EHUk Iruña-Veleiaren aferan daraman jokaera, zientziaren eta etikaren aurkako etengabeko erasoa da. Horregatik, EHUren izen eta prestigioa gehiago kaltetu baino lehen, berak sortutako arazo hau konpon dezala eskatu nahi diogu datazioak eginez (IPCEk ere ez dituelako egin).
Letren Fakultatea Euskal Herriaren nortasuna babesteko garrantzitsuena da, geure hizkuntza eta historia zaindu behar dituelako. Baina interes ekonomiko eta akademikoengatik (Mitxelenaren teoriaren atal batzuk eta horretan oinarritutako oraingo irakasleen lanak hankaz gora ez jartzeko) azken 100 urteotan izan dugun aurkikuntza arkeologiko handiena lurperatu nahi dute. Bai, Eliseo Gilen taldeak topatutako 400 grafito hauek euskeraren, latinaren, kristautasunaren, iberieraren… historia aldatzen hasi dira eta hori ezin dute onartu! Horrelako jarrerekin ze profesional mota aterako dira fakultate honetatik!
Hauek dira EHUren Letren Fakultateak gai honetan zientzia eta etikaren aurka ari dela esateko arrazoiak:
1.- EHUko Letren Fakultateak Aholku Batzordea kontrolatzea eta arkeometria aditurik ez sartzea. Arabako Foru Aldundiak 2007aren amaieran ostraken faltsutasunari buruz hedabide bakar batek sortu zuen kanpainaren aurrean Aholku Batzordea sortu zuenean, EHUren aholkuz, kide gehienak unibertsitate horretakoak izendatu zituen, 9 kide. Gainerakoak Aldundiko 2 eta Eliseo Gil bera izan ziren. EHUko 9 irakasleetatik 7 Letren Fakultatekoak eta beste 2 EHUko Ingeniaritza eta Kimika Fakultatekoak ziren. Joseba Lakarrak publikoki esan zuen hobe zela kanpoko unibertsitateak gai honetan ez sartzea. Hau da, ez zen arkeologia erromatarreko eta arkeometria alorreko aditurik ekarri nahi izan eta horren ordez, Letren Fakultateak kontrolatutako batzorde bat sortu zuten. Zientzia zehatzetatik bi kide baino ez ziren egon, Fernando Legarda ingeniaria eta Juan Manuel Madariaga kimikaria eta arkeometria alorreko bat bera ere ez, nahiz eta gaia argitzeko diziplina hau garrantzitsuena zen hemen.
2.- Datazio eta kata kontrolatuak ez onartzea. Aholku Batzorde honek 5 bilera baino ez zituen egin eta bertan ez ziren onartu orduko indusketako zuzendaria zen Eliseo Gilen bi eskaera: 100 ostraka polemikoenak datatzea eta kata kontrolatuak egitea. Bigarren eskaera hau EHUtik kanpoko partaidea zen Dominic Perring-ek ere eskatu zuen. Kata kontrolatuak eta datazioak ez onartzeak, gai hau argitzeko zuten "interesa" argi adierazten digu. Horren ondoren ere, Batzordeko kide batzuek ostrakak ezin direla datatu adierazi dute. Denak ezin direla datatu badirudi ere, erdiak baino gehiago bai, horietako asko faltsutzat hartutakoak, Ingalaterrako laborategi baten arabera: kaltzita arrastoak dituztenak, sedimentuak, egosi aurretik idatzitako adreiluak, hezurretan egindakoak, eta abar.
3.- Indusketa ez bisitatzea eta arkeologoak ez elkarrizketatzea. Aholku Batzordeko kide bat ere ez zen indusketara joan azterketa sakonak egitera eta Eliseo Gilen taldearen lana ondo ezagutzera. Horrez gain, ez zen inor Eliseoren arkeologo taldearekin bildu grafitoak nola agertu ziren, zein estratutan, zein teknika erabili zuten… Hau da, ikerketa batean ezinbestekoak diren lan bi hauek ez ziren egin.
4.- Informazio osagarririk ez eskatzea eta landa koadernoak ez kontsultatzea. Aholku Batzordeko inork ez zion Eliseo Gili informazio osagarririk eskatu eta haien erabakia hartzeko, Eliseok urtero Aldundiari ematen zizkion memoria laburrak baino ez zituzten irakurri. Ez zituzten Lurmenen landa koadernoak kontsultatu, lan arkeologiko bat ondo egin den ala ez jakiteko ezinbestekoa dena. Edward Harrisek, mundu osoan erabiltzen den indusketa arkeologikorako sistemaren sortzaileak, Gasteizera etorri zenean, egin zuen lehenengo gauza landa koadernoak kontsultatzea izan zen.
