Teknologia albisteak

Lourdes Oñederraren "Intemperies (babes bila)" liburuaren aurkezpena

2013-04-11 : 12:28

Lourdes Oñederra irakasle eta idazleak liburu berria argitaratu du, "Intemperies" (Erein, 2013). Aurkezpen ekitaldia datorren apirilaren 15ean izango da, goizeko 11:00etan eta Donostiako udal liburutegiko Sotoan.

Nobela honetako pertsonaiek beren egunerokotasuna bizi dute: bete egiten dute nola edo hala, ahal duten bezala. Ahal duten bezala aurrera egiten dute, beren oraina antolatuz iraganaren zama gainean dutela, etorkizunari nola begiratu ez dakitela. Elkarren beharrean daude agian eta elkarren beldurrez ere bai ziurrenik, ausartu ezinik baina nahirik.

Ausartu ezinik, beharraren ezagutzarik ezagatik apika, edo ziurtasunik ezagatik. Bizitza zaila baita, erraza denean ere, dena ondo doanean ere, arazo nabarmenik ez dagoenean ere. Zaila da, ez dakigulako asko, besteez, geure buruaz. Esan liteke, halaber, nobela honetan ez dela gauza handirik gertatzen. Baina gauza jakina da asko gertatzen dela, ezer (berezirik) gertatzen ez denean ere.

Eguneroko bizitzan, gehieneon egun gehienetan ez dira jazotzen nobeletan eta filmetako gai izan ohi diren gertakari handi, tragiko edo heroiko horiek, zori on edo zori gaizto txundigarri horiek. Halaz ere, hor dago bizitzaren erronka eta zaila da komunikazioa; hitzak ditugu, baina hitzak ez dira aski edo ez ditugu aurkitzen edo ez dakigu zehazki zertarako nahi ditugun, zeren bila gabiltzan hitzen artean, zer esan nahi dugun, esateko beharrak kiskaltzen bagaitu ere…

Nolanahi ere, amodiozko nobela paregabea.

Argitalpenari buruzko informazio gehiago, Erein argitaletxearen webgunean eta hona hemen prentsa-oharra PDF formatuan. Liburuaren pasarte bat ere irakurri daiteke.

Lourdes Oñederra

Lourdes Oñederra Olaizola Donostian jaio zen 1958an. Hizkuntzalaria da (Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Euskal Filologian doktore). Gasteizko EHUko Filologia Fakultatean egiten du lan Fonologiako irakasle gisa. Katedradun eta Euskaltzain osoa da. Ramon Saizarbitoriaren Ehun metro nobelari idatzitako epilogoaren zein Ere eta Oh, Euzkadi!, Hika, Argia, Bake Hitzak eta Erlea aldizkarietan argitara emandako artikulu askoren egile da. Euskaldunon Egunkarian zutabegile eta Noticias de Gipuzkoan artikulugile ere izan da. 

Eta emakumeari sugeak esan zion izan zen Lourdes Oñederraren lehen nobela. Sari Nazionalerako aukeratua izan zen eta hainbat sari jasorik dago Euskadi Saria baino lehen: Kritika Saria 1999, Beterriko Liburua 1999, Zilarrezko Euskadi 2000. Gaztelaniara, errusierara eta ingelesera itzuli da nobela.

Aipagarriak dira “Anderson anderearen gutizia” ipuina (
Mende berrirako ipuinak. Antologia, 2005) eta 2007an Patrick Süskind-en Sommer jaunaren istorioa (2007) liburuaren itzulpena.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago