Agenditisa: internet euskaldunaren beste zatiketa bat
Atzo aurkeztu zuten Kultur Gidaren harian erabaki dut artikulu hau idaztea. Euskaldun guztiok dakigu herri txiki honetan gutxi izanda, lanak bildu eta indartu ordez, bakoitza bere aldetik doala. Pentsatzekoa zen interneten distantziak oraindik gertuagoak eginik arazo hau gutxitzeko aukerak zeudela, baina itxura batean ez...
Eusko Jaurlaritzaren Kultur Gida webgunera aproba egitera sartzen denak azkar ikusiko ditu webguneak dauzkan gabeziak eta sobran daudenak. Baina badago zerbait larriagoa, nire ustez gaur egungo euskal internet munduaren gaixotasun handienetakoa dena eta Iban Zalduari azkeneko Argian imitatuz asmatu dudan agenditis hori da.
Webgune guztietan jarri nahi dugu ekitaldien agenda. Garrantzitsua da. Bilatzaileetan ondo egotea laguntzen du, automatikoki webgunea eguneratzen den inpresioa ematen du, erabilgarria (ez beti) gure erabiltzaileentzat... Adibideak mila: Sustatu bera , dantzan.com , Gaztelupeko Hotsak , Berria.info , SuTaGar ... Googlen bilatzea besterik ez dago hortaz konturatzeko. Gainera, agenda izatera propio zuzendutako webguneak ere badauzkagu: Argiaren Gure Agenda , KulturWeb edo atzo aurkeztutako Eusko Jaurlaritzaren Kultur Gida bera.
Beraz, mundu txiki honetan zerbaitetaz enteratu nahi duenak, batera eta bestera joan beharko du, enteratu arte. Ez da absurdua, Internet-en eta konpartitutako informazioaren garaian hau gertatzea? Zenbat aldiz tekleatuko da antzerki bakoitzaren izenburua, data, tokia eta testua?
Kontua da teknologiak arazo hau gainditzeko aukera eskaintzen duela, baina dirudienez ez gara ados jartzen. Aurretik hainbeste aldiz gertatu den bezala, bakoitza bere aldetik. Herri eta komunitate txikienetan ere gertatzen da hori Euskal Herrian.
Soluzioa RDF-a da
Soluzioa RDF-a da. RDF-a XML lengoaiaren dialekto bat da. Datuak formatu estandar batetan jartzeko sistema bat besterik ez. Adibidez,
<item rdf:about="http://www.sustatu.com/RV_Events/zzrv1066043383">
<title>Unai Elorriaga idazlea Tolosan</title>
<link>http://www.sustatu.com/RV_Events/zzrv1066043383</link>
<ev:type>hitzaldia</ev:type>
<ev:organizer>Galtzaundi euskara elkartea</ev:organizer>
<ev:location>Tolosa, Kultur etxeko aretoa</ev:location>
<ev:startdate>2003-10-16</ev:startdate>
<ev:enddate>2003-10-16</ev:enddate>
<ev:subject>literatura</ev:subject>
</item>
Garbia ez da? Formatu horretan edozein ordenagailuk irakurri ahal izango luke gure ebentua, gainera informazio gehiagoren bila bisitaria guregana bidaliz!
Orduan nik planteatzen dudan aukera da:
- Sor dezagun webgune kudeatzaile guztiok (webgune dinamikoa dugunok gutxienez) RDF horiek automatikoki sortzeko sistema.
- Utz dezagun RDF hori bistan, beste edonork hartzeko moduan.
- ... eta sor dezagun atari bakar bat, kontsulta anitzak egiteko modua eskainiko duena eta kasuan kasuko informazio iturrira desbideratuko duena erabiltzailea.
Ez da modu hau lan egiteko logikoagoa? Ez dugu sarean gaudela aprobetxatu behar?
Erantzunak kargatzen...