Teknologia albisteak

Iruña-Veleiaren I. Nazioarteko Biltzarrean urrats sendoak emango dira

2012-11-01 : 19:53

 

Datorren azaroaren 24an, Gasteizko Europa Jauregian, Euskal Herrian azken urteotan izan dugun polemika hau argitzen laguntzeko urrats sendoak emango ditugu. Besteak beste, zientziak eskaintzen dituen eta orain arte jorratu ez diren hiru alderdi goitik behera aztertuko ditugulako: datazioak, kata kontrolatuak eta indusketa lanen auditoriak, eta, horiez gain, eztabaida ahalik eta zabalena.

 

Zientziari esker orain urte batzuk argitzea ezinezko ziren milaka gauza argitzen ari dira.  Arkeometriak, hondakin arkeologikoak datatzeaz arduratzen den ikerketa alorra, etengabe albiste garrantzitsuak ematen dizkigu: Italiako k.a. VII. mendeko prenestina gerrikoaren idazkuna, Galesen aurkitutako XVI. mendeko ontzia, Estatu Batuetako orain dela 10.000 urte egindako mamutaren marrazkia, Alemaniako brontze garaiko Nebra ezkutua, Kantauriko kobetako orain dela 42.000 urteetako margoak…

Arkeometriari esker, alferrikako polemikak eta usteak alboratu dira, esaterako, prenestina gerrikoaren idazkunak egiazkoak ziren ala ez 60 urtez eztabaidatzen egon ziren eta laborategi lanari esker latinez idatzitako lehenengo idazkunak direla frogatu ahal izan da. Edo Gales zein Bretainia Handiko itsasontzirik zaharrena hemengoa dela jakin ahal izan dugu.

Edo Alemaniako Nebra ezkutua ere 13 urtez faltsutzat hartu eta gero, ondoren egindako indusketa bati esker gaia argitu dela, eguzkia eta ilargia marraztuta dituen konposizio zoragarri hau dagokion lekuan jarriz. Eta Altamira ere ez dezagun ahaztu. 18 urtez faltsutzat hartu ziren hango margoak eta tarte horretan deskubrimendua egin zuen Marcelino Sanz de Santuola hil zen, gizarteak zor zion esker ona jaso gabe.

Hemen ere, azaroan lau urte beteko dira Arabako Foru Aldundiak ostrakak faltsutzat hartu zituenetik eta ez genuke nahi beste urte bete luzatzea gai hau behingoz argitu gabe, zientziak gai hau argitzeko 3 bide baino gehiago eskaintzen dituenean: datazioak, katak eta auditoriak.

Horregatik, azaroaren 24ko Egitarua osatzen duten hizlariek argitasun handia emango digute gai honetan. Batetik, Edward Harris arkeologoa izango dugu hizlari. Izen handiko arkeologo hau gaur egun mundu mailan gehien erabiltzen den Harris Matrix indusketa sistemaren sortzailea da, bere zehaztasun mailagatik eta, batez ere, egindako indusketa lan bat auditatzeko aukera ematen duelako. Harris Bermudaseko Itsas Museoko zuzendaria da eta Eliseo Gilek Iruña-Veleian bere indusketa sistema erabili zuenez, lan hori auditagarria dela azalduko digu.

Ondoren, Santiago Compostelako Unibertsitateko Antzinako Historiako katedratiko emeritu, epigrafista eta arkeologoa den Antonio Rodriguez Colmenerok grafitoez eta kata kontrolatuen beharraz jardungo du bere hitzaldian. Bere iritziz, faltsutzat hartu baino lehen katak egitea ezinbestekoa zen eta oraindik egiteko garaiz gaudela azpimarratuko du.

Arkeometria ondo ordezkatuta egongo da Biltzarrean eta, horretarako, Sevillako Centro Nacional de Aceleradoreseko kimikan doktorea den eta datazioetan eskarmentu handia duen Francisco Javier Santos etorriko da. Javierrek Azeleragiluen bidezko Masen Espektometria izeneko teknikan aditua da (AMS) eta hainbat datazio egiten dituzten haien zentroan, batez ere C14an.

