Teknologia albisteak

Iruña-Veleiaren aurkako sasiepaiketa: gogoeta

2020-03-22 : 08:14

(Koroabirusaldi honetan beste gaiekiko gogoeta egiteko garaia ona denez, epaiketatik hilabete pasa ondoren gogoeta hau dakarkigu)

Iruña-Veleiaren aurkako antzerkia amaitu da. Hau dena fartsa izan bat da,  aurretik epaiketaren ondorio nagusia zein izango den badakigulako, epai bat ala beste bat egonda ere: grafitoak faltsuak direla. Baina zergatik aurreratu dezakegu horren emaitza?

1.- Grafitoak Europako laborategi inpartzialetan datatzea arbuiatu dutelako. Grafitoei buruz ustezko zalantzak hasi zirenean, Eliseo Gil zuzendari inputatuak, duela 13 urte, horixe eskatu zuelako, 50 grafito nazioarteko laborategi inpartzial batean analizatu eta datazio seguru bat lortzea. Baina EHUko “ustezko” adituek eta Arabako Aldundiko arduradun publikoek osatutako Aholku Batzordeak ezetza eman zion. Ondoren Epaitegiak ere erabaki bera hartu zuen eta berdin Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak arazoa planteatu zitzaionean.

Edozein akusatuk edozein epaiketatan proba perizialak eskatzeko eskubidea du, eta Epaitegiak ez baditu egiten, berak ordainduz, egiteko eskubide osoa du. Eliseo Gilek duela gutxi epaile berriari eskatu zion, baina, nola ez!, eskubide hau ere ukatu egin zitzaion hamaikagarren aldiz. Beraz, bidegabekeria maltzur baten aurrean gaudela salatu nahi dugu ozenki, gaia zientifikoki argitzeko dagoen aukera eta bide bakarra, hots, nazioarteko laborategi onenetan datazio arkeometrikoak egitea, ez dutelako egin eta ez dutelako egiten uzten.

2.- Epaileak Eliseok eskatutako peritu edo lekuko gehienak onartu ez dituelako. Eliseoren defentsak, epaiketari begira, hainbat peritu eta lekuko aurkeztu zituen eta horien artean grafitoak benetakoak izan daitezkeela dioten txosten egileak. Epaileak, ordea, gehienak ez dizkio onartu eta Eliseo defentsarako ia periturik gabe utzi dute. Beraz, epaiketan ez dugu ikusi Harrisen Matrix izenez ezagutzen den metodo arkeologiko modernoaren asmatzailea den Edward Harris berbera, zeinak baieztatu baitu Iruña-Veleiako grafitoak egiazkoak direla. Ez dugu ikusi, halaber, Santiago Konpostelako irakaslea den Antonio Rguez Colmenero jauna, edota Pariseko Unibertsitate batek argitaratutako liburu baten autorea den Hector jauna ere, ezta gaiaz hainbat liburu eta artikulu idatzi dituen Juan Martin Elexpuru filologian doktore jauna ere, etab.

Peritu horiek, benetakoak izan daitezkeela dioten 20tik gorako txosten eta irizpen idatzi dituzte eta  faltsukeriaren aldeko 7 txostenetako argudio guztiak bertan behera utzi dituzte: ez da Descartes agertzen, Miscart baizik; Deidre agertzea posible da, beste leku batzuetan Dendre eta Dedre agertu direlako; Secuano agertzea posible da, beste testu batzuetan Sicuani, Secuanus eta Secuan agertu direlako; Z letra grezieratik kanpo XV. mendea baino lehen posible da, Donemiliagan izioqui dugu esaldi famatua badugulako…

3.- Establishmenteko interesak babesten dituzten hedabideak epaia zein izango den etengabe esaten ari direlako. Horiek gure aurkariei atsegingo litzaiekeen epaia barreiatzen ari dira une oro, alegia, grafitoak faltsuak direla. Hain zuzen ere, azken hamarkadan hedabide horiei grafitoak zientifikoki argitzearen aldeko hainbat prentsa ohar, iritzi artikulu, gutun eta astero egiten diren enkarteladen eta beste hainbat ekintzaren berri igorri zaie, baina gehienek ez dute inoiz ezer publikatu eta erabateko zentsura ala nahasketa giroa elikatu dute.

