Teknologia albisteak

ENA zuri laguntzeko zure laguntza eske

2016-06-01 : 10:48

Gehienek ezagutzen dituzue datorren urtean 20 urte beteko duen elkartea eta egiten duen lana: ENA Euskal Nortasun Agiria, liburuak, hitzaldiak, erakusketak... Hasieran batu ginenok ez genuen uste hain urrutira helduko ginenik, izan ere, une honetan 37.250 ENA agiri baitaude eginda. Hau da, herritarren %1,2k badugu eta gehienok erabiltzen dugu supermerkatuetan, udaletan… nor garen erakutsi behar dugunean. Gure kalkuluen arabera, ia bi hamarkada hauetan  1.200.000 aldiz baino gehiago erabili izan da.

Agiria hainbeste lekutan onartu izana pozgarria izan da eta gehiago herritar askok ENAren bidez haien abizenak edo kale izenak euskaraz nola idazten diren ikasi izana, edo jasotzean batzuei ze poz aurpegia jarri zaien ikustea.

ENA Agiriaz gain, ondoren beste ideia batzuk ere gauzatu ditugu: Sendi Agiria etxekook nortzuk garen erakusteko (guraso eta seme-alaben datu eta argazkiekin), Jatorri Agiria (norberaren izen-abizenen esanahia, jatorria...) eta Euskal Herriko zein beste herritako nortasun, herritartasuna, naziotasunari buruz bildu dugun liburutegi ederra eta gai horiei buruz idatzi ditugun liburu eta liburuxkak ere: Euskal Izendegi Bateratua, Identifikazio moduak mundu zabalean, Eskualde bereziak eta eraikuntza nazionala

Uzta ona izan eta orain webgune berri bat egiten ari gara herritarrei euskal izenen esanahia kontsultatzeko, euskal abizenak nola idatzi behar diren jakiteko, deiturei buruzko herritarren iruzkinak eta elkarguneak plazaratzeko (abizen berekoen artean elkarren berri izatea…), kaleak euskaraz nola idazten diren ikusteko, eskualdeen eta estaturantz doazen munduko nazioen informazioa eskaintzen, etab.

Proiektu horrek gure gaitasun ekonomikoa gainditzen du eta herritarrei laguntza eskatzen diegu, Karena crowdfundigen bidez 10, 15, 25 edo 50 eurotako ekarpenak egiteko aukera dago. Ekarpen horien trukean ENA egin edo berriztatu, Sendi Agiria eskuratu, Jatorri Agiria lortu edo gure libururen bat jaso ahal izango du laguntzaileak.

Gure uste apalean arlo hau garrantzitsua da eta bada ordua euskal abizen, kale eta herri izenak euskara txukunean idazteko, agiri guztietan. Katalunian adibidez, abizenak katalan grafia egokiaz jartzeko Generalitateak errazten dio lana herritarrari. EHan zenbait herritako euskara elkarteek, udal batzuek eta UEMAk antzeko kanpainak egin izan dituzte eta ikuspegi orokorreko eta iraupen luzeko ekimen baten beharra dugu.

Horrez gain, nortasuna, identitatea, herritartasuna… eraiki behar dugun estatu berriaren osagaiak dira eta zorionez, gari horiei buruz gero eta lan eta ikerketa gehiago ikusten dira. Ondo etor bitez eta, bitartean, euskal herritartasunaren bidean ENA elkarteak bere ekarpena egiten jarraituko du, eta zuen laguntzarekin, gehiago

Erantzun

Sartu