Katalan hizkuntza eta kultura kanpoan sustatzea xede duen Ramón Lluli Institutuko zuzendari den Vicenç Villatoro idazle eta kazetariak “Lengua y cohesión social. La experiencia catalana” hitzaldia emango du urtarrilaren 8an, 19:00etan, Donostiako San Telmo Museoko BADU, BADA erakusketan.
Vicenç Villatoro (Terrassa, 1957) idazlea eta kazetaria da. Idazle gisa dozena bat eleberri plazaratu ditu, hala nola Evangeli gris (1981), Memòria del traïdor (1996), La claror de juliol (1997), Hotel Europa (1992) eta La ciutat del fum (2001). Kataluniako literatura sari garrantzitsuenak eskuratu ditu: Sant Jordi, Sant Joan, Ciutat de Barcelona, Ciutat de Palma, Prudenci Bertrana, Documenta, besteak beste. 2004. urtean Carlemany saria jaso zuen La derrota de l’àngel eleberriarekin eta 2010. urtean Ramon Llull saria Tenim un nom lanari esker. Poesia, memoriak, zabalkundea edota saiakera alorrak ere jorratu ditu. Bere azken lana Sense invitació (2011) poema-bilduma da.
Kazetari den aldetik Diari de Terrassa, El Correo Catalán, Avui eta TV3n aritu da beharrean. Avui egunkaria zuzendu zuen 1993 eta 1996 urteen artean. TV3ko Kultur Saileko zuzendaria ere izan da eta Trossos eta Crònica3 saioetako zuzendari eta aurkezle. Millenium eta De llibres telebista saioak ere aurkeztu ditu. Kataluniako Irrati eta Telebistako zuzendari izan zen 2002tik 2004ra. Gainera, kolaboratzaile gisa ere aritu da beste hainbat komunikabidetan eta UABko Informazio Zientzien Fakultatean Iritzi Generoak gaia irakatsi du.
Villatoro Kataluniako Generalitateko Kulturaren Sustapenerako zuzendari orokorra izan zen (1997-2000), bai eta Parlamenteko diputatua, 1999 eta 2002 bitartean, CIU alderdiarekin. Fundación Enciclopedia Catalana-ko zuzendari, erakusketen komisario eta filmetako gidoilari ere izandakoa da.
Erantzun
Sartu