4.- Euskaldunak jatorriz zeltak garela dioen teoria indargabetua geratuko litzatekeelako. Badira hor zehar gure historia berridatzi nahi dutenak, alegia euskaldunok jatorriz zeltak garela baina Iruña-Veleiako grafitoekin teoria hori ezeztatuta geratzen da. Izan ere euskera III-V. mendeetan Arabako hizkuntza zela argi uzten baitute grafitoek, eta horrela euskalduntze berantiarraren teoria ere ezeztatua geratzen da. Iruña-Veleiarekin gure umeak ez lirateke behartuak izango testu liburuetan agertzen diren hainbat gezur irenstera, hots, garai horretan zeltak ginela eta ez baskoiak, adibidez.

5.- Indusketa eremu gune batzuk hondeamakinez hondatu dituztelako. Eliseo Gil kanporatu ondoren, hondeamakina hiru aldiz sartu dute Iruña-Veleian eta behin, euskerazko grafito eta gai kristau gehien agertu ziren eremuan hain zuzen. Bideoan lehenengo suntsiketa ikusi daiteke. Gai hau noski, ez dute epaiketan sartu.

6.- Froga zientifiko kontrastaturik ez dutelako. Esan beharra dago Fiskalak Eliseo aurka aurkeztuko duen argudio zientifiko bakarra, grafitoen gainazaletako analitika bat dela. Nork egin du azterketa hau? Euskalduntze berantiarraren teoria sustatu eta zabaltzen ari den Espainiako Kultura Ministerioaren laborategiak. Zer dio analitika horrek? Grafitoak faltsuak liratekeela beren gainazaletan metal moderno batzuk azaldu direlako. Baliozkoa da froga hau? Ez, grafitoa noiz idatzi zen jakiteko, letren ildoen barruan dauden sedimentuek, kedarrek edo karbonato kaltzikoek gainazal horretan inkrustatuta zenbat denbora daramaten aztertu behar delako eta prozesu hori ez dutelako bete. Horrez gain, idatzitako adreiluetan ez dute termoluminiszentzia probarik egin. Grafitoak gaur egungo urez garbitu dituztela ondorioztatu dezakegu, grafitoei atxikitako gaurko urak metal modernoen hondakinak dituelako. Edo gaur egungo lan tresnen aztarnak dituztela. Zergatik ez diote Eliseori beste laborategiren batean datatzen uzten? Madrilen egindako sasianalitika hau baliogabetuko lukeelako.

7.- Kereila ustezko faltsutasunagatik jarri zietelako baina epaiketan gai hori egozten ez zaielako. Tranpa bat da 11 urte faltsukeriagatik inputatuta egotea eta orain, epaiketan, inputazio hori ez agertzea. Izan ere, “ondarearen aurkako kaltea” eta “iruzurra” egozten dizkiete. Baina horiek ez lirateke tratatu behar, aurretik egiazkoak diren ala argitzen ez badute. Zergatik aldatu dute kereilaren akusazioa? Agian ezin dutelako faltsuak direla zientifikoki frogatu?

Euskeraren aurkako hamaikagarren erasoa. Horregatik guztiagatik, Iruña-Veleiaren aurkako epaiketa, zalantzarik gabe, euskeraren, historiaren eta gure duintasunaren aurkako beste eraso bat gehiago dela argi ikusten da, Inkisizioak emakumeen kontra egin zuen bezala, Altsasun gazteen aurka egin duten bezala edota ehunka euskaldunen kontra egin duten bezala.

Baina Iruña-Veleia aukera ezin hobea da jakin ahal izateko ze unibertsitate, instituzio, justizia eta hedabideak dauzkagun eta haiengandik ze gutxi espero dezakegun Euskal Herria burujabe eta euskalduna izan dadin.

Eta grafitoak faltsuak direla eta baliorik ez dutela uste badute, gure esku jartzea besterik ez daukate, guk arreta  handiagoz zaindu eta noski, berehalaxe munduko laborategi onenetan datatuko genituzkeelako.

Une gogor honetan Eliseo Gil eta Oskar Eskribanori gure laguntza eta adorea eskaini nahi dizkiegu. Eutsi gogor!

Euskeraren Jatorria

Erantzun

Sartu