Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izango da otsailaren 11n. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun horretarako, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena jarri du martxan Elhuyarrek seigarren urtez, eta Altsasu, Aretxabaleta, Arrasate, Barakaldo, Baztan, Bilbo, Burlata, Durango, Elgoibar, Erandio, Galdakao, Iruñea, Laudio, Legazpia, Mutiloa eta Urdulizeko saltokiek hartuko dute parte, otsailaren 2tik 11ra. Aurten, Nafarroako erakusleihoak gehitu dira ekimenera, eta saltokien kopuruak gora egin du nabarmen: 400 izango dira guztira.
Establezimendu bakoitzak (ikusi parte hartuko dutenen zerrenda) emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Aurrekoetan bezala, seigarren edizio honetan ere, 12 zientzialarion inguruko ginkana publikoan parte hartzeko aukera egongo da. Saltokiz saltoki, emakume protagonisten inguruko galderei online erantzunez osa dezakete ginkana herritarrek. Bestalde, ekimenean parte hartzen duten herrietako ikastetxeek paperean osatzeko bertsioa jasoko dute, aukera izan dezaten ikasleekin erakusleihoak bisitatzeko eta emakume zientzialariok gertuagotik ezagutzeko.
Horrez gain, “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, “Zientzia-emakumeak argira” erakusketa zabalduko da otsailean herri hauetan: Aretxabaleta, Barakaldo, Baztan, Berriozar, Burlata, Donostia, Eibar, Izarbeibar, Legazpi, Ordizia, Tafalla eta Urduliz.
Ekimen hau duela sei urte sortu zuen Elhuyarrek Bizilaberen barruan, hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-eskaintzaren barruan. STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna
Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko egunerako, Elhuyarrek bat egiten du Emakumeak Zientzian ekimenaren 10. edizioarekin, eta, horretarako, elkarlanean dihardu zientzia- eta teknologia-ehunaren adibide garrantzitsu diren beste 33 erakunderekin: Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), BCMaterials, Biogipuzkoa, CIC bioGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, EHU Informatika, EHU Kimika, Achucarro Basque Center for Neuroscience, Aranzadi, AZTI, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Biofisika Institutua, CEIT, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, CIC nanoGUNE, Cidetec, EHUko Farmazia Fakultatea, EHUko Ingeniaritza Eskola Gipuzkoa, EESS Bilbao, Ikerlan, Ingeniariak Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Kutxa Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnun - Nafarroako Unibertsitatea, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea eta Vicomtech. Horiek guztiek antolatutako ekimenen egitaraua hemen dago ikusgai: www.emakumeakzientzian.eus. Ekimenen artean, Uhin Ultramoreak podcastaren 4. denboraldia abiatzeko, zuzeneko atal bat antolatu dute Aquariumen EITBk eta Elhuyarrek elkarlanean. Estereotipoak hautsi, ikuspegi kritikoa landu, jakin-mina piztu eta mitoak saihestea izango da helburua, entretenitzearekin batera. Gazteen aurrean arituko dira zuzenean Alaitz Ochoa de Eribe eta Ana Galarraga, umoretik abiatuz eta feminismoa eta zientzia-dibulgazioa ardatz hartuta.
12 EMAKUME ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan, emakume zientzialari hauek omenduko ditu Elhuyarrek:
Erantzun
Sartu