Uztailaren 2an, 'Un día nada más' El Drogasen diskoa grabatu zuten Iruñeko Zitadelan, ahaztezina izan zen kontzertu erraldoian. Abeslariak bere etxeko ateak zabaldu zizkigun, eta sekula aurretik entzun ez dituzun istorioak kontatu zizkion GAZTEZULOri.
Barricada nahiz Txarrena taldeen baitan, edota ‘El Drogas’ soil gisa, bere ekarpenek kale-kolore berezieta nahasezina dute. Denborari eta garai iragankorrei partida irabazi die Enrique Villareal Armendarizek (iruñea, 1959).
Aro berri bat arnastu eta irudikatu nahian, trajea eta korbata jantzita ikusi ohi dugu azken urteotako emanaldietan. Argazkietarako San Kristobal gotorlekuan egin dugun zitara Drogas jatorrizkoena agertu zaigu ordea: larruzko txupa eta botak, galtza ilunak, zapia buruan… eta gitarra –ez baxua, “jada ez”–. Mamen bikotekideak –“soziak”– ekarri du, Ford Ka batean.
Makillajeak eta hitz hutsalak alboratuta, azkenaldian beste inoiz baino zorrotzagoa eta erradikalagoa sumatzen zaitut adierazpen publikoetan. Badakizu hori beti izaten dela erakargarria kazetariontzat...
Lehen pentsatzen nuen Barricada izeneko talde baten kide izate hutsak azalpen edo aurkezpen gisa balio zuela; taldearen beraren ibilbideak, sinesgarritasunak, aukeratutako izenaren pisuak ez zutelako itxurakeriarako tarterik uzten. Orain, ordea, ulertu dut oso argia izatea komeni dela, zalantzak eduki arren. Ni, behintzat, uneoro nabil neure usteak berrikusten, baina ez daukat adinik ezta gogorik ere politikoki zuzena izateko. Ez dut inoiz hala sentitu neure burua, baina Barricadarekin gertatutakoak asko irakatsi dit zentzu horretan, eta beste inoiz baino zorrotzagoa naiz orain.
Bestalde, ez da nolanahiko erronka hamaika ikusi, entzun eta esandakoa den norbaiti zer edo zer berriaren bila zukua ateratzea.
Ba espero dut kontatzera noatzunak balio izatea! Azken lau urteotan hiperaktibitate maila itzelean gabiltza bederen! Nik neuk asko bultzatu dut; baina inguratzen nauen bandak ere lagundu nau, eutsi nau, estropezu egitera eraman nau tarteka… eta horrek are azkarrago ikasteko balio izan dit… Zortzi urte daramatzat beraiekin, baina Demasiado tonto en la corteza (Maldito Records, 2013) atera genuenetik… ostia! Sinestezina da daramagun erritmoa.
Atsegin al dituzu kazetariak? Zer moduz daramazu guzti honen alderdi mediatikoa?
Oso gaizki. Ezin dut orokortu, denetarik dago… baina, printzipioz, kazetariekin gaizki konpontzen saiatzen naiz. Konturatu nintzen asko besarkatzen nindutela, benetan, ONCEko txartela nire konkor gainetik pasatzen zebiltzala, zorte onaren bila-edo. Hortaz, Barricadaren auzia inflexio puntua izan da jende eta kazetari askorekin izan dudan harremanean, bereziki Nafarroakoekin. Zorionez, soziak asko laguntzen dit.
[...]
ELKARRIZTEKA OSOA GAZTEZULO.EUS-EN
Erantzun
Sartu