Teknologia albisteak

ENA Elkartea Udalbiltzaren “EHNA-Naziotasun Agiriaren” aurrean

2019-02-05 : 23:04

Pasa den astean prentsaren bidez jakin izan dugunez Udalbiltzak EHNA egingo du berriz. Jakin beharra dago Udalbiltzaren eta ENA elkartearen artean azken 4 urteotan 4 bilera egin izan dira, bi Udalbiltzak eskatuta eta beste bi gure elkarteak, agiri bakar bat egiteko bion aldetik egon zen proposamenari buruz hitz egiteko. Dirudienez eskaintzak ez du ezertarako balio izan.
 

Udalbiltzak ez du ENAk egindako eskaintza onartu nahi izan. Udalbiltzak herri mugimendu bat bigarren aldiz bazterrean uztea nahiago izan du, elkarlana egin baino, Berdin ahoskatzen den EHNA agiria egitean, herritarrak nahasten jarraitzea erabaki du, lehen gertatu zen bezala.

  • Udalbiltzak agiria emateko duen prozedura ez dago munduan inon. Izan ere herritartasunaren agiria emateko irizpide objektiboetan oinarritu beharrean adierazpen huts baten truke eskaintzen du
  • Une batean lau agiri egon ziren: ENA, EHNA, EAJk egindako ENAren kopia eta Osakidetzaren ONA, bakarra egon zitekeenean
  • ENAk Udalbiltzari, alderdiei, eragileei eta gizarteari agiri bakar bat adosteko prest dagoela berretsi nahi die

Herri txiki honetan, hamaikagarren aldiz, bakoitza bere txokotik irteteko dugun ezintasuna berriz ere agerian geratu da. Politika hori aspaldi ikusi izan dugu Eusko Jaurlaritzak AEKri zegokiona ez emateko HABE sortu zuenean, euskaltegien arteko zatiketak bultzatuz bide batez. Edo Bai Euskarari ziurtagiriaren aurrean Bikain sortu zuenean lehia desleiala egiteko, edo Behatokia egonda Elebide sortu zuenean.

Baina badirudi beste batzuek ere bide beretik doazela eta ezker abertzalea nagusi den eremuetan berdintsu jokatzea gustuko  duela eta herri mugimendua errespetatzea zail duela. Orain dela 21 urte herritarrei euskal agiri bat eskaintzeko eta euskal kontzientzia suspertzen laguntzeko ENA elkartea sortu genuen. Hasieran leku guztietatik kritika zorrotzak egin zizkiguten eta “hori da kromo hori” eta guzti entzun behar genuen “ordezkari abertzale” baten ahotik baina izugarrizko arrakasta lortu genuen euskera elkarte askok, udal batzuek, alderdi gutxik eta laguntzaile sare handi batek lagundu zutelako.

Orduan dena aldatu zen. Hasieran gure proiektua gelditzeko kanpaina bat hasi zuten, Udalbiltzari agiri bat egin zezan eskatuz. Agiri bat egonda, zertarako beste bat? Jende askok izenpetzean agiria jasoko zuela uste zuen eta noski, bestea eskatu ez zezaten erabili zen.

Ondoren Udalbiltzak, EAJ handik joan ondoren eta zatituta geratu zenean, Euskal Naziotasun Aitormena atera zuen, laster EHNA izendatu zuena, hau da, ENA bezala ahoskatzen zen agiria. Nahasketarako bidea zabal-zabalik. Gainera agiria eskuratzeko prozedura erabat bitxia ezarri zuen: adierazpen bat sinatu besterik ez zen egin behar. Beraz, gure herrira etorri berri batek izenpetu eta herritartasuna sinbolizatzen duen agiria eskura dezake.

Hau ez da inon gertatzen, normalean herritartasuna eskuratzeko irizpide objektibo batzuk kontuan hartzen dira, adibidez: bertan jaioa izatea, edo bertan urte kopuru zehatz bat bizitzen egotea, edo bertako batekin ezkonduta egotea… Batzutan irizpide horiei ere herri horri buruzko ezagutza maila bat edo adierazpen bat egitea gehitzen zaie.

Egoera haren aurrean ENAk, laguntzen ari ziren udal eta elkarte ordezkariekin batera, aurrera egitea erabaki zuen Durangon egindako batzarrean (1).

ENAk, hasieratik, herritartasuna eskuratzeko irizpide objektibo eta homologarriak erabiltzen ditu eta horiez gain, eta gure “Euskal Herriaren” etimologia kontuan hartuta, agiria eskuratzeko beste aukera bat ere gehitu genuen hasieratik: euskalduna izatea. Izan ere, kanpotar batek gure hizkuntza ikasi badu horrek gutarra izateko eskubidea du, ezta?

Esan behar dugu ENAk Udalbiltzaren erabakia tristuraz hartu duela eta pentsatzen dugula zatiketarekin bien proiektua, haiena eta ENArena, biak ahulduta geratuko direla lehen gertatu zen bezala. Izan ere, bi agirien aurrean, herritar askok atzera egin zuten eta ez bat ez bestea ez zuten egin eta orain agian berdin gertatuko da.

Horrez gain EAJk ere ENA itxura zuen beste agiri bat egin zuen eta 8.000 kopia inguru banatu zituen bere militanteen artean. Arrakasta handik ez zuenez lortu Osakidetzaren bidez ONA zabaltzen hasi ziren (Osasun Nortasun Agiria), hiru lurraldeetako herritarrek hemengo agiri bat izateko baina horrek ere ez zuen bide oparorik izan eta identifikatzeko DNIk nagusi izaten jarraitzen du gaur egun (ez deitu NAN arren, “nacional” hori zein “nazioari” dagokion ondotxo dakigu eta).

EAJk bere “ENAren” kopia egiteari utzi zion eta gutxira, Udalbiltza ilegalizatzean ere bertan bera utzi zuen eta azken urteotan proiektu garrantzitsu honi eusten jarraitu duen bakarra ENA izan da, jada elkarte, udal eta laguntzaile gutxiagorekin, Udalbiltzari “esker” etorritako zatiketak denok ahuldu gaituelako.

Hala eta guztiz ere, eta herri honen etorkizunean sinesten dugulako, ENA elkarteak proiektu bakar bat adosteko berriz ere gure gonbitea luzatu nahi diegu Udalbiltzari, alderdiei, mota guztietako eragileei eta euskal gizarteari, Euskal Herri Nabarrak merezi duelako.

Bada garaia denok bat egiteko, herri bat izateko, batera jokatzeko.

Oharra: (1)

https://enaelkartea.wordpress.com/ena-hedabideetan/

2001.06.02, ENAk aurrera jarraitzen du (Udalbiltza-Kursaal-ek Naziotasun Agiria egitea erabakitzen zuenean) (ez zuten hedabideetan argitaratu)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago