Euskal kultura modernoak badu zulo bat aspalditik, hein handi batean, mitologiarekin eta hizkuntzarekin zerikusia duena. Aipatutako zulo hori betetzen laguntzeko, maiatzaren 25ean Lazkaon Euskararen Jatorriaren VIII. Biltzarra egingo dugu, hizkuntza eta mitologia aurrez aurre jarriz. Egungo gizarte modernoan bakoitza bere bidetik dabil, “mitologia-hizkuntza” banaketa bat bizi dugulako. Baina betidanik eskutik eskura ibili dira, gizarteak eta hizkuntzak (oso modernoak ez badira) “mitologia+hizkuntza” batuketa bizi zen garaietan sortuak eta eraldatuak izan omen zirelarik.
Antzinatetik mitologiak existentziaren gaineko balizkoak gorpuzteko eta komunikatzeko “lengoaia sinbolikoak” izan dira, eta honek ere “hitzen bidezko lengoaiak” diren hizkuntzak busti ditu. Horrela, mendeetan zehar hizkuntzek zegozkien mitologien islak gorde izan dituzte. Beraz, edozein herriren eta hizkuntzaren jatorria ezagutu nahi badugu, ezinbestekoa zaigu biak batera arakatzea.
Euskal etnologia eta linguistika -gure herriaren tamaina eta estatu gabezia kontuan harturik batez ere- nahiko landuak eta dinamikoak izan direla esan dezakegu, baina ez dirudi kulturaren bi alde garrantzitsu horiek batera behar beste ikertuak izan direnik, zenbait salbuespen kenduta, esaterako Jose Maria Satrustegi (Mitos y creencias, Antropología y lengua…), Txomin Peillen (Euskaldunen ingurugiroan) eta besteren bat.
Dena den, badirudi hizkuntzalariek, oro har eta historikoki, ikerketa ildoak euskararen “azalean” (adierazpide fonetikoetan, lexikaletan eta abar) lehenetsi dituztela eta, horrela, ez dutela hainbeste arakatu hizkuntzaren “sakonean” (esaeren eta zelai semantikoen esanahietan bereziki). Nola aurreratu dezakegu?
Gakoa “mundu ikuskera” kontzeptua dugu: existentzia ulertzeko eta komunikatzeko ditugun egitura sakonen saskia. Erraz onar dezakegu bai mitologiak eta bai hizkuntzak dutela atzean mundu ikuskera bat: edozein mitologia sinboloen eta istorioen bidezko mundu ikuskera bat da, eta edozein hizkuntza hitzen eta kontzeptuen bidezko mundu ikuskera bat. Biak eskutik eskura zebiltzan garaietan sortuak eta eraldatuak izanik, argi dago, beraz, euskal mitologiaren eta euskararen atzean dagoen mundu ikuskera ezagutzea euskal gizartearen eta euskararen jatorria ulertzeko laguntza ordainezina gerta dakigukeela.
Zoritxarrez, euskal mundu ikuskera sakon eta zabala oraindik “dekodifikatu” gabe dugula ematen du. Onuragarria litzaiguke, beste edozein herrirentzat bezala, beharrezko gaiak salbuespenik gabe lantzea. Arriskutsuegia, joerak horrela jarraiturik, euskararen eta euskaldunen jatorria eta historia ezagutzeko gabezia hau egiturazkoa bilakatzea. Adibidez, euskararen iragana ezagutzeko (aipatu irizpideari jarraiki), euskalaritza modernoak euskararen antzinako formen gaian etimologiak eta adierazpideen berreraikuntzak lehenetsi ditu, euskararen jatorrian eta jatorri horretan senide posibleak izan zitzakeen beste hizkuntzak arakatzeak alboratuz.
Eta tamala da, afera honetan izan genuelako gure profeta: Justo Mari Mokoroa. Euskaltzain honen Genio y Lengua aparteko liburuak, 1936an argitaratua, eragin itzela izan zuen geroko belaunaldietan, Guda Zibilak eta geroko debekuek hedapena ikaragarri murriztu bazuten ere. Hizkuntza batek herri baten volksgeist edo, -termino modernoagoetan- weltanschauung delakoa islatzen zuela zioen: herriaren izpiritu kolektiboa, bere mundu ikuskera zehatza. Ez zen sagardotegi batean botatako proposamen arina: Justo Marik bizitza osoa pasatu zuen “Euskal Herriaren jeinua” erakusten zuten euskararen esaerak biltzen, oso gerora Ortik eta emendik (1998) izeneko liburukietan ongi sailkaturik argitaratu zirenak.
Mitologiaren eta hizkuntzaren zubi lana egitea izango da, beraz, Euskararen Jatorriaren VIII. Biltzarraren zeregina eta, horretarako, gai hau jorratzen duten adituak izango ditugu. Batetik, Juan Inazio Hartsuagak, jadanik klasikoa bihurtu den Euskal Mitologia Konparatua idatzi zuena, euskararen aitzin-geruzei buruz hitz egiteko Hitzak Fosil liburuan egindako proposamena mahai gainean jarriko digu.
Ondoren, Roslyn M. Frank, ia ikertu gabe izan dugun pertsonaia mitologiko bat eta mendez mende bere inguruan dauden alderdi linguistiko eta folklorikoak izango du hizpide: hamalau pertsonaia. Berau hartzarekin eta animalia honek Neolitikoaren garaitik gure arbasoen pentsaeran izan zuen protagonismoarekin lotuta dago.
Xabier Renteria, bestetik, aitzineko euskal mundu ikuskeraz arituko da, mitologia eta euskara aurreindoeuroparrak alderatuz. Bere iritziz, euskarak gordetzen du orain arte gehiegi desestali ez den oso antzinako geruza bat, indoeuropar garaikoa baino lehenagokoa, planetako mundu ikuskera sakonekin lotzen gaituena. Horri esker, eta orain arte gogoeta gehiegirik gabe onartutako Ortzi jainko nagusiaren hipotesiaren aurrean, Hutsaren eta Amalur edo Mariren ideia osagarriekin askoz hobeto oinarritu eta ulertzen da bai gure arbasoen bizitza ikuskera eta bai euskararen hainbat semantika zahar.
Arratsaldean Jorge Oteitzak hizkuntzalaritzari egindako ekarpena aztertuko dugu. Jorgek Quousque tandem-ekin hasi, Ejercicios espirituales en un túnel-ekin jarraitu, eta azkenik Nociones para una filología vasca de nuestro indoeuropeo-rekin amaitu zuen gure arbasoen hizkuntza, mundu ikuskera eta artea ulertzeko ibilbide luze bat. Bere hurbilketa, kontzeptuala baino gehiago, sentipenetatik sortua zen. Bere ustez gure arbasoen mundu ikuskera Hutsaren kontzeptuan oinarritua dago, Ortzi bere bizipena eta Mari bere agerpena direlarik. Eta hortik tiraka mendebaldeko historia Euskal Herritik irakurri zuen, inork gutxik egin duen bezala.
Biltzarrean beste gairen bat ere landuko da, hala nola, Antonio de la Guardiaren iberiar idazkerari buruzko teoria eta Iruña-Veleiaren azken albisteak.
Euskararen Jatorria Elkartea
Erantzun
Sartu