraz jardun zen hasieran, krisiaren irakurketa egiteko ikuspegia aldatu beharra ere azpimarratuz. Hor barneratu zuen hazkunde ekonomikoaren inguruko irakurketa konplexuagoa bat egiteko beharra.

Ekonomia sozialak kapitala vs. lana dilemari erantzun nahi izan dio eta XX. mendean oso garrantzitsua izan dela azpimarratu zuen, baina sistema naturaletik erabat deskonektatu dela eta hori akats larritzat jo zuen; gaur egun dilema nagusia kapitala eta bizitzaren artekoa baita. 
Sistema ekonomikoa sistema ireki bat denez, ekonomia sozialak ekonomia ekologikoaren ikuspegia barneratu beharko lukeela aipatu zuen. Horretarako, kontzientzia eta kultura berri bat behar direla ziurtatu zuen. 

Agenda berria behar da: identitatea birfundatu, mugimendu kooperatibistan ekonomia ekologikoa integratu, aliantza berriak Transition mugimenduarekin edo ekonomia sozial solidarioarekin, hezkuntzan ekonomia ekologikoa txertatu, etab. 

Azkarragaren hitzaldi osoa duzue ikusgai bideo honetan:

Gemma Fajardo, Europako kooperatibismoaz

Solasaldiaren ostean, Gemma Fajardok, Valentziako unibertsitateko irakasleak eta IUDESCOOP taldeko kideak, Europako kooperatibismoa eta Europar Batasuneko politika ekonomikoen inguruko hitzaldia eskaini zuen. 

Europako kooperatibismoaren motibazio nagusia eta gaur egungo egoera azaldu zituen eta baita Europar Batasuneko Komisioak kooperatibismoa nola ulertzen duen ere.

2003an onartu zuten Europako sozietate kooperatiboen estatutua. Une horretan beste hainbat izaera juridikori izaera europarra eman zitzaienez, kooperatibei ere aukera berdina ematea erabaki zen. Hala ere, ordutik forma juridiko honek ez du garapen handirik izan, eta oso kooperatiba gutxi sortu dira. Kooperatibak eta ekonomia aoziala Eupar Batasuneko lege armonizaziotik kanpo geratu dira, nahiz eta kooperatiba europararraren sorrerak ahalbidetu duen Europar Batasunak kooperatiben onura fiskalak onartzea sententzia judizialen bidez.

Bestetik, Europar Batasuneko Komisioak enpresa sozialez hitz egiten du, horrek esan nahi duena guztiz argi ez dagoen arren. 

Fajardoren hitzaldi osoa duzue ikusgai bideo honetan:


Solasaldiaren ostean, bazkaltzeko tarte bat izan genuen bertaratutakoek eta 15:30ean ekin genien arratsaldeko mahai-inguruei.

Gizarte Eraldaketa eta parte hartzea Mondragonen

Lehenengo mahai-ingurua “Gizarte Eraldaketa eta parte hartzea Mondragonen. Potentzialak eta erronkak” izan zen. Saioa Arando, Pertsonak lankidetzan ezagutza arloko koordinatzaileak, MIK (Mondragon Unibertsitatea); Aitzol Loyolak, LANKI Lankidetzaren ikertegiko irakasle eta ikertzaileak (Mondragon Unibertsitatea) eta Raúl Garcíak, ULMA Taldeko lehendakariak hitz egiten zuten.

Eraldaketa eta parte hartzeaz jardun ziren. Aitzol Loyolak Mondragon ereduaren sorrera eta motibazioez hitz egin zuen, eta egungo egoeraz. Raúl Garcíak egunerokotasunetik ULMAko esperientziaz azaldu zuen, dituzten erronken inguruan eta martxan duten fundazioaz. 

Parte hartzeak dituen erronkez eta hutsuneez ere hitz egin zen eta mahai-inguruaren ostean galdera ugari egon ziren horren bueltan.

Mahai-inguru osoa ikusgai dago bideo honetan:

Nola susta dezake kooperatibismoa politiko publikoak

Arratsaldeko bigarren eta azken mahai-inguruan politika publikoetatik kooperatibismoaren sustapena nola egiten den azaltzeko saioa egin zen. Vega María Arnáez, Deustuko unibertsitateko irakaslea izan zen moderatzailea eta Alfredo Ispizua, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sozialeko zuzendaria, eta Javier Sanz, Elkar-lan coop.eko zuzendaria, izan ziren hizlariak.

Alfredo Ispizuak Eusko Jaurlaritzatik ekonomia soziala eta kooperatibak bultzatzeko dauden politika publiko eta laguntzen inguruan hitz egin zuen, eta bestetik, Javier Sanz Elkar-lanen funtzionamenduaren inguruan jardun zen: zenbat kooperatiba sortzen diren urteko, zein filosofia duten, etab.

Mahai-ingurua ikusgai dago bideo honetan:

19:30ean bukatu zen kongresuko lehen eguna.

Berrikuntza eta kooperatibismoa

Urriaren 16a, bigarren eguna, Berrikuntza eta kooperatibismoaren inguruko mahai-inguruarekin hasi genuen.

José Mari Usatorre izan zen dinamizatzailea eta Xabier Itçaina, Marie Bouchard, Koldo Saratxaga eta Antxon López izan ziren hizlariak.

Koldok Saratxagak landu zuen NER ereduaz asko hitz egin zen mahai-inguru honetan eta baita Xabier Itçainak Ipar Euskal Herriaz landu dituen ikerketez, Marie Bouchard-en enpresaren testuinguruaren garrantziaz eta Antxon López-en eguneroko lana egin beharraz

Mahai-ingurua osoa dago ikusgai lotura honetan:

Nazioarteko interkooperazioa, enpresa ikuspegitik

Solasaldiaren ostean, laugarren eta azken mahai-ingurua burutu zen, nazioarte mailan izan beharreko interkooperazio kooperatiboaz enpresa ikuspegitik. Alejandro Martínez izan zen moderatzailea eta Txileko ikuspegia Mario Radrigán-ek eman zuen, Euskal Herrikoa Oskar Goitiak, Uruguaykoa Graciela Fernándezek eta Portugalekoa Jerónimo Teixeirak.

Interkooperazio kooperatiboa beharrezkoa dela ondorioztatu zuten eta konfiantzan oinarritu behar dela harreman hori. Besteak beste, helburu argi eta agenda zehatz bat behar dela aurrera egin ahal izateko. 

Mahai-inguru osoa ikusgai dago lotura honetan:

Kongresuari amaiera emateko, itxiera eman zioten hiru unibertsitateetako ekonomia sozialeko institutuetako zuzendariek.

Erantzun

Sartu