«INGELESA-EUSKARA itzulpen mintegia» EIZIEk antolatuta: hiru testu mota eta hiru irakasle.
«Ingelesa-euskara mintegia» ikastaroa antolatu du EIZIEk, ekainaren 18tik 20ra, Donostian. Hiru saio. Hiru testu mota. Hiru irakasle.
- Ekainaren 18ko saioa: Kazetaritzako/nazioarteko testuak. Irakaslea: Itziar Otegi.
- Ekainaren 19ko saioa: Testu zientifikoak. Irakaslea: Ane Goenaga.
- Ekainaren 20ko saioa: Literatura-testuak. Irakaslea: Iñigo Errasti.
Izena emateko epea: 2018ko maiatzaren 23tik ekainaren 4ra, biak barne. Informazio gehiago eta izen ematea.
1. SAIOA
Kazetaritza/nazioarteko testuak
Irakaslea: Itziar Otegi
Ez da, berez, kazetaritza alorreko testu bat, baina aspaldi honetan bolo-bolo dabil Ostiral Santuko Hitzarmena hedabideetan, gaurkotasunarekin loturiko hainbat arrazoirengatik. Testu interesgarria da itzultzeko, bai edukiagatik, bai darabilen idazmoldeagatik ere. Izan ere, kazetaritza edo nazioarteko alorretan maiz agertzen diren termino eta esapide ugari biltzen baititu, bai eta ikasbide izan daitezkeen itzulpen-zailtasun batzuk ere. Hau da, beraz, atal honetarako proposamena: auzolanean jardunez, testu horren termino eta esapide nagusiak bilduko dituen glosario bat sortu, eta pasarte hautatu batzuk itzuli.
2. SAIOA
Zientziako testuak
Irakaslea: Ane Goenaga
Ingeleseko testu zientifikoak euskarara ekartzeak sortzen dituen zalantzetako batzuk landuko ditugu saioan. Testu zientifikoetatik pasarte motz batzuk aukeratu, eta mintegikideei banatuko zaizkie aurrez, saiora etorri aurretik landu ditzaten. Mintegi-eguna iritsitakoan, mintegikideek mahai gainean jarriko dituzte sortu zaizkien zalantzak, eta, saio-gidariaren eskutik, sistematizatuta aztertu, eta irtenbide batzuk proposatuko dira. Saio praktikoa izango da, beraz. Mintegian, zientziaz euskaraz idazteko dauzkagun irizpideak ere aipatuko ditugu, bai eta terminologia argitzeko ditugun baliabideetako batzuk ere.
3. SAIOA
Literaturako testuak
Irakaslea: Iñigo Errasti
Literatura-itzultzaile izan gura zuenaren erakusbidea
Literaturarik sekula itzuli ez duenari errespetu handia eman ohi dio halako testuei aurre egiteak. Badirudi beste arlo batzuetako itzulpen-lanei baino begirune handiagoa-edo diegula literaturakoei, baina, izatez, ez dute zertan izan beste edozein esparrutakoak baino gaitzagoak.
Saio honetan, literaturari errespeturik galdu gabe, ingelesetik euskararako itzulpenetan zailtasun eta katramila ohikoenetariko batzuk zein diren ikusiko dugu, zeri kontu egin behar zaion, arreta non jarri behar den.
Teoria gutxi-gutxiko saio erdi biografiko erdi praktikoa egingo dugu. Irakasleak, bide-erakusle, berak dakien apurtxoa non nori ikasi dion azalduko du.
Erantzunak kargatzen...