Teknologia albisteak

Iurretako Udalak “Euskara betibizi” egitasmoa jarri du martxan

Erabiltzailearen aurpegia
2014-06-12 : 00:52

Iurretako Udalak udalerriko merkataritzan eta ostalaritzan euskarak duen erabileraren inguruko diagnostikoa landu berri du Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin. Diagnostikoak erakutsi duenez, herriko merkatarien eta ostalarien % 60 euskaraz jarduteko gai badira ere elkarrizketen % 44 soilik izaten dira euskaraz edo ele bietan. Idatzizko elementuei dagokienez (errotuluak, kartelak, oharrak, fakturak...), euskararen erabilera txikiagoa da, % 29. Emaitza horiek ikusirik, Iurretako Udalak “Euskara betibizi” egitasmoa jarriko du martxan, herrian euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.  

“Euskara betibizi” Iurretako establezimenduentzako kalitate-ziurtagiria izango da, euskararen erabilerari lotutakoa. Egitasmoaren leloak eta irudiak Iurretako ikur den betibizi loreari (Sempervivum) egiten dio erreferentzia.

Ziurtagiria lortzeko, euskararen aldeko konpromiso txiki edo handi bat hartu beharko dute herriko merkatariek eta ostalariek: lehendabiziko berba euskaraz egitea, kartelak ele bietan idaztea, menuak euskaratzea…

Bi mailatako ziurtagiriak banatuko ditu Udalak: lehenengo mailako ziurtagiria zerbitzua euskaraz eskain dezaketen establezimenduek lortuko dute; bigarren mailako ziurtagiria, berriz, euskararen aldeko konpromisoren bat hartzeko prest dauden establezimenduei emango zaie. Udalak kalitate-ziurtagiriaren pegatinak banatuko dizkie ezarritako irizpideak betetzen dituzten establezimenduei, erakusleihoetan ipin ditzaten. 

Bestalde, Udalak laguntza eskainiko die egitasmoarekin bat egiten duten establezimenduei, euskararen alde pausoak emateko bidean. Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz, doako aholkularitza- eta itzulpengintza-zerbitzua izango dituzte, besteak beste, euren esku.

Erantzun

Sartu