Biltzarrean oraindik askoren belarrietara heldu ez den albistea ere emango dugu: Gasteizko Instrukzioko I. Epaitegiak Eliseo Gilek egindako datazio eskaera onartu ondoren, uztail honetan Madrileko laborategi batean egitea agindu duela. Beraz, hilabete batzuetan gai hau argitzeko bidean albisteak izango ditugu.

Zenbait hezurretan agertutako idazkunak ere faltsutzat hartu izan direnez, material horretan egindako ebakidurez zehaztasun handiz hitz egingo du Joaquin Baxariasek, Kataluniako Arkeologia Museoko Paleopatologia Saileko arduradunak. Teknikari honen ustez, grafito horiek benetakoak dirudite, hezur freskoetan orain egin daitezkeen ebakidurenen antza dutelako, baina, hezur zaharretan ebakidura horien berdinak egitekotan, laserren bidez baino ezin direlako egin.

Arratsaldean arkeologian doktorea eta Valentziako Kulturako Erret Akademiako Ikerketa Iberikoen Saileko kidea den Luis Silgok Iruñako grafitoei esker euskararen ikerketan eman dezakegun jauzi kualitatiboa izango du hizpide. Luisek Jean-Baptiste Orpustan euskaltzainarekin batera gai honi buruzko bi txoten egin ditu eta, Akitaniako hilarrietan oraindik dezifratu gabe dauden euskal hitzak, Iruña-Okako grafitoek erakusten duten hizkuntz egonkortasunari esker deszifratu ditzakegula uste du, euskara historikoaren ikerketari bide berriak zabalduz.

Ondoren, Madrilgo Complutenseko irakaslea den Antonio Arnaizek grafitoetan agertutako grafia iberiarreko zeinuez arituko da. Antonioren ustez zeinu batzuk idazki iberiarretan aurkitutakoak bezalakoak dira eta harremana ikusten du garai hartako beste testuekin. Zeinu horietako bat, gainera, Nafarroako Iruñeko Gaztelu plazan arinegi egin zen aparkalekuaren eremuan aurkitu zen baten berdina da.

Biltzarraren helburua polemika honetan dauden bi alderdiek parte hartzea zen, noski. Horregatik, grafitoak faltsuak direnen ahotsa entzuteko, Joaquin Gorrochategui, Joseba Lakarra eta Julio Nuñezi eskatu genien Biltzarrean parte hartzea, haien argudio eta arrazoiak ondo azaltzeko. Zoritxarrez gonbitea ez dute onartu eta, hala ere, hasierako helburuari muzin ez egiteko, ikerle hauen  txostenen laburpenak emango dira.

Biltzarra erabat irekita dago herritarren eta adituen parte hartzeari eta, horregatik, hiru bide jorratuko dira. Batetik, hizlariek ez dute teknizismo handirik erabiliko haien hitzaldietan, arkeologia, arkeometria edo hizkuntzalaritzan aditua izan gabe hitzaldien azalpenak ulertzeko modukoak izango direlako, dibulgatiboak alegia. Horrez gain, goizean eta arratsaldean mahai inguru bana egongo dira, partaideek galderak egiteko eta zalantzak argitzeko.

Bestetik, grafitoei buruz iritzi edo ekarpenik egin nahi dutenek parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, ahozko komunikazioak eginez gero, arratsaldeko saioan horiek azaltzeko aukera egongo da eta, idatzizko komunikazioak eginez gero, horiek ikusgai jarriko dira bertan.

Biltzarraren aurreko egunean, ostiralean, Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan, indusketa bat jarriko dugu arratsaldez herritarrei gai honi buruzko informazioa zabaltzeko: nola egiten diren indusketak, nola datazioak, Epailearen erabakia, etab.

Amaitzeko, 2013. urtea arabarrentzat eta gainerako euskal herritarrentzat ospatzekoa izango dela uste dugu, Garoña ixteaz gain, Arabako Iruñako grafitoen polemika hau, zientzia zehatzak erabili izan balira gertatuko ez zena, argituko dugulako.

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea

Iruna_Veleiari_buruzko_I_Nazioarteko_Biltzarra

Erantzun

Sartu