Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean duen Koldo Mitxelena Katedraren aurtengo edizioa abian da jada. Renoko Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies gunea zuzentzen duen Joseba Zulaika antropologoa da aurtengo irakaslea, eta ikastaroaren gai nagusia, “Bilboko Guggenheim Museoa: museoak, arkitektura, hiriaren eraberritzea”. Ikastaroa urtarrilaren 6an hasi zen eta otsailaren 1ean amaituko da; fakultate ezberdinetako graduko zein graduondoko ikasleak erakarri ditu.
Guggenheim Museoak Bilbon izan duen eraginaren bitartez, industria ondorengo hiri baten irudia eta erakarpen turistikoa eraldatzeko arkitekturaren gaitasuna aztertzea da Joseba Zulaikaren helburu nagusia. Izan ere, “Guggenheim efektua” halabeharrezko ikerketarako gai bilakatu da arkitektura, museogintza, eraberritze urbanoa edo turismoa jorratzen duten mundu osoko ikasketetan.
Milurteko bukaerako Bilbo hiria hainbat gaien arteko mendekotasuna erakusten duen adibide paradigmatikoa bilakatu da, Zulaikaren ustez, hala nola museo-kultura, nazioarteko arte merkatua, arkitektura ikusgarria, turismoa, tokiko identitate-politikak, hiri-birsorkuntzaren aldeko diskurtsoak, komunikabideak, estrategia kapitalista berantiarrak eta irudi nazionalen salmenta promozionala mundu postmodernoan uztartzen dituelako. Hala, ikastaroaren hurbiltzea ere diziplina anitzekoa da: kultura-ikasketak, antropologia, urbanismoa eta arkitektura, museoak eta herri-kultura.
Katedrarekin batera bi hitzaldi ere emango ditu Joseba Zulaikak Chicagoko Unibetsitateko Division of Humanities sailean. Lehena atzo izan zen: bertan alokutiboaren erabileraren alde antropologiko zein linguistikoak aztertu zituen Chicagoko Unibertsitateko irakasle den Karlos Arregirekin batera. Gaur, berriz, “Gernika, Bilbo eta Minotauroa: Picassotik Gheryra” gaia izango du hizpide Zulaikak.
Etxepare Euskal Institutuak Koldo Mitxelena euskal hizkuntzalariaren izena daraman eta Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea xede duen katedra zabaldu zuen 2012. urtean Chicagoko Unibertsitatean. Division of Humanities izeneko sailean txertatuta dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat hartzen du. Lourdes Oñederra Euskal Herriko Unibertsitateko fonologiako katedraduna izan zen katedra honetako lehen irakasle gonbidatua.
Orotara, euskal ikasketen hiru katedra ditu Etxepare Euskal Institutuak munduko hiru unibertsitate esanguratsutan: 2011. urtean martxan jarri zen Bernardo Atxaga Katedra City University of New York-en(AEB), 2012an zabaldu zen Koldo Mitxelena Katedra Chicagoko Unibertsitatean (AEB), eta 2013ko udaberrian Frankfurteko Goethe Unibertsitatean (Alemania) abiatuko den Eduardo Chillida Katedra.
Erantzun
Sartu