Teknologia albisteak

"Basque Literary History" liburua aurkeztu dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia
2013-03-13 : 17:18

2013-03-13 AEBetako Renoko University of Nevadako Center for Basque Studies nazioarteko ikerketa guneak BASQUE LITERARY HISTORY euskal literaturari buruz ingelesez sekula idatzi den lehen historia aurkeztu gaur du Donostian. Mari Jose Olaziregi
Euskal Filologian doktorea, Literatura irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean eta Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria izan da izan da edizioaren arduraduna eta hitzaurrearen idazlea.

 

Olaziregirekin batera  beste hamabi euskal adituk hartu dute esku liburuan: Jesús María Lasagabaster, Igone Etxebarria, Joxerra Garzia, Aurelia Arkotxa, Beñat Oyharçabal, Jean Haritschelhar, Lourdes Otaegi, Patri Urkizu, Xabier Altzibar, Xabier Etxaniz, José Manuel López eta Estibalitz Ezkerrak. Ingelesezko itzulpena Amaia Gabantxok egin du.

 


Aurkezpenean
Joseba Zulaikaantropologo, ikertzailea eta idazlea, berak zuzentzen duen Renoko Center for Basque Studies zentrotik aurkezpenera propio etorri dena, Mari Jose Olaziregi Basque Literary History liburuaren editorea eta atal baten egilea eta beste hainbat atal idazteko ardura izan dutenetako batzuk izan dira: Aurelia Arkotxa Baionako Unibertsitateko irakaslea eta idazlea, Patri Urkizu UNEDeko irakasle emeritua eta idazlea, José Manuel López EHUko irakaslea eta idazlea eta Xabier Altzibar EHUko irakaslea eta idazlea.

 

Mari Jose Olaziregik azaldu duenez, Basque Literary History sei urtez luzez eta askoren artean egindako lana da, talde-lanean egindakoa baino gehiago. “Kapituluka antolatuta dago, modu klasikoan, kapitulu bakoitzari mende bat baitagokio XX. mendea arte, eta generoka ere bai, XX-XXI. mendeko literaturari ekiten dionean. Bere irakurketak euskal literaturak izan duen bilakaeraren ikuspegi bat eskaintzen du, bai eta literatura horretan eragina izan duten baldintza sozio-historikoena eta gure literaturak euskal gizartean izan duen lekuarena ere.  Beste alde batetik, aniztasun kritikoa da nagusi askoren artean egindako lan honen ekarpenetan, eta kapitulu guztiak bat datoz lanen azterketa kritikoari emandako garrantzian”.

 

Olaziregiren esanetan, esanguratsua da XX. mendeko euskal literaturak duen lekua. Garrantzi hori joan den mendean euskaraz egindako literaturak izan zuen hazkunde nabarmenak ez ezik, euskal literatura euskal gizartean jarduera autonomo gisa orduantxe instituzionalizatu izanak ere justifikatzen du. Nahiz eta liburu  hau aspalditik azpimarratutako behar bati erantzutera datorren, ez baitago, dakigunez, ingelesez argitaraturako euskal literatura gaurkoturik, egia da eman diogun izenburuak, A Basque Literary History, azalpena behar duela, osatzen duten hitz guztiak nahasiak eta eztabaidagarrik izan baitaitezke.

 

Literary History hitzak askoz ohikoagoak diren History of Literature erabili beharrean erabiltzeari buruz ere azalpenak eman ditu. “Izan ere, liburu honetan parte hartu zutenei eskatu genien euskal literaturako lanetako testuen azterketa egiteaz gain, azal zitzatela euskal literatura deitzen diogun instituzio sozial  horren alderdiak. Ez dugu literatura ulertzen maisulanen multzo bat bezala, baizik eta sistema sozio-kultural bezala eta izaera komunikatiboa duen fenomeno bezala. Euskal polisistema literarioa erakusteko interesak eraman gaitu gure sistema literarioan nagusi ez diren generoak eta esparruak sartzera, esate baterako, ahozko literatura, haur eta gazte literatura edo itzulitako literatura”.

