Teknologia albisteak

Nafarroa, nahiaren eta ezinaren borroka-tokia

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-08 : 13:55

"Nafarroaren konkista, 1512-1530". Hori izan zen Joseba Asiron (Iruñea, 1962) historialari nafarrak Elgoibarren eman zuen hitzaldiaren izenburua. Hitzaldi luzea eta mamitsua, baina bost minututan irakurtzeko kronikatxo bat idaztera ausartu gara, “ezkutatu zaigun historia” bistaratzeko. 

Izenburuan Nafarroako konkista jartzen badu ere, Josebak argi laga zigun Nafarroa Garaiaren konkistaren gainean jardungo genuela. Izan ere, Nafarroa Beherearen historia bestelakoa da.

Josebaren esanetan, XIV-XV. mendeetan hasi zen Nafarroako Estatuaren desagerpena. XV. mendea oso mende latza izan zen Europarentzat, eta baita Nafarroarentzat ere, eta horrek asko baldintzatu zuen Nafarroaren etorkizuna. Nafarroaren garai hartako ahultasuna erakusteko, besteak beste, bi kontu azpimarratu zizkigun: 

  • Europan zabalduta zegoen gosea eta izurrite beltza: Europako gizartearen herena eta Nafarroako populazioaren erdia hil zen.
  • Nafarroako leinuen arteko borroka: beaumontarren eta agaramondarren arteko borrokak bitan banatu zuen Nafarroa. Hasieran leinuen arteko gerra pribatua zena, gerora gerra zibila bihurtu zen.

 Espainiak inbaditu zuen Nafarroa, eta ez Gaztelak

Ordura arte Hispania deitzen zitzaion Iberiar penintsulari, eta Nafarroa ere Hispaniaren baitan  zegoen (Portugal zegoen moduan). Izan ere, Hispania kontzeptu geografikoa zen. Baina Gaztelak eta Aragoik bat egin zutenean, estatu bakarra osatu zuten eta horri Espainia deitzen hasi ziren. Lehen kontzeptu geografikoa zenak esanahi politikoa hartuko du poliki-poliki.  Ondorioz, “nik beti esaten dut Espainia izan zela Nafarroa konkistatu zuena, eta ez Gaztela”.

Fernando Katolikoa izan zen sortu zen estatu berriko erregea, eta haren lehen helburua Nafarroa konkistatzea izan zen. Josebaren esanetan, "Fernandorentzat obsesio bat izan zen Nafarroa konkistatzea”. Ia 200 urteko gatazken ondoren, 1494an Nafarroako Gerra Zibila amaitu zen, eta Joan III.a da nafarren erregea. Nafarroan urak bere onera etorri zirenean, baina, Fernando Katolikoak beste jauzi bat emateko unea iritsi zela erabaki zuen. Nafarroa konkistatzeko ordua iritsi zela. Hala, 1512ko uztailean, Nafarroa konkistatu zuen, 12.000 soldaduko armadarekin. Nafarrei leporatu izan zaie erresistentzia txikia jarri zutela, baina hori ez da egia. Ezin zioten horrelako armada bati aurre egin. Izan ere, Nafarroak ez zuen sekula izan helburu espantsionistarik, eta haren armada oso txiki zen.

Nafarroako Erresuma berreskuratzeko ahaleginak

Nafarroa Beherea etorri zen Erresuma berreskuratzeko lehen ahalegina. Iparraldetik sartu zen Nafarroako armada, eta herritarrak alde zituztela aprobetxatuta, Iruñea inguratzea ere lortu zuten. Baina Albako dukearen tropak nagusitu egin ziren, eta etorri ziren bidetik erretiratu ziren nafarrak. 

1516an izan zen Nafarroaren askatasuna berreskuratzeko bigarren ahalegina, Fernando Katolikoa hil zela aprobetxatuta. Pedro Nafarroako mariskala buru zutela, berriz ere iparraldetik sartu ziren 2.000 soldadu inguru. Kasu honetan ere Nafarroako herria alde izan zuten. Baina martxoa zen, eta elurte latzarekin egin zuten topo. Blokeatuta geratu ziren. Nafarroako armada errenditu egin zen, eta Josebaren esanetan, “hor galdu ziren Nafarroaren independentziarako aukerak”. Pedro mariskala atxilotu egin zuten eta sei urtez egon zen preso. Karlos I.a zen Espainiako erregea, eta hark bere zerbitzaria izateko eskaintza egin zion Pedro mariskalari. Erantzuna berehalakoa eta argia izan zen: “No, porque yo no soy español”.  Josebaren esanetan, orduko nafarrak ez ziren espainiarrak.  Gaurko begiekin begiratuta arraroa dirudi, baina garai hartan egoera bestelakoa zen. Pedro mariskala hilda azaldu zen bere ziegan, 1522an. Bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zuela badio ere, Josebak argi laga zigun Pedro hil egin zutela.

