Teknologia albisteak

Eta Bermeon euskara animalia balitz?

Erabiltzailearen aurpegia
2013-06-24 : 10:22

Bermeon euskara animalia balitz, Txipiroia izan liteke: jateko plater berezia, atzerritarrentzako bitxia, ezohikoa, ilusioz jaten dena. Atuna ere izan liteke: jaietan, ospakizunetan presente dagoena. Itsukia ere bai; arrain berezia, azal gogorrekoa, barrutik bigunago. Bokarta ugariarrantzatzen zenean ere, Bermeoko portuan giro ona egoten zen, garai hartan euskaraz egiten zuten beti saregileek eta arrantzaleek.

Euskara, Bermeon, animalia balitz… Hausnarketa hori eta beste hainbeste egiteko aukera izan dugu Bermeon, Geurien Be bai egitasmoaren baitan, udalerriko guraso-elkarteetako kideekin, Elhuyar Aholkularitzak bideratu duen prozesuaren baitan.

Baina ez da arrainena izan mahai gainean jarri dugun gai bakarra. Gurasoek, eta oro har, bermeotarrek euskararekiko dituzten ikuspegiak, pentsamoldeak, jarrerak, sentimenduak ere plazaratu dira egindako saioetan.

Gurasoek euskararen transmisioan daukaten garrantziagatik eta erantzukizunagatik erabaki dugu saioetara gonbidatzea. Horrela Bermeoko Herri-ikastetxeko, Sagrado Corazoneko, Ikastolako eta Institutuko hainbat guraso (ama) abenturan murgiltzera animatu dira.

Elhuyar Aholkularitzak BostEkoa (Erakarri, Eragin, Eraldatu, Euskara, Erabili) deritzon prozesuaren bidez norbanakoen eta taldeen hizkuntza-ohituretan eta jarreretan eragiteko helburua du, euskara gehiago erabil dezagun.

  • Gurasoen bizipenetatik abiatu gara: nork bere bizitzan euskararekin izandako harremana zelakoa izan den aztertu dugu.
  • Euskararen erabilera zelakoa den aztertu dugu, hainbat esparrutan: seme-alabekin, bikotearekin, irakasleekin, irakurtzean, telefonoa erantzutean…
  • Bermeon euskara non eta zergatik erabiltzen den aztertu dugu: udalerriko gune euskaldunak eta ez hain euskaldunak identifikatu ditugu.
  • Guraso-elkarteetan euskara non eta zenbat erabiltzen den aztertu dugu: batzarretan, batzar-deiak egitean, komunikazioak sortzean…
  • Euskara erabiltzeko gurasoek dituzten arazoak eta beharrak aztertu ditugu: gaztelaniara jotzeko arrazoiak zeintzuk diren, bidean topatzen dituzten trabak, euskara gehiago erabiltzeko beharko lituzketen baliabideak…
  • Euskara gehiago erabiltzeko Bermeon martxan jar daitezkeen ekintzak irudikatu ditugu, baita gurasoek landu ditzaketen ekimenak ere.
  • Euskara gehiago erabiltzeko konpromisoak hartu ditugu eta horien betetze-mailari jarraipena egin diogu.
  • Ekintza zehatz bat garatu dugu: euskararen kontrako argudioak, pentsamenduak, ideiak neutralizatzeko argumentarioa; euskararen erabilera oztopatzen duten argudio horiei aurre egiteko argumentarioa, hain zuzen ere.

Prozesua ez da Bermeon egindako lan isolatua, lan handia egiten baitu Udalak, Geurien be bai egitasmoaren bidez, euskararen presentzian eta erabileran eragiteko (elkarteetako kideekin, kirolariekin, merkatariekin, turismo-eragileekin, adineko pertsonekin…).

Gurasoekin egindako lanketak izandako arrakasta ikusita, BostEkoa eremu berrietara zabalduko dugu. Hurrengo erronka Bermeoko gazteak izango dira.

 

Eta zure herrian euskara animalia balitz?

 

Ainara Ibañez eta Mayi Etxebarria, Elhuyar Aholkularitzako teknikariak

 

 

Erantzun

Sartu