 

“Une honetara iritsita  -jarraitu du Olaziregik-, hirugarren terminoari heldu behar genioke, zalantzarik gabe. Basque terminoaz ari naiz. Irakurlea berehala ohartuko da liburu ia osoa euskal literaturari eskainitakoa dela, alegia, euskaraz idatzitako euskal literaturari. Hautu horrek azalpena merezi du, euskaraz idatzitako literatura ez baita izan euskal errealitatearen adierazpen literario bakar eta erabatekoa, euskara hizkuntza bera izan ez den bezalaxe. Jesús María Lasagabasterrek bere sarreran egoki nabarmendu duenez, Las Literaturas de los vascos (2002) argitalpen adierazgarrian egin zuenaren bidetik, euskaraz idatzitako literaturaz gain, bada gaztelaniaz eta frantsesez idatzitako literatura, euskal literatura gisa identifika genezakeena, idazleen jatorria, gaia edo literatura horretan aditzera ematen den euskal munduaren ikuskera berezia ere kontuan izanda.  Hori aintzat hartuta, Lasagabasterrek euskal herritarren literaturei buruz hitz egiten zuen, eta hurbilpen postnazionalaren aldeko apustua egiten zuen, alegia, euskal herritarrek beren hizkuntza desberdinetan idatzitako literaturen berri emango duen hurbilpenaren aldekoa. Horretan dihardu Joseba Gabilondok eta guk gure liburuan ataltxo bat soilik sartu dugu beste hizkuntza batzuetan idatzitako euskal literaturei buruz”.

 

Bukatzeko, Mari Jose Olaziregik esker ona adierazi die liburuko partaide guztiei haien “eskuzabaltasuna eta pazientziagatik”, Nevadako (AEB) Unibertsitateko Center for Basque Studies-i, argitalpena dela eta, baita EIZIEri ere, www.basqueliterature.com euskal literaturaren atariari lotuta hasi zen ibilbide honi adore emateagatik.

 

Joseba ZulaikaRenoko Center for Basque Studies guneko zuzendaria oso pozik agertu da aurkezpenean, eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntza eskertu du. Liburua Estatu Batuetako 300 liburutegietan banatuko dute, eta beste hainbeste ale salgai jarri hainbat euskal liburutegitan zein interneten. Aurerrago pdf-a CBSko web gunean eskegitzeko asmoa ere aderazi du. Euskal gaien zabalkunderako ingelesez argitaratzea ezinbestekoa dela azaldu du, “bestela ez dago nazioarteko testuinguruan inolako presentzia lortzerik, ezta arlo akademiko anglosaxoiean ere”.

 

Bere ardurapeko atalak jorratzeko  “perspektiben aldatzeak biziki garrantzitsua” izan delaadierazi du Aurelia Arkotxak, Beñat Oyharçabalekin batera XVI eta XVII. mendetako literatura jorratu duenak.  Xabier Altzibarrek saiakeraren garrantzia aipatu du, eta gerra ostean genero horrek paratu zuen susperraldiaren garrantzia nabarmendu. Patri Urkizuk, berriz,euskal antzerkiari buruzko atala idatzi du eta berak ere euskal literaturaz ingelesez argitaratzea zein estrategikoa den azpimarratu nahi izan du Basque Literary History liburuaren auzkezpen ekitaldian.

 


OBRAREN FITXA

 

Izenburua: Basque Literary History, Mari Jose Olaziregik editatua.

 

Argitaratzailea: Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno: 2013.

Bilduma: Ocasional Papers. Cameron Watson eta Joseba Zulaikak zuzendutakoa. 370 orr.

 

Itzulpena: Amaia Gabantxo.

Maketazioa eta diseinua: José Luis Agote. Azala: Juan Azpeitia.

 

Aurkibidea:

 

Hitzaurrea: Mari Jose Olaziregi

Sarrera: Euskal Historia Literarioa, Jesús María Lasagaster

 

I.                   AHOZKO EUSKAL LITERATURA:

 

         a. Ahozko euskal literatura. Igone Etxebarria

         b. Bertsolaritzaren historia.  Joxerra Garzia

 

II.                LITERATURA KLASIKOA (XVII-XIX. mendeak)

 

         a. XVI. mendea: Euskal literaturaren hasikinak,

         Aurélie Arcocha-Scarcia & Beñat Oyharçabal

 

         b. XVII. mendea: Iparraldeko letren garapena.

         Aurélie Arcocha-Scarcia & Beñat Oyharçabal

 

         c. XVIII-XIX. mendeak: mugaz haraindiko zubiak. Jean Haritschelhar

 

III.              EUSKAL LITERATURA MODERNOA: XX eta XXI. mendeak.

 

         a. Fikziozko munduak: euskal narratibara hurbiltzen. Mari Jose Olaziregi

        

         b. Euskal poesia modernoa: Lourdes Otaegi

        

         c. Euskal antzerkia: kostunbrismotik sinbolismo politikora. Patri Urkizu.

 

         d. Euskarazko saiakera. Xabier Altzibar Aretxabaleta.

        

         e. Euskal haur eta gazte literatura. Xabier Etxaniz Erle.

        

         f. Itzulitako euskal literatura: José Manuel López Gaseni

        

         g. Euskal herritarren gainerako literaturak: Estíbalitz Ezkerra

 

IV.              Gaien eta izenen araberako aurkibide.

 

V.                 Parte-hartzaileen curriculumak.

Erantzun

Sartu