Teknologia albisteak
1

Ahozko Euskal Literaturaren Antologia liburuaren aurkezpena: "infinitoaren laburpena"

Erabiltzailearen aurpegia
2014-02-12 : 18:56

Etxepare Euskal Institutuak Xabier Payak idatzi duen Ahozko Euskal Literaturaren Antologia aurkeztu du. Euskal Antologiak Saileko hirugarren titulua den honetan  ahozko literatura ikuspegi panoramiko eta poliedrikotik aztertu du egileak, zortzi genero ardatz hartuta: bertsolaritza, koplak, genero epiko-lirikoa, herri antzerkia, heziketa generoa, egunerokoak, genero errituala eta genero aplikatuak. Institutuko argitalpen guztiak bezala  hirueleduna da (euskara, gaztelania, ingelesa).  

“Lan erreferentziala” Aizpea Goenagarentzat; “harribitxia” Mari Jose Olaziregiren iritziz; “opari gozagarria” Joxerra Garziaren ustez.  Bere ibilbidean mugarri bilakatuko den lana, Payaren esanetan. “Haizeak eraman ez zuena” jasotzeko egin duen lana egitazko abentura izan dela adierazi du.

“Euskararen eta euskal literaturaren zabalkunde lana estrategikoa da Institutuarentzat”, Aizpea Goenaga zuzendariak aurkezpenean adierazi duenez. “Ahozko literatura oparoa eta askotarikoa da” gaineratu du, Koldo Mitxelenaren hitzak gogoratuz, “eta erabili daitezkeen irizpideak , anitzak”. Horregatik “Xabier Payak onartu zuen erronkaez zen makala. Baina emaitza ikaragarria izan da”, azaldu du.

Antologiak zeresana emango duela uste du Mari Jose Olaziregi bildumaren zuzendariak, ahozko literaturaren gutxiespena egiten dutenen ignorantzia erabatekoari aurre egitearen garrantzia azpimarratuz. “Euskal ahozko literaturaren ikerketan egon diren mugarri guztiak aitortzen ditu Payak”. Olaziregiren esanetan XIX. mendeko biltzaileengandik hasita, Lekuonatarren ekarpenarekin edo Marya Goiri mintegiaren jarraituz, eta Joxerra Garziaren paradigma berritzailera heldu arte. “Payak ekoizpena-transmisioa-harrera-funtzio soziala kontuan hartuz egindako sailkapen hori baliatzen du, aldaketa gutxi batzuk gora behera, antologia hau apailatzeko”. “Verba Volant, scripta manent. Esaerak jatorriz gaur egun daukan zentzuaren kontrakoa esan nahi zuen: ahoz esaten denak hegan egiten du, indar hartzen du, idatziz dauden hitzak hilak daude. Horregatik du ahozkoak duen indarra. Horregatik du antologia honek daukan erakarmena”.

Olaziregik eskerrak ere eman nahi izan dizkie José Luis Agote liburuaren diseinuaren eta maketazioaren arduradunari eta Pamiela argitaletxeari,  Xamarren “Orhipean” liburuko ikustrazioak erabiltzeko baimena emanez izan duen eskuzabaltasunagatik.

Joxerra Garziak antologia ahozko literaturaren “infinitoaren laburpena” dela azaldu du. Egileak sailkatzen, aukeratzen eta txukuntzen egindako ahalegina eta ausardia azpimarratu ditu, bai eta puntako ikertzaileen irizpideen araberako lana dela ere. “Aurrerapauso  handi eta nabarmena” dela esan du, egin beharreko ikerketaren oinarriak finkatzen dituena. Eta gainera, oso gustura irakurtzen dena: “bizi bezain bizigarria den lana oparitu digu, irakurri gustagarria eta ikerketa mapa ezinbestekoa  proposatzen duena”.

 "Hartu dudan gozatua ez  da 500 orrialdetan biltzen”, adierazi du Xabier Payak, abentura eta eztabaida horretan bidelagun izan dituen horiei eskerrona adierazi die:  Belen Altuna, Kike Amonarriz, Joxerra Garzia, John Miles Foley, Jabier Kaltzakorta, Cameron J. Watson eta  Zornotzako Barnetegia.     

Bernardo Atxagaren trikuaren poema gogora ekarri du Payak: euskal literaturaren trikua 1545. urtean esnatu zen, bai, euskaraz idatzitako lehen liburua argitaratu zenean, “baina trikua isilik zegoen bitartean txoria kantuan ari zen”.  Eta txoriaren ekarpena kontuan hartzeak erabat aldatzen du ikuspegia, egilearen ustez. “Orain bitarte horretan gertatu zena liburu batean bilduta dago”. Gaineratu du, horrela eta bertsio hirueledunean jasotzeak atzerriko ikasleentzat eta ikertzaileentzat duen balioa azpimarratuz.

Ahozko literaturaren ikuspegi panoramikoa eta poliedrikoa lantzen saiatu dela esan du egileak. Ikuspegi ezberdinak uztartzea ezinbestekotzat dauka, horrek ematen baitio ahozko literaturari duen egitazko balioa.  Generoak definitzea izan da lan handienetako bat, Payaren esanetan. Orain arte txikitzat jo diren hainbat generoei –zirtoa, txistea…-  dagozkien tokia ematea erabaki du antologian, txikiak izanagatik “funtzionalki oso garrantzitsuak direlako”.

Aurreko antologiak bezala, hau ez da saltzeko liburu bat, nazioarteko unibertsitate, ikerketa zentro, jaialdi, erakunde, sareetan oparitzeko lana baizik; horrez gain www.etxepare.net web orrian ere eskuragarri dago. 

Erantzunak

2014-02-13 : 22:18

Ekimena, ondo. Baina ez luke laueleduna izan behar? Frantsesa falta. Edo elebiduna, gaztelania kenduta.

Erantzun

Sartu