Porrotaren ondorioak

Nafarroa berreskuratzeko bigarren ahaleginak ere porrot egin zuen, eta horrek ondorio zuzenak izan zituen. Cisneros kardinalaren aginduz, Nafarroako gaztelu garrantzitsu guztiak suntsitu zituzten. Eta baita hirietako harresiak ere. Zergatik egin zuten hori? Zertarako suntsitu gazteluak eta harresiak? Pentsa daiteke defentsarako elementu moduan ikusten zirelako izan zela, baina Josebak esan zigun moduan, beste arrazoi batzuk daude erabaki horren atzean. Izan ere, gazteluak eta harresiak espainiarren mende bazeuden, zergatik bota behar dituzte haien eskuetan zeuden gaztelu eta harresiak? Esandako moduan, arrazoia beste bat izan zen. Josebak azaldu zigunez, gazteluak eta harresiak suntsitzea zigor morala izan zen. Gazteluak, batez ere, nafarren identitatearen sinboloak ziren, eta orduko nafarrek ezin zuten gaztelurik gabeko herririk irudikatu. Gazteluek eta harresiek legalitatea sinbolizatzen zuten, agintea. Hori dena bazekiten espainiarrek, eta horregatik agindu zuen Cisnerosek gazteluak suntsitzea. Bazekitelako gazteluak suntsituta Nafarroa eta nafarrak suntsituko zituztela.

Azken ahalegina

1521ean egin zen Nafarroa berreskuratzeko azken ahalegina. Komuneroen altxamendua izan  zen Espainian, eta hori aprobetxatu zuten azken ahalegina egiteko. Henrike II.a zen nafarren erregea (Nafarroako azken erregea izango zena), eta 12.000 soldaduz osatutako armada dotorea lortu zuen. Nafarrek, bearnotarrek eta frantsesek osatzen zuten armadaren burua Asparrots jenerala izan zen. Josebak esan zigunez, oraingoan ere Nafarroako herria bere erregearen alde altxatu zen, eta 20 egunean berreskuratu zuten Nafarroa osoa. Baina Espainiak bi armada berezi prestatu zituen Nafarroa berriz ere konkistatzeko eta nafar tropek atzera egin behar izan zuten. Atzerako martxan horretan, 6.000 nafar hil ziren Noaingo Gudu entzutetsua nabarmendu zigun.

Noaingo Gudua galdu ondoren, soldadu batzuek Hondarribira ihes egin zuten, eta 200 inguru izan ziren babesa Amaiurreko gazteluan topatu zutenak. 1522an, baina, tropa espainiarrek gaztelua inguratu zuten, 16 kanoi eta milaka soldadurekin, eta lauzpabost eguneko erasoaren ondoren, barruan zeudenak errenditu egin ziren. Askorentzat, Amaiurkoa da nafarren erresistentziaren azken pasartea. Amaiur galdu ondoren, independentziaren argia itzaltzen joan zen poliki-poliki.

Nafarroa Beherea konkistatzen ere saiatu ziren espainiarrak, baina ez zuten lortu, eta beste mende oso bat izan zen independente. Nafarroa Beherean, gainera, bi erregina izan zituzten (Margarita eta Joana) eta oso garai emankorra izan zen; lehen euskal liburua ere orduan idatzi zen (Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, 1545). Nafarroa Garaian, berriz, Inkisizioa eta zapalkuntza ziren nagusi. Josebak esan zuen moduan, “bestelakoa izango zen  gaur egungo Nafarroa zoritxarreko konkista izan ez balitz, baina ...”.   

Hor amaitu zen Iruñeko historialariaren jarduna. Nahikoa zuela esan eta entzuleei eman zien berbetarako aukera. Eta bai, jendeak aprobetxatu zuen galderak egin eta iritziak botatzeko. Besteak beste, Vatikanoak historia honetan guztian izan duen paper maltzurraren berri izan genuen. Eta Loiolako Iñigok nafarren kontra jardun zuela ere entzun zen.

Ezkutuan egon dena bistaratzen

Hau da ezkutatu zaigun historia” irakurri genuen Josebak aurkezpena egiteko prestatutako powerpointean. Baina Josebari eta beste batzuei esker, ezkutuan egon dena bistaratzen goaz.

Asteazkenean (urriaren 10ean), Kike Diaz de Ultzurrun (Iruñea, 1962) izango dugu gure artean, eta `Euskara Nafarroan` hitzaldiarekin etorriko zaigu. Gonbidatuta zaudete Nafarroa hobeto ezagutu nahi duzuen guztiok.   

Erantzun

Sartu