Teknologia albisteak

Elhuyar: “Hizkuntza-estrategia egokiak erabiltzea ezinbestekoa da nazioarteko merkatuetan lehiatzeko eta arrakasta izateko"

Erabiltzailearen aurpegia
2013-11-24 : 01:16
Nazioarteko merkatuetan jarduteko hizkuntza-estrategia egokiak duen garrantziaz oharturik, Elhuyarrek Hizkuna proiektua abiarazi zuen duela urtebete, ingurune eleaniztunetan lanean dabiltzan enpresei hizkuntza-estrategia eraginkorra ezartzen laguntzeko helburuarekin, “ezinbestekoa baita hizkuntza-kudeaketa egokia nazioarteko merkatuetan lehiatzeko eta, beraz, arrakasta izateko”.

Gaiaren gaurkotasunak eraginda, egunotan Bizkaiko Parke Teknologikoan eta Nanteseko Unibertsitatean hitzaldia ematera gonbidatu zuten Elhuyar. Bestalde, Europako EPIC proiektua ere abiarazi da egunotan. Bi urte iraungo du egitasmoak, eta haren helburua da enpresei nazioarteko harremanetan komunikazioak hobetzeko azterketa egitea. Proiektu horretan, Elhuyar elkarlanean arituko da Polonia, Hungaria, Erresuma Batua, Italia eta Lituaniako herrialdeetako erakundeekin

Gero eta enpresa gehiagok dihardute nazioarteko merkatuetan salmenten alorrean, hornitzaileekin edota enpresako langileekin harremanetan. Hortaz, nazioarteko harremanetan arrakasta izan nahi badugu, hizkuntzak egoki kudeatzea nahitaezko bihurtu da. Europako Batzordeak egin duen ikerketa baten arabera, “hizkuntza-kudeaketa egokia inplementatu duten enpresa txiki eta ertainek % 10-25 areagotu dituzte beren salmentak”. Bestalde, eta Langune-Euskal Herriko Hizkuntzen Industrien Elkarteak egindako beste azterketa baten arabera, “Euskal ETEak negozio-aukerak galtzen ari dira eguneroko kudeaketan ez dituztelako barneratzen hizkuntza-konpetentziak”. Hori horrela, eta nazioarteko prozesuetan murgiltzeko beharrari gagozkiola, enpresak gero eta gehiago ari dira jabetzen hizkuntza-kudeaketa egokiak duen garrantziaz, baldin eta lehiakorragoak eta eraginkorragoak izan nahi badute. Elhuyar duela 20 urte hasi zen enpresa eta erakundeetan euskara-planak ezartzen, baina euskal enpresak hartzen ari diren norabidea ikusita eta hizkuntza ugari kudeatu behar dituztela oharturik, euskara-planetatik hizkuntza-planetara jauzi egin du, eta Hizkuna proiektua jarri zuen martxan iaz: enpresa bakoitzaren errealitatea eta haren ingurune eleaniztuna aintzat hartuta, enpresei hizkuntza-aniztasuna egoki kudeatzen lagunduko dien proiektua, negozio-aukerak irekiz eta nazioarteko merkatuetan eraginkorrago bihurtuz.

Bizkaiko Parke Teknologikoan egin den “Eleaniztasuna nazioarteko salmentetan” gosari teknologikoan eta Nanteseko Unibertsitateak antolatu duen “Plurilinguisme(s) et entreprise: enjeux didactiques” jardunaldian gai honen inguruko hitzaldia eman du Elhuyarrek. Bi ekitaldi horietan, merkatu globaletan diharduten enpresek dituzten erronkez gain hizkuntza-kudeaketa egokia lortzeko gakoez jardun du. Adibide moduan, Tecnalia Korporazio Teknologikoan zortzi zentro teknologikok bat egin ondoren alor horretan egindako lana erakutsi du, eta hizkuntzak kudeatzeko enpresentzat diseinatu duen tresna teknologikoa ere aurkeztu du, “I+G tresnak funtsezkoak baitira hizkuntza-kudeaketan kostuak murrizteko eta enpresa barruan koherentzia mantentzeko hizkuntzaren erabileran”.

EPIC proiektua

Bestalde, Elhuyar Aholkularitzak, Europako beste erakunde batzuekin elkarlanean, EPIC (Enhancing and Promotin International business Comunicatoin) proiektua abiarazi du, nazioartean lan egin behar duten enpresei hizkuntzak hobeto kudeatzeko laguntza emateko. Hortaz, proiektuan, hizkuntza-gaitasunei eta komunikazio-arazoei buruzko auditoretza-programak jarriko dira martxan lau herrialdetako (Polonia, Lituania, Sizilia eta Euskal Herria) enpresa txiki eta ertainetan. Auditoretza horien bidez, ETEei nazioartean sor dakizkiekeen hizkuntza-hesiak identifikatu eta horiek ezabatu nahi dira. Proiektuan, auditoreak trebatuko dira, enpresa txiki eta ertain batzuetan auditoretzak egiteko; ondoren, materiala herrialde bakoitzera egokituko da. Elhuyar Aholkularitzak 20 urte baino gehiagoan euskara-planak kudeatzen metatu duen esperientzia baliagarria izango da proiektua garatzeko.

* ARGAZKIAN: EPIC proiektuan diharduten erakundeetako ordezkariak Polonian egin zuten bileran. 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago