Teknologia albisteak

“Herritarrak ahalduntzea eta pertsonen konpromisoa lortzea ezinbestekoa da herria herritarrekin batera eraikitzeko”

Erabiltzailearen aurpegia
2013-11-07 : 15:52
Elhuyar Aholkularitzak antolatuta, HerriArte mintegia egin genuen atzo Markina-Xemeinen, Lea Artibaiko Garapen Agentziaren eta Igorreko, Berrizko, Lekeitioko eta Ondarroako udalen laguntzarekin. Mintegiaren helburua izan da, parte-hartzea eta tokiko garapena ardatz hartuta, udala herritarrengana hurbiltzeko izan diren esperientziak gizarteratzea eta trukatzea, eta parte-hartzean oinarritutako kudeaketa arrakastatsua izateko gakoak identifikatzea. Oihana Garcia Elhuyar Aholkularitzako teknikariak egin du mintegiaren sarrera, eta ezinbestekotzat jo du parte hartzeko prozesuetan “herritarrak ahalduntzea eta pertsonen konpromisoa lortzea”.

Jarraian, Bizkaian egon diren hainbat esperientziaren berri eman da. Beinat Alzola, Igorreko alkateak, Igorre, parte hartzean sakonduz hitzaldiarekin eman dio hasiera esperientzien txandari. Igorren zeuden hainbat ekimen parte hartzaileetatik abiatuz, gai desberdinen inguruko partaidetza-prozesuak jarri dituzte martxan. Prozesu hauen bidez “Udaleko kudeaketan herritarren parte-hartzea bultzatu” nahi dutela esan du eta bide horretatik jarraitzea dute helburu, prozesuak eman duen emaitza ikusita.

Ondoren, Orland Isoird, Berrizko alkateak hartu du hitza, eta herritarrekin hondakinen kudeaketa nola landu duten azaldu du. Konpostajearen bitartez hondakin garbia jasotzea zuten helburu Berrizen, eta “lehenengo gauza herriko indar politiko guztiak ados jartzea” zela adierazi du, gai honen erabilpen politikoa ekidite aldera. Hori horrela, Udalak hartu zuen ekimenaren ardura, Aholku Batzorde bat eratu zuen eta ekimenaren aurkezpen publiko bat egin zen, non parte hartzeko aukera luzatu zitzaien herritarrei. “Emaitzak oso positiboak izan dira, eta zenbait alderdi hobetu beharra badago ere, oso maila oneko konpostajea egitea lortu dugu, herritarren inplikazioarekin.

 Azkenik, Ainara Basurko, Lea Artibai Garapen Agentziako kudeatzaileak, Argia Ituarte Ondarroako alkateak eta Ainhoa Lopez Lekeitioko alkateordeak hartu dute hitza eta Eskualdearen garapen ekonomikoa herritarren parte-hartzean oinarrituz izenburupean aurkeztu dute beraien esperientzia. Herri bakoitzak bere proiektua osatu eta gero, proiektuak bateratzea izan dute helburu, eskualdean egon den gainbehera ekonomikoari modu eraginkorragoan aurre egiteko. Hori horrela, Ondarroako Udalak “OND2020 etorkizuna erabaki” proiektua abiarazi du bi sektore nagusi identifikatuz: Arrantza-industria bata, eta Merkataritza-turismoa bestea. “Herritarren parte hartzearekin egin nahi dugu bidea, horregatik liburu zuri bat eskaintzen dugu denon artean idatziko duguna”, adierazi du Ondarroako alkateak. Lekeitioren kasuan aldiz, “Hiri antolakuntzarako plan orokorra eta garapen ekonomikorako plana bateratu dute proiektu parte hartzailea eraikitzeko. Horretarako, “hiru ikuspegi hartu ditugu kontutan: orokorra, gaikakoa eta auzoetatik eratorritakoak”, adierazi du Lopezek. Bi proiektu hauek bateratuz “eskulde mailako plateamendu bat sortu nahi da”, esan du Ainara Basurkok.

Esperientzien berri izan eta gero, hausnarketa uneari eman zaio hasiera, eta besteak beste, Udaletako kudeaketan herritarren parte-hartzea bultzatzeko gakoak zein diren identifikatu dira: beharrezkoa da parte hartzeko eredua eta sistemak definitzea (parte-hartzea noiz, norekin eta zer gairekin, loteslea den, iritzi-emailea, erabakigarria…), herritarra subjektu aktibo eta politiko gisa ulertzea, herritarrak gerturatzeko eta gertu sentitzeko mekanismoekin asmatzea; herritarrek dituzten eskaerei erantzun behar zaie, konfiantza eman behar zaie eta horrela euren konpromisoa lortuko da prozesuetan integratzeko eta ondorioz, herriaren kudeaketan integratzeko; bestalde, prozesuak martxan jartzeko adostasun politikoa ezinbestekoa da, eta herritarrei konpromisoa erakutsi behar zaie; komunikazioa ere oso beharrezkoa da prozesuak bizirik daudela azaltzeko eta azken finean, arrakasta izan dutela erakusteko.

Partaideak pozik atera dira saiotik eta etorkizunean gaiaren inguruan gogoeta egiten jarraitzeko interesa erakutsi dute. 

Erantzun

Sartu