Europan ama hizkuntza bat egon ote zen? Hizkuntza indoeuroparrek, aurretik zegoen edo zeuden hizkuntzetatik noraino hartu zuten? Zer esaten digu gaur egungo toponimiak antzinako Europako hizkuntzaz edo hizkuntzez? Euskerak Europako toponimia zati bat ulertzeko aukera ematen digu? Latintzat edo grezieratzat hartzen diren hitz askok ez ote dituzte erro zaharragorik haien barruan? Zalantzarik gabe, faktore askogatik, hizkuntzalaritza egoera berri baten aurrean dagoela esan dezakegu: azken hamarkadetan bidaiei esker kanpoko herrialdeak hobeto ezagutzen ditugu, Interneten bidez informazioa erraz-erraz eskuratzen dugu, toponimia aztertzeko Google maps edo toponimiako nahi beste atari eta bilatzaileak ditugu.
Are gehiago, inguruneen ezaugarriak ezagutzeko informazio geografikoko sistema oso onak daude (GIS-Geographic Information System) eta, horiek gutxi balira ere, zientzia zehatzak laguntzen hasi dira. Adibidez, genetikak Mendebaldeko Europa hemendik populatu zela frogatu digu (toponimia arrastoak ulertzeko lagungarria dena); arkeometriak, datazioen bidez, Iruña-Veleiako 80 euskal hitzez osatutako altxorra egiaztatu ahal digu (egin nahi izanez gero, noski); eta estatistikak Austriako haran hotzenetakoari “otz” deitzeko kasualitatearen probabilitatea hutsaren hurrengoa dela (0,00…1) erakusten digu.
Epe laburrera garrantzitsuena toponimiaren azterketak multzo handietan egitea izango da, hau da, antzekotasun toponimikoak antzekotasun geografikoekin bat datozen ikertzea. Horretarako erro multzo bat hartuko da, adibidez “gorunea” adierazten duten erroak (“go”, “ga”, “gan”, “gora”, “gore”…), eta Europan non agertzen den begiratuko da. Gero toponimo horien koordenatuak GIS aplikazioetan sartu, eta goruneak diren aztertu ahal izango dugu masiboki, Jabier Goitia ikerleak aspaldi egiten hasi zen edo orain Jose Mari Ugaldeak egiten duen bezala. Horrela, epe laburrean, Europako ama hizkuntzaren erroak inoiz baino hobeto ezagutuko ditugu.
Hori guztiari esker ikusten ari garena da euskera gero eta garrantzitsuagoa dela toponimia ulertzeko eta erro zaharrak interpretatzeko. Horrez gain, hizkuntzalaritzaren historian garrantzi gutxi izan duten beste hizkuntzak ere aztertu beharrekoak direla ikusten ari da, adibidez, gaztelera: “hacha” (atxa) “aizkoraren” aitzindaria liteke, lotu gabeko “atx” hutsa alegia. Edo katalana, adibidez, “de” “iturria” esan nahi duelako eta “fuente De” eta “Deba” izenen gakoa ematen digulako; edo “socarrado”, “suak” lapikoan “erreta” uzten duena alegia. Edo galiziera, eta noski, latina, greziera… sakon ikertuz.
Badirudi, hizkuntza guztiek amaren altxorren bat gorde dutela. Gainera ikusten dugu euskera ez dela hizkuntza isolatua, bere erroak nonahi daudelako. Horregatik, Jose Ramon Rementeriak zioen moduan, euskal filologia munduko lehenetakoa izan zitekeen, ez 3. mailakoa orain dagoen moduan, Hervas eta Humboldten lana arrazoirik gabe lurperatu izan ez balituzte eta horren gainean euskeraren isolazionismoaren teoria zabaldu izan ez balute.
Mitxelena eguneratzeko garaia da. Iruña-Veleia argitzeko unea da. ETBren euskalduntze berantiarra pantailatik botatzeko sasoia dugu. Eta euskal filologiako ikasleei begiak zabaltzeko zein gezurrak ez esateko momentua da. Esate baterako, euskeran artikulua ertaroan sartu zela erromantzeen eraginagatik. Izan ere, orain dela 100 bat urte Iruña-Veleian agertu zen harri batean bi hitz artikuluarekin zeuden: “iluna” eta “ttipia” (eta Eliseo Gilek 2005-2006an topatutako hitz askotan ere bai)…. Eta, batez ere, borrokatzeko ordua da, euskera desagerrarazi nahi duen Madrileko Gobernuak ez dezala euskeraren historia “berria” idatzi, une honetan Gasteizko Euskal Filologiako 25 irakasleei eta bekadunei horretarako ordaintzen dielako.
Europan euskerak zer duen esateko galdera eta proposamen asko entzungo dira datorren maiatzaren 5ean Elgoibarko Aubixan egingo dugun Euskeraren Jatorriaren 12. Biltzarrean. Osagarri gisa, bezperan, Elgoibarko Kultur Etxean hitzaldi irekia egingo da, biltzar honetara etorriko diren Angus Hunck britainiarraren eta Bernat Mira valentziarraren eskutik.
Biltzarrean kanpoko lau ikerle izango dira: Angus Hunk (The Pan-European Vasconic Footprint), Antonio Arnaiz Villena (Las lenguas uskomediterráneas), Jaime Martin Martin (El consonantismo del protoeuskera) eta Bernat Mira Tormo (El vasco en la toponimia valenciana, ibérica y europea).
Hemengo hiruk Europako toponimia proposamenak emango dizkigute: Jabier Goitia Blancok (Eurasiatik bidaia), Jon Goitia Blancok (Euskera Europako toponimiaren elea) eta Jose Mari Ugaldeak (Euskal toponimia munduan).
Bestalde, liburu berriak argitaratu dituzten hiru egile ere izango dira: Juan Martin Elexpuru Arregi (Euskararen aztarnak Sardinian?), Jon Nikolas Lpez de Ituiño (Orígenes del lenguaje oral y del euskara-eskuara) eta Eñaut Etxamendi Gezainburu (Euskeraren jatorriak).
Eta azkenik, beste lau hizlarik osatuko dute biltzar honen taldea: Felix Zubiaga Legarretak (Europa sorreran ama eskola), Agurtza eta Aintzane Lazkano Lizundiak (Bor erroa munduko hizkuntzetan) eta Joseba Mintegi Eskisabelek (Zientzia dogmaren gatibu).
Bazkal ostean, baserriko animalien, landareen eta zenbait tresnaren etimologia proposamenak ere landuko dira.
Biltzarrari esker, euskerak Europako ama hizkuntzan zer leku izan behar duen zehaztuz joango gara eta aukera ezin hobea izango da gure nazioaren burujabetzarako behar dugun hizkuntzalaritza askearen osagaietako batzuk partekatzeko.
Erantzun
Sartu