Korrika 24 gaur abiatuko da Atharratzetik, ETB1 ON kate berriaren zuzeneko emanaldi batekin (14:30etatik aurrera), eta Comisiones Obreras (CCOO) sindikatuaren parte-hartze kantzelatuarekin tartean. Azken auzi honen inguruan, atzo agiria kaleratu zuen AEK-k, prentsaurreko baten bidez bere bertsioa eman CCOOk, eta gainera PSE-EE alderdiak ere zabaldu zuen agiri bat ez dutela parte hartuko Korrikan.
CCOOren kontua izan da agerian utzi duela Argia aldizkariaren ikerketak, partehartze zuzena izan duela sindikatuak, Euskara Denontzat taldearekin batera, Errenteriako lan deialdi publiko baten inpugnazioan, euskara maila jakin bat eskatzen zelako bertan. Argiaren ikerketek aditzera ematen dute beste kasu batzuetan ere apropos ari dela CCOO halakoak sustatzen, oldarraldi judiziala esan izan zaionaren eragileetako bat dela agerian geratuz.
Albiste horien argitan, eskaerak izan dira azken egunetan AEK-ri posizionamendua eskatuz, aldez aurretik agertu baitziren Korrika eta CCOO publikoki lekukoa hartuko zutela-eta sustapena egiten (AEK-k beste hainbat eragilerekin sustapen ekintzak iragarri dituen bezalatsu). Atzo jakinarazi zuen AEK-ren nazio kontseiluak, CCOOrekin elkartu zirela astelehenean, eta hona bilkuraren eta ondorengo erabakien berri nola eman zuten atzo.
AEKren Nazio Kontseilua CCOO Euskadiko ordezkariekin bildu zen astelehen arratsaldean, ARGIAK publikatutako informazioen harira
Honakoa adierazi zien AEKK CCOO Euskadiko ordezkariei:
AEKK zilegitasun eta sinesgarritasun osoa ematen die publikatutako informazioei. Horietan agertzen denaren arabera, demostratutzat jotzen dugu helegite horien atzean, norbanako batzuen interesen aldeko jardunbidea ez ezik, modu antolatu eta sistematikoan helegiteak hauspotzen dituen talde bat ere badagoela, eta talde horretan badaudela CCOO Euskadi sindikatuarekin zerikusia duten pertsona esanguratsuak.
Jardunbide antolatu eta sistematiko hori badoa euskararen ezagutza unibertsalaren kontra, euskara alor guztietan erabiltzeko nahi orokorraren kontra eta, finean, euskaldunon hizkuntza-eskubideen kontra; hau da, Korrikaren mezuaren aurkako jardunbidea da eta, jakina, AEKren jardunaren aurkakoa ere bai.
Hori dela-eta, AEKren ustez, kontraesana dago Korrikaren mezuaren zein AEKren diskurtsoaren eta jardunbide horien artean, eta, beraz, bateraezintzat jotzen dugu jardunbide horiek sustatzea eta/edo ontzat ematea, batetik, eta 24. Korrikan CCOO Euskadiko zuzendaritzak lekukoa eramatea, bestetik.
24 orduko epea eman genien horren aurrean zer jarrera hartuko zuten jakinaraz ziezaguten, eta CCOO Euskadik berak adierazi zigun, atzo —martxoak 17— ez duela bere burua 24. Korrikan ikusten, eta, hortaz, ez duela parte hartuko euskararen aldeko ekimenean.
Sindikatuaren erantzuna agerraldi bidez iritsi zen, atzo bertan grabatu zuten bideo hau, eta inguruko albiste hau (gaztelaniaz) argitaratu. Sindikatuaren kontrako "apartheid soziala" eragitea leporatu die eragile batzuei (izenik eman gabe, ezta AEK-rena ere) CCOOk, eta defenditu ditu oldarraldi judizialean mugarri izan diren deialdi batzuen debekua, hori hizkuntza politika "integratzailea eta ez segregatzailea" bultzatzeko egiten dutela zehaztiz.
CCOOrena ikusita, elkartasunez edo, PSE-EEk ere agiri bat kaleratu du (PSNren berri ez dakigu ordu honetan), honakoa:
PSE-EEren Batzorde Betearazleak Korrikaren 24. edizioan parte ez hartzeko erabakia hartu du, antolatzaileek Comisiones Obreras sindikatuaren zuzendaritzari betoa jarri diotela jakin ostean.
CCOOeko ordezkaritza Korrikatik kanpo uztea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da, eta euskararen ikaskuntzari eta erabilerari buruz kontzientziazioaren eta hizkuntzaren inguruan adostasunak sortzen lagundu beharrean, sustatzen duen aniztasunetik oso urrun dagoen eremu batean kokatzen du ekimena.
Alderdi Sozialistako kargu organikoek ez dute parte hartuko 24.Korrikak aurreikusitako jardueretan, bazterketa-politika horrek irauten duen bitartean. PSE-EEk, nolanahi ere, etorkizunean erakundearekin izango duen harremana baloratuko du.
Hamarkadetan zehar gertatu den bezala, Alderdi Sozialistak euskararekin zerikusia duten arlo guztietan — gizartean, hezkuntzan, lanean, legegintzan...— hizkuntza sustatzeko eta pertsonen hizkuntza eta lan-eskubideak errespetatzeko jarrera argia mantenduko du, eta guztietan elkarrizketa, adostasuna eta akordioa bultzatuko ditu, edozein ideologiaz edo inposatzeko edozein ahalegin baztertuz.
Kontu horietatik aparte, Korrika aurrera doa. Jarraitzeko:
Erantzun
Sartu