Inguma: Interneteko 2026ko Argia Saria
Inguma, euskarazko ekoizpen zientifiko eta akademikoaren datubasea, izan da 2026ko Interneteko Argia Saria jaso duen ekiemna, gaur egin den euskal komunikazioaren ospakizun honetan, Argia Sarietan. Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) zerbitzua da Inguma eta azaroan bete zituen 25 urte (orduko ekitaldikoa da argazkia).
Argiakantolatutako ekitaldia, lehen aldiz Alaia Gaztelumendi eskultoreak egindako garaikurrak banatu dira. Anton Mendizabal eskultorearen lekukoa hartu du Gaztelumendik, 35 urtez sarien oroigarriak Mendizabalek egin eta gero. Ekitaldia aurkeztu dute Beranduegi podcasteko Jon Torner eta Aimar Uribesalgok, eta Argiako lantaldearen izenan Olatz Kortak egin du hitzaldi nagusia: Jauzi bat egin nahi dugu, horixe Argiakoen aldarria, irakurri estekan.
Interneteko sariari dagokionez, zera nabarmendu du epaimahiak saria emateko orduan: Inguma datu-baseak euskaraz egindako zientzia eta jakintza zaindu eta herritar guztien eskura jartzen egindako lana, eta eduki akademikoa euskaraz sortzearen balioa aldarrikatu eta bultzatzea.
Gainerako sarituak hauek izan dira:
- Prentsako saria: Jakin aldizkaria, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi zenbaki berezia.
- Ikus-entzunezko saria: Enarak dokumentala.
- Entzunezko saria: Antxeta irratia.
- Kanpaina onenaren saria: Aroztegiko Elkartasun Komitea.
- Merezimenduzko saria: Zenbat Gara elkartea.
Zorionak guztiei!
Interneteko Argia Sarien zerrenda
Hona aurreko urteetan Interneteko Argia Saria jaso duten ekimenen zerrenda:
- 2025,Oroibidea, Nafarroako gerra zibileko eta frankismok biktimen artxibo-
- 2024: Donostiako Egia auzoko Gordegia, eta bere artxibatze ekimena.
- 2023: Mastodoneko komunitate euskalduna.
- 2022: Badok.eus, Berriaren musika ataria.
- 2021: Ikus-entzunezko euskaratuak partekatzeko Euskal Encodings.
- 2020: Egunean Behin joko/aplikazioa, CodeSyntax-ek sortua.
- 2019: Berria egunkariaren indarkeria matxistaren biktimen mapa.
- 2018: Txantxangorria.eus, Gabi de La Mazaren karaokeak.
- 2017: Game Erauntsia.
- 2016: Azpitituluak.com gaur egunean .eus
- 2015: Ipar Euskal Herriko 2014ko udal bozak elkarlanean jarraitu zituzten hedabideei emana.
- 2014: Topatu.info
- 2013: Dantzan.com eta Bertsoa.com, gaur egunean biak .eus
2012a arte, Sareko Argia saria esaten zitzaion ohore honi. Hauetxek jaso zuten izen horrekin:
- 2012: EITB Nahieran.
- 2011: Ahotsak
- 2010: Grebaorokorra.info
- 2009: Librezale
- 2008: Euskarazko Wikipedia
- 2007: IKTeroak
- 2006: Gaztesarea
- 2005: Uztarria
- 2004: Susa
- 2003: Sustatu (gure txanda hauxe izan zen!)
- 2002: Zientzia.net
- 2001: Irratia.com
- 2000: Eibar.ORG
- 1999: Kaixo.com
Erantzunak kargatzen...