5.- Arabako Foru Aldundian 2008ko azaroaren 19an egin zen prentsaurrekoko adierazpenak. Aldundiak ostrakak faltsutzat hartu eta Lurmen kanporatu zuen egun hori, EHUrako egun tristea izan zen, bertako irakasle batzuek egindako adierazpen publikoengatik. Joseba Larraka eta Joaquin Gorrochateguik ostraka batean “Descartes” agertzen zela adierazi zuten, argazkia erakutsi gabe noski. Hilabete bat geroago argazkia publikoa egitean “Miscar(t)” agertzen zela ikusi genuen. Horrez gain, ostraka batzuetan ergatiboa ez egotea faltsutasunaren sinonimotzat hartu zuten, egunero eskola, institutu eta mila lekutan akats bera egiten ikusten dugunean.
Juan Manuel Madariagak, bestetik, ostrakak faltsuak zirela esan zuen osagai moderno bat zutelako. Eliseo Gilek hurrengo egunean argitu zion EHUko irakasle horri ostrakak apurtuta agertzean osagai modernoz egiten den kolaz itsasten direla, eta gainera, ea horrelako zalantza bat izanik, nolatan ez zion berari horri buruz galdetu aurretik. Zientzia alorretako EHUko beste irakasle batek, Fernando Legardak, ostraken euskarri zeramikoak erromatar garaikoak zirela jaso zuen txostenean.
6.- EHUko hiru irakasle iritziz aldatzea. Prozesu honetan harrigarria izan da EHUko hiru irakasle, Joaquin Gorrochategui, Juan Santos eta Pilar Cipres hasieran ostrakak egiazkotzat hartzea eta gero, ostraka berririk agertu gabe, hau da, oinarri berdinaren gainean, faltsuak zirela esatea. Aldaketa iritzi hau bapatean izan zen eta hirurok ia batera aldatu zuten iritziz, oso harrigarria dena.
7.- EHUren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena egitea. Aldundiak Eliseo Gil kanporatu zuenean EHUrekin hitzarmena egin zuen, indusketan EHUko kideak jarriz. Gogoratu behar da irakasle hauek Aholku Batzordeko kideak izan zirela eta haien txostena erabakigarria izan zela Eliseo kanporatzeko. Ez da etikoa, ez egokia, pertsona bat kanporatzeko parte hartu dutenak ondoren bere lekua hartzea, hau da, “juez y parte” izatea. Gainera garai hartan gaia Epaitegian eta argitu gabe zegoen.
8.- Indusketa eremuaren sektore oso bat suntsitzea. Hau EHUren izenean prozesu honetan egin den, jadanik konpondu ezin den eta egunen batean EHU auzitegietara eramateko arrazoia izan daitekeen hondamena izan da. 2010eko uztailean, Julio Nuñezek bi hondeamakina sartu zituen Iruñako sektore batean eta, 150 cmko sakoneraino aritu zen, sektore honetako egitura arkeologiko gehienak suntsituz (hormak…) eta bertan zegoen guztia isurtegira bidaliz, 7 minuturo kamoi bat betez. Sektore hau arkeologikoki suntsituta geratu dela esan beharra dago. Edward Harrisek proposatu zuen moduan, EHUko Arkeologia Sailak egindako lan hau auditatu beharko da egunen batean.
9.- Eztabaida zientifikoa garatzeko gai ez izatea. Une honetan grafitoen alde 24 txosten eta irizpen daude (Txillardegi, Hector Iglesias, Edward Harris…), horietako bi aldizkari zientifikoetan argitaratuta. Faltsuak direla baieztatzen duten txostenak 7 dira. Bost urte hauetan Fakultate honetako irakasleak ez dira gai izan txosten guzti hauen gainean eztabaida zientifiko ireki, lasai eta sakona egiteko eta, eta faltsukeriaren aldekoek ez dute ia inoiz grafitoak defendatzen dutenekin publikoki eztabaidatu nahi izan.
10.- EHUko Letren Fakultateko zenbait irakasleren gezur larriak. EHUko Arkeologia Saileko Julio Nuñezek eta Letren Fakultateko beste kide batzuek publikoki egindako adierazpen batzuetan gezur larriak ikusi ditugu: http://euskararenjatorria.net/wp-content/uploads/2014/06/Iruna-Veleia-eta-EHUko-Letren-Fakultatea.pdf (3., 4. eta 5. orrialdeak)
Erantzun